Hedabideentzako deialdia • 2016ko maiatzaren 16a
“Euskara erbestean” hitzaldia, Xabier Irujoren eskutik
Nevadako (Reno) Unibertsitateko Euskal Ikasketen Zentroko zuzendarikideak, Euskara erbestean (1936-1975) izeneko hitzaldia emango du ostegun honetan, maiatzaren 19an, arratsaldeko 7:30etan, Sabino Arana Fundazioaren egoitzan.
"…el vascuence se extingue sin que haya fuerza humana que pueda impedir su extinción; muere por ley de vida. No nos apesadumbremos que muera su cuerpo, pues es para que mejor sobreviva su alma… aunque convencidos los más de mis paisanos de que el vascuence se pierde, creen que esta pérdida se debe a causas extrínsecas, a la presión oficial, al abandono de los que la hablan, al desarrollo del comercio; y yo estoy convencido de que la principal causa es de origen intrínseco, y se basa en la ineptitud del eusquera para convertirse en lengua de cultura". Orain ehun urte luze idatzi zuen Miguel Unamunok “La cuestión del vascuence”, eta, onartu behar, oraindik ere badira lehen eta bigarren mailako kulturak eta hizkuntzak daudela pentsatzen jarraitzen dutenak.
Bigarren Karlistadako guda zelaietan euskal herrietako berezko instituzio politikoen hondamendiaren ostean, euskal kulturako eta euskal izaeraren egoera latzaren aurrean Eusko Pizkundeari ekingo zioten 1876ko gizaldiko euskaltzaleek. Irujoren aburuz, “Euskararen egoera izango zen zenbait egile eta pentsalariren kezka nagusia. Indarraren indarrez lortu zuten gizaldi hartako lagunek euskarari bultza ematea: 1850 eta 1875 bitarte, urtean 12 liburu argitaratzen baziren euskaraz, 31 ditugu 1916 eta 1936 bitarte. Baina 1936ko Gerrak heriotza, espetxea, erbestea edota zigorra erakarri zuen euskaraz hitz egiten edo idazten zutenen gain. Ondorioz, Eusko Pizkundeko asmoetan hazitako baino 1936ko Gudako euskaltzale erbesteratuz osatutako gizaldi berri batek ekin behar izan zion Ameriketatik euskararen berpizkunde lanei bi helburu nagusiekin: euskararen normalizazio proiektuari ekitea eta euskararen duintasuna aldarrikatzea. Eta lan hauetan, itzulpena dugu giltza”
Beste askoren artean, Zaitegi, Ibinagabeitia, Orixe edota Ametzaga ditugu erbesteko gizaldi horrek emandako euskaltzaleen eta euskal idazleen artean. Parisko, Casablancako, Buenos Airesko, Montevideoko, Mexikoko eta Caracasko erbesteak ezagutu zituzten egile hauen itzulpenaren eta, oro har, euskararen inguruko gogoetaren garrantziaz eta esanahiaz arituko gara.
Xabier Irujo
Xabier Irujo genozidioari buruzko ikerketen irakaslea da, Nevadako (Reno) Unibertsitateko Euskal Ikasketen Zentroan eta, aldi berean, zentro horretako zuzendarikidea da. Irujo Liverpooleko Unibertsitateko Manuel Irujo Chair Fellowship-eko lehen Guest Research Scholar izan da. Horrez gain, genozidioari eta kultura-genozidioari buruzko ikastaroak ematen ditu sarritan Boiseko Estatu Unibertsitatean eta Kaliforniako Unibertsitateko Santa Barbarako kanpusean. Era berean, hitzaldiak diktatu eta argitalpen ugari kaleratu ditu gaiaren gainean Amerikako eta Europako hainbat unibertsitatetan.
Filologia, Historia eta Filosofiako lizentziaduna da, Historiako eta Filosofiako doktoretza bana dauka. Doktoretza-tesi ugari zuzendu ditu eta bost akademia- zein unibertsitate-argitaletxetako batzorde betearazleetako kidea da. Bestalde, hamar liburu baino gehiago eta artikulu batzuk-batzuk idatzi ditu aldizkari espezializatuetan, eta zenbait sari jaso estatuan nahiz nazioartean. Irujoren azken liburuen artean, hauexek nabarmenduko ditugu: Gernika 1937: The Market Day Massacre (Nevada University Press, 2015) eta Historia jurídica de la lengua vasca (HAEE, Bilbo, 2015).