Hedabideentzako deialdia • 2024ko azaroaren 19a
EUSKAL KULTURAREN MEMORIA: Euskal literatura eta emakumeak mintegia
- Sabino Arana Fundazioak, Labayru Fundazioak eta Bilboko Udalak jardunaldia antolatu dute euskal emakume idazleen memoria aldarrikatzeko.
- Mintegia asteartean egingo da, azaraoaren 19an, goizeko 9:30etatik 13:00etara, SAFen egoitzan.
- 2024ko azaroaren 19a, asteartea
- 09:30h -(e)tik 13:00h -(e)tara
- Sabino Arana Fundazioa
Sabino Arana Fundazioak eta Bilboko Udalak euskal kultura-adierazpenen memoria aldarrikatzeko urtero-urtero antolatzen dituzten jardunaldien esparruan, aurten, Labayru Fundazioarekin lankidetzan, literaturaren memoria landuko dugu, genero-ikuspegitik, emakumeen sorkuntzaren ikuspegitik, hain zuzen ere.
Jardunaldiaren helburua da euskal emakume idazleek zer eta zergatik idatzi duten eta idazten duten jakitea; bestetik, gure aurrekoen eta egungo idazleen arteko loturarik ote dagoen aztertu nahi dugu. Topaldia datorren asteartean, azaroak 19 dituela, izango da Sabino Arana Fundazioaren egoitzan (Tere Verdes pasabidea, Matikoko metro geltokia), 9:30etatik 13:00etara.
Koro Garmendiak, Sabino Arana Fundazioaren Patronatuko kideak, Itziar Urtasun Bilboko Udaleko Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako zinegotziak, eta Igone Etxebarria Labayru Fundazioaren zuzendariak parte hartuko dute hasiera-ekitaldian.
Hizlariak, berriz, ondokoak izango dira: Xabier Altzibar, idazlea eta euskal literaturaren eta hizkuntzaren ikertzailea. Altzibarrek euskal emakume idazleei buruz hitz egingo du, klasikoetatik hasita Gerra Zibilaren garairaino; Larraitz Ariznabarreta, euskal ikasketetan aditua eta Deustuko Unibertsitateko irakaslea, diktadura osteko euskal literaturako emakume idazleei buruz arituko da; eta Jasone Osoro kazetari eta idazleak Azaleko autorretratuak deritzon hitzaldia eskainiko du. Hala, Osorok bere ibilbide literarioaren berri emango du, berak idatzitako liburuen azaletan oinarrituta.
Azkenik, hiru hitzaldien ondoren, gaiaz eztabaidatuko dute bertaratutako guztiek.
Aurreko edizioetan, besteak beste, musika, pintura, antzerkia, zinema, abesbatzen mugimenduak, hezkuntza eta beste jorratu dira jardunaldi hauetan.