Hedabideentzako deialdia • 2017ko azaroaren 20a
Prentsa eta Gerra
Hitzaldia eta erakusketa. Euskadiko Artxibo Historikoan (María Díaz de Haro, 3). Azaroaren 28an. 19:00etan. Josu Chueca eta Koldo San Sebatianen eskutik.
Bilbo erori eta gero, frankismoak errotik erauzi zuen prentsa libreak gurean izan zuen loraldia. Ordutik 80 urte igaro direnean, ezinbesteko deritzogu zuhaitz sendo hark garatu zituen adar oparoenetako biren fruituak gogora ekartzea. Abertzaletasuna, ezkerra eta errepublikanismoa gurean zabaldu ziren, besteak beste, prentsa herrikoi eta dinamikoaren garapenari esker.
Euzkadi eta El Liberal hartu ditugu ikurtzat, baina horiekin batera, beste hainbat egunkarik eta aldizkarik ere hartu zuten protagonismoