Hedabideentzako deialdia • 2016ko maiatzaren 30a
“Euskara Argentinan. Nortasuna eta sentimendua” hitzaldia, Argentinako euskal diasporaren gaineko aditu eta ikertzaile Magdalena Mignabururen eskutik
Ekainaren 2an, osteguna, arratsaldeko 7:30etan, Fundazioaren egoitzan.
Sabino Arana Fundazioak antolatutako “Euskara eta erbestea” izeneko hitzaldi-zikloen barruan, ekainaren 2an, osteguna, arratsaldeko 7:30etan, Fundazioaren egoitzan, Magdalena Mignaburu andreak, Argentinako euskal diasporaren gaineko aditu eta ikertzaileak, euskarak Argentinan egin duen ibilbidearen urratsak aletuko ditu: lehen euskaldunak herrialde horretara heldu zirenetik gaur egungo Argentinan Euskaraz programara.
Magdalena Mignaburu Hezkuntza Kudeaketako lizentziaduna da, aditua da proiektuak lantzen, gauzatzen eta ebaluatzen, Politika, Zuzenbide eta Gizarte Zientzietako irakaslea da, eta Euskal Kulturaren inguruko unibertsitate-aditua zein ikertzailea.
Mignaburuk euskal gaiei buruzko lan eta ikerlan ugari garatu eta argitaratu ditu, besteak beste, Historia de la Federación de Entidades Vasco-Argentinas (FEVA), Patria Vasca en Argentina, El Euskera en Argentina. Identidad y Sentimiento, eta Somos Vascos-Argentinos (Josu Legarretarekin batera). Azken argitalpen horretan, Hego Amerikako herrialde horretan egindako biltzarretan ekoitzi diren agiriak jasotzen dira, Argentinako euskal diasporari lotutako oroimen historikoa berreskuratzeko helburuz.
Hainbat urtetan, euskal tradiziozko janzkeraren berezitasunak ikasi zituen, eta ikertutakoan oinarrituta, munduan egin den euskal tradiziozko jantzien gaineko lehen erakusketa ibiltaria antolatu zuen: “Gure Arropa” / Nuestra Ropa”. Gaur egun, XVIII eta XIX. mendeetako jantzien hogeita hamar erreplikak osatzen dute erakusketa. Erakusketa ikusgai egon da Argentinako Errepublikako eta Uruguaiko Ekialdeko Errepublikako hainbat hiritan eta oihartzun handia izan du.