Hedabideentzako deialdia • 2023ko apirilaren 18a
EAB 100 urte. Emakumeak Aberria eginez erakusketa Eibarrera dator
Egun horretan bertan, inaugurazioaren ostean, erakusketaren komisarioek “EABko Eibarreko emakumeak, Gipuzkoan lehenengotarikoak” hitzaldia eskainiko dute.
- 2023ko apirilaren 18a, asteartea
- 19:00 -(e)tatik
- Unzaga Plaza hotelean
Emakume Abertzale Batza elkartearen mendeurrenaren omenez antolatutako «EAB 100 urte. Emakumeak Aberria eginez» izeneko erakusketa ikusgai egongo da Eibarko Unzaga Plaza hotelean, apirilren 18tik maiatzaren 1era.
Sabino Arana Fundazioaren Abertzaletasunaren Museoak antolatu du erakusketa eta Eibarko EAJ-PNV alderdiaren ekimenez eramango da Gipuzkoako herri horretara. Inaugurazioa apirilaren 18an izango da, asteartearekin, arratsaldeko 19:00etan, Unzaga Plaza hotelean. Ekitaldian, ondokoek parte hartuko dute: Mireia Zarate, Sabino Arana Fundazioaren presidentea; Isabel Elorza, Eibarko EAJ-PNV alderdiaren presidentea; eta erakusketaren komisarioak, Karmele Perez Urraza, Begoña Bilbao Bilbao eta0 Gurutze Ezkurdia Arteaga, UPV/EHUko Garaian ikerketa-taldeko kideak.
Emakume Abertzale Batza (EAB) 1922an sortu zen, Euzko Gaztedi-ren babesean eratutako emakumeen talde gisa. Hasieratik bertatik, EABk erakutsi zuen emakumeen erantzukizunen artean bazirela aberriaren aldeko zabalkundea egitea, eta hezkuntza-, elkartasun-zerbitzuak zein gizarte-laguntza eskaintzea. Hala, mugimendu feminista horrek euskal emakume abertzaleak ahaldundu zituen, eta eragin handia izan zuen emakumeen ondoko belaunaldietan eta abertzaletasunean.
Hogeita lau panelek osatzen dute erakusketa, gaikako sei multzo handitan banatuta. Multzo horietan, elkartearen ibilbide osoko lana eta pentsamoldea jasotzen dira: 1) EABren hasierak 2) EABren loraldia; 3) «Jaungoikoa eta Lagi Zarra» (JEL) doktrina; 4) EAB eta hezkuntza; 5) EAB eta gizarte-laguntza eta 6) EAB gerran eta erbestean.
- EABren sorrera
Emakume Abertzale Batza sortzeko lehen urratsak 1922ko apirilean egin ziren, Cumann na mBan irlandar emakume abertzaleen elkartea eredutzat hartuz. Hilabete geroago, maiatzaren 7an, hain zuzen ere, ehun emakume inguru bildu ziren eta elkartea eratu zuten. Zuzendaritzako kideak izendatzeaz gain, EABren helburu nagusiak finkatu ziren: abertzaletasuna zabaltzen laguntzea ongintzaren eta propagandaren bidez, eta euskara nahiz euskal kultura sustatzea eta haien ezagutzan sakontzea. Atal honetan, elkartearen lehenengo zuzendaritzako kideen biografiak ageri dira.
- EABren loraldia
EABren aldirik emankorrena 1931 eta 1936 urteen artekoa izan zen; bada, bosturteko hartan, elkartearen loralditzat har dezakeguna gertatu zen, eta horri lotuta, gainerako euskal lurraldeetara hedatu zen. Hala, EABko taldeak sortu ziren Euskal Herriko herri gehienetan, eta 1936an, 28.000 emakume baino gehiago kidetuta zeuzkan EABk. Boto-eskubidea eskuratu zenerako, EABko emakume askok mitinlari jarduten zuten ekitaldi politikoetan.
