Hedabideentzako deialdia • 2015ko azaroaren 5a
“Gaming” deritzon joera berbagai “Balia itzazu zeu baliogabetu barik” jardunaldien VI. edizioan
DBHn, Batxilergoan eta Lanbide Heziketan ikasten duten 500 gazte inguruk parte hartuko dute jardunaldietan, Euskalduna jauregian, azaroaren 10ean, asteartean (euskaraz) eta azaroaren 11n, asteazkenean (gaztelaniaz). Jardunaldietako saioak zuzenean ikusi ahal izango dira, streaming bidez, Sabino Arana Fundazioaren webgunean
DBHn, Batxilergoan eta Lanbide Heziketan ikasten duten 500 gazte inguruk parte hartuko dute aurten “Balia itzazu zeu baliogabetu barik. Internet + Sare Sozialak” izeneko jardunaldien 6. edizioan. Sabino Arana Fundazioak eta Euskaltelek antolatu dituzte jardunaldiok elkarlanean eta, edizio honetan, batetik, “gaming” edo “gamifikazioa” deritzon joerak gaur egun daukan garrantzia jorratuko dute eta, bestetik, gamifikazioak neska-mutilei etorkizunean ekar diezazkiekeen lan-aukerak aztertuko dituzte. Jardunaldiak datorren asteartean eta asteazkenean izango dira, hots, azaroaren 10ean eta 11n, hurrenez hurren.
“Gaming” edo “gamifizioa” puri-puriko gaia dugu gaur egun. Gamifikazioa izeneko lan-arloa jolas-teknika eta -moldeak baliatzean datza jolasari lotzen ez zaizkion esparruetan eta, apurka-apurka, arrakasta handiz hedatzen ari da hainbat sektoretan, besteak beste, hezkuntzan, giza baliabideetan, turismoan, medikuntzan eta, batik bat, marketinean. Jardunaldi horietan parte hartzen duten adituek joera berrien berri emango diete ikasleei eta gamifikazioa enpresaren esparruan gero eta gehiago erabiltzearen zergatia azalduko diete.
Era berean, EU Kids Online izeneko Europako ikerketa-egitasmoaren arduradunek azken emaitzak aurkeztuko dizkigute gai honen inguruan: zelan moldatzen diren adingabekoak Interneten eta zer-nolako arriskuak har ditzaketen saretik barrena nabigatzean.
Hala, hilaren 10ean (euskarazko jardunaldia), goizeko 10etatik 12etara, Begoñazpi ikastola (Bilbao), San Félix Ikastetxea (Ortuella), Zallako institutua (Zalla), Deustuko ikastola (Bilbao) eta Mesedetako Ama ikastetxea (Leioa) ikastegietako 300 ikasle inguruk bizipenak eta ezaupideak partekatuko dituzte honako hauekin: Leire Armentia, Virtualware Group enpresa-taldeko Training eta Hezkuntza arloko zuzendaria eta Proiektu zuzendaria; Estefanía Jiménez, Ikus-entzunezko Komunikazioko doktorea, UPV-EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko irakaslea eta EU Kids Online Spain taldeko kidea; eta Pilar Kaltzada, kazetaria eta identitate digitalean aditua. Azkena moderatzailea izango da.
Hurrengo egunean, hilaren 11n (gaztelaniazko jardunaldia), ordu berean, Barakaldoko Salestarrak, San Pelaio ikastetxea (Ermua) eta Artagango Andre Maria ikastetxea (Bilbao) ikastegietako ikasleek ondokoen azalpenak eta gomendioak entzuteko aukera izango dute: Leire Armentia eta Miguel Ángel Casado, UPV-EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko irakasleak eta EU Kids Online Spain taldeko kideak; haiekin batera, Iker Merodio, kazetaria eta identitate digitalean aditua, arituko da moderatzaile gisa.
Jardunaldietako saioak zuzenean ikusi ahal izango dira, streaming bidez, Sabino Arana Fundazioaren webgunean: www.sabinoarana.org.