Hedabideentzako deialdia 2024ko maiatzaren 13a

Iñaki Zabaletak bere azken liburua aurkeztuko du SAFen: «Nazioa eta hizkuntza Humboldten pentsamenduan»

•    UPV/EHUko Filosofia saileko irakasleak aztertu egingo du nazioak eta hizkuntzak Prusiako humanista ezagunaren pentsamenduan zuten lekua.

•    Hizkuntza: gazteleraz

Nazioa eta hizkuntza Humboldten pentsamenduan
  • 2024ko maiatzaren 13a, astelehena
  • 19:00h -(e)tik 20:30h -(e)tara
  • Sabino Arana Fundazioa

Iñaki Zabaleta UPV/EHUko Filosofia saileko irakasleak «Nazioa eta hizkuntza Humboldten pentsamenduan» izenburua daroan bere azken liburua aurkeztuko du datorren astelehenean, maiatzak 13 dituela, 19:00etan hasita, Sabino Arana Fundazioan.

Wilhelm von Humboldt intelektual eleaniztun handia izan zen eta, 1810ean, gaur egun haren izena daraman unibertsitatea sortu zuen Berlinen. Pentsalaria, estatu-politikaria, hezkuntza-erreformatzailea, hizkuntzalaria, historialaria, humanista eta euskalaria zela, Humboldt birritan etorri zen bisitan Euskadira, 1799an eta 1801ean. Bidaia horiei esker, euskara gertu-gertutik ezagutu zuen eta hainbat lanetan zabaldu zituen euskal hizkuntzari buruzko ikerketak. Euskal Herria nazio gisa aztertu zuen, etnografiari eta historiari buruzko oharrak bildu zituen, eta euskaldunen hizkuntza ikertu zuen. Humboldten ustez, hizkuntzak herri baten nortasuna zedarritzen zuen eta, Euskadiri dagokionez, Espainiako eta Frantziako muga politikoen gainetik zegoen loturatzat hartu zuen euskara.

Hain zuzen ere, EHUko Joxe Azurmendi Katedrak eta Jakin Fundazioak zuzendutako Ur-jauzia bildumako argitalpen berri honetan, nazioak eta hizkuntzak humanista ezagunaren pentsamenduan duten lekua aztertu du Iñaki Zabaletak.
«Nazioari buruzko auzia beti ageri da Euskal Herrian —dio liburuaren egileak—, zuzenean edo zeharka. Ikuspegi horretatik, oso lagungarria izan dakiguke Wilhelm von Humboldt (1767-1835) lako pentsalari bati erreparatzea. Ikertzaile horrek, bere garaian eta inguruabarretan, beharrezkotzat jotzen zuen herrien identitate kolektiboei edo «ezaugarri nazionalei» buruz galdetzea, humanista gisa oso ondo zekielako gizakia edo gizabanakoa ezin dela gizatalde batetik kanpo ulertu. Politika-gaietan, Humboldtek, aldi berean, Prusiako herritar gisa eta Alemaniako herritar gisa jardun zuen —inoiz ahaztu gabe politika, berez, bitarteko bat dela, inoiz ez helburua—, orokorrean eta beti, Estatua zer den eta nazioa zer den argi eta garbi bereiziz, teorian zein praktikan. Nazioari dagokionez, nazioa kontzeptuzko era batean ulertzeko, hizkuntzari erreparatu behar zaiola azpimarratu zuen (batez ere, ‘betikoaren’ ideiari jarraituz). Eta horri dagokionez, hizkuntzaren nazio-izaeraz eta nazioaren hizkuntza-burujabetzaz hitz egin zuen. Gainera, Humboldtek oso gogoan izan zuen euskal esperientzia, eta horrek, argi eta garbi, areagotu egiten du bere pentsamendu orokorra ezagutzeko interesa».


Iñaki Zabaleta Gorrotxategi (Donostia, 1966)
Filosofiako lizentzia atera zuen Deustuko Unibertsitatean, eta Batxilergoko irakasle aritu ondoren, Koloniako Unibertsitatean eskuratu zuen doktoreta. Gaur egun, UPV/EHUko Filosofia saileko irakaslea da eta Joxe Azurmendi Katedraren koordinatzailea ere bada. Ikerketari dagokionez, Wilhelm von Humboldten lana du ikergai nagusi, eta dagoeneko bi liburu argitaratu ditu gai horri buruz: «Wilhelm von Humboldt: hezkuntza eta hizkuntza» (Jakin, 2005) eta «Wilhelm von Humboldt eta Euskal Herria» (UPV/EHU, 2017).