- Jaungoikoa eta Lege Zaharra (JEL) doktrina
EABren pentsamoldea Sabino Aranaren Jaun-Goikua Eta Lagi-zaŕa leloan funtsatu zen. Euskal gizarte tradizionalean oinarri sendoa zuela eta etxekoandrearen irudiari hertsiki lotuta zegoela, EABko kideak etxeko ohiko eremutik atera ziren eta elkartasunaren, irakaskuntzaren eta kultura-transmisioaren esparruetan jardun zuten. Eta denbora igaro ahala, gizartean eta politikan ere aritu ziren, betiere JEL doktrinari jarraiki.
- EAB eta hezkuntza
Hasiera-hasieratik, EABk jakitera eman zuen elkartearen zeregin nagusietako bat abertzaletasunaren zabalkundea egitea zela, hezkuntzan, elkartasunean eta gizarte-laguntzan aritzeaz batera. Euzko Ikastola Batza ere antolatu zen hautazko hezkuntza-proiektu bati ekiteko, guztiz berritzailea hizkuntzari, helburuei eta pedagogiari dagokienez. Hezkuntza informalean ere lan handia egin zuen EABk, bai haurrekin, bai helduekin. Bestalde, hizlari eta mitinlariei prestakuntza emateko, oratoria edo hizlaritza eskolak ematen zituzten.
- EAB eta gizarte-laguntza
EABren aurrekariak Euzkel Jantzitegia edo Ropero Vasco delakoan (1908an sortu zen ongintza lantzeko helburuz) eta Euzkotarren Aldezko Jel-bazkuna (20ko hamarkadan, Afrikako frontera joaten behartutako gazteei eta euren familiei laguntzeko sortutakoa) elkartean ditugu. Gizarte Laguntzarako Batzordea sortu zenean, Teresa Azkue izan zen zuzendari. EABk, politika eta gizarte esparruetako hitzaldiak emateaz gain, Gizarte Laguntzari buruzko biltzarra antolatu zuen. Gizarte Laguntzarako Eskola sortzea zuen helburu biltzar hark. Erizainak prestatzeko ikastaroak ere eskaini zituen elkarteak 1932tik aurrera.
- EAB gerran eta erbestean
Gerra garaian, emakumeek egindako jarduerak guztiz nabarmentzekoak dira. Lana banatu eta gudarientzako arropa egiten zuten eta mantak eta berokiak biltzen zituzten. EABk atzeguardian gauzatutako lana ezinbestekoa izan zen, eta hainbat zereginetan, gizonak ordezkatu zituzten andreek. Euzko Gexozañen Batza eratu zen eta frontean nahiz ospitaleetan egindako lana halabeharrezkoa izan zen. Beharrezkoa zenean, erbestera joandako umeei lagundu zieten eta gudariei babesa eskaini zieten.
Espioitza-lanetan ere gogotik jardun zuten emakumeek, Alava sareko kideak oso ezagunak izan zirela. Erbestealdian, biziki garrantzitsua izan zen EABren ekinbidea, erbestean zeuden agintari abertzaleak eta frankismoaren aurka aritzen ziren barruko erresistentziako kideak harremanetan jarrita, espetxeetan nahiz kalean ibilita.
Erakusketaren ibilbidearen amaieran, emakume historiko haietako batzuen testigantzak biltzen dituen bideoa ikus daiteke.
Era berean, erakusketa inauguratu ostean, Karmele Perez Urraza, Begoña Bilbao Bilbao eta Gurutze Ezkurdia Arteaga UPV/EHUko irakasleek (Garaian ikerketa-taldeko partaideak) eta erakusketaren komisarioek “EABko Eibarreko emakumeak, Gipuzkoan lehenengotarikoak” izeneko hitzaldia emango dute.
Donostian, Azkoitian, Hondarribian eta Irunen izan ondotik, «EAB 100 urte. Emakumeak Aberria eginez» erakusketa Eibarko Unzaga Plaza hotelean egongo da ikuasgai maiatzaren 1era arte, astelehenetik igandera, 10:00etatik 20:00etara.