Hedabideentzako deialdia • 2015ko otsailaren 3a
Memoria Historikoaren arloko aditu zenbaitek elkarraldi batean parte hartuko dute, justizia eta ordaina errebindikatzeko Gerra Zibileko eta diktadura frankistako biktimentzat
Ostiral honetan, otsailaren 6an, Sabino Arana Fundazioaren egoitzan
* 9:00 eta 11:30 bitartean Francisco Etxeberria, Emilio Silva, Marian Mtz. de Pancorbo, Jordi Palou Loverdos, Unai Rementeria eta Monika Hernandoren hitzaldiak hedabideei irekita egongo dira
* Kaferako atsedenaldian, 11:30 eta 12:15 bitartean, hedabideek elkarrizketak egin diezazkiekete hala nahi duten hizlariei
* Marian Martínez de Pancorbo biologia zelularreko katedradun eta UPV-EHUko BIOMICs taldeko ikertzaile nagusiak bilatzaile mota berritzaile bat aurkeztuko du, webaren bitartez, Memoria Historikoak dituen post-mortem gorpuzkinen senideak aurkitzeko, haien ezaugarri genetikoak jasota eduki bai, baina senideak okerreko lekuetan bila ibili direlako, oraindik identifikatu gabe daudenean: "ADN: Memoria Histórica"
Izenburu orokortzat “Memoria historikoa eta gertuko inguruneak: egikera onak eta etorkizunerako lehentasunak!” hartuta, Sabino Arana Fundazioak jardunaldi bat antolatu du, otsail honen 6rako, ostiralarekin, helburu hirukoitz batekin: duintasuna, giza eskubideak eta memoria historikoa printzipioak errebindikatzea; memoria historikoa berreskuratzeko politika publikoen balantze bat egitea, bai eta azken urteotan memoria historikoa —batez ere, Gerra Zibileko eta errepresio frankistaren biktimei dagokienez eta gertuko ingurunean— ikertzen eta berreskuratzen jardun duten elkarteen eta erakundeen bizipenena eta egikera onena; eta elkarrekin batera bide berriak arakatzea, memoria historiko hori berreskuratu eta gizarteratzeko eta XXI. mendeko euskal gizartearen funtsezko harroin bat memoria eta ez ahanztura izateko.
Elkarraldian parte hartuko dute, Memoria Historikoa ikertu eta berreskuratzearen arloko zenbait aditu ospetsuk, arlo horretan ardurak dituzten Herri Administrazioaren zenbait ordezkarik eta kultur erakunde eta memoria arloko elkarte zenbaitetako kide batzuek.
Jardunaldia hiru mahaingurutan egituratu da. Lehenengoan “Memoria duintasuna xede” izenburukoan, Francisco Etxeberria antropologo eta auzitegi-mediku eta Aranzadi Zientzia Elkarteko presidenteak, Marian Martínez de Pancorbo UPV-EHUko DNA Bankuko zuzendariak, eta Emilio Silva Memoria Historikoa Berreskuratzeko Espainiako Elkarteko presidenteak. Bigarren mahainguruan, “Memoriarako Politika Publikoak” izenburupean, Jordi Palou Loverdos Memorial Democràtic, Generalitat Catalunyako zuzendariak, Monika Hernando Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariak eta Unai Rementeria Bizkaiko Foru Aldundiaren Presidentetzako foru-diputatu eta bozeramaileak. Eta hirugarren eta azken mahainguruan, “Memoriarako lekuak: egikera onak” izango dutela izenburu, Agustín Azkarate EHUko arkeologo, ikertzaile eta irakasleak, Iñaki García Camino Bizkaiko Arkeologi Museoko zuzendariak, Aitor Miñambres Berangoko Burdin Hesiaren Interpretazio Zentroko zuzendari eta Sancho de Beurko Elkarteko kideak eta Iñaki Odriozola Elgoibar 1936 elkarteko kideak parte hartuko dute.
Orain artean baieztaturik dute etorriko direla irakaskuntza, elkartegintza eta euskal erakundeetako berrogeita hamar bat ordezkarik.