Hedabideentzako deialdia • 2018ko uztailaren 3a
"Euskararen erabileraren gakoak" mintegia
Sabino Arana Fundazioak eta Euskaltzaindiak antolatuta. Sabino Arana Fundazioaren egoitzan, 2018ko uztailaren 12an, ostegunarekin.
Gure hizkuntzak, euskarak, aurrerakada handia egin du azken hamarkadetan. Horrela, hiztunak galtzetik hiztunak irabaztera igaro da, bereziki, Euskal Autonomia erkidegoan. Nafarroan, atzera egiteko joera eten eta goranzko joera erakusten eta Ipar Euskal Herrian etengabeko gainbehera apaltzen ari da, berreskurapen joerak antzematen direlarik. Gure herrian ezagutu gabeko egoera berri honek, bi ezaugarri ditu. Alde batetik, euskararen batasuna, euskara erabilera-eremu berrietara eramatea ahalbidetu eta corpusa gaurkotzea ekarri dituena. Beste aldetik, gizartearen etengabeko lan kementsuaren osagarri gisa, herri-erakundeetatik sustaturiko politika publikoak.
Egoera honek gure hiztun elkartea gaztetzea ekarri du, belaunez belauneko transmisioan eraginez eta galtze-joerari aurre eginez. Era berean, euskararen ezagutza izugarri hazi da oso denbora laburrean. Gainera, fenomeno hori hiri eta herri handietan antzematen da modurik indartsuenean... baina, ezagutzak aurrera egin badu ere, euskararen erabilerak ez du horrenbeste egin. Arrazoiak ugariak dira: euskararen dentsitate demolinguistikoa, hiztun berrien hizkuntza gaitasuna, euskara baliatzeko dituzten egiazko aukerak, ohiturak eta abar.
Gauzak horrela, Sabino Arana Fundazioak eta Euskaltzaindiak lankidetzan euskararen erabileran eragiten duten gakoez gogoeta egiteko mintegia antolatu dute uztailaren 12an, Sabino Arana Fundazioaren egoitzan. Mintegiaren egitaraua doakizu atxikita.
Etorriko zarela baieztatzeko, zeinahi zalantza argitu edo iradokizunak egiteko, harremanetan jar zaitezke gurekin 94.405.64.50 telefonoaren edo idazkaritza@sabinoarana.eus helbide elektronikoaren bidez.
Oharra: Aldibereko itzulpen zirbitzua egongo da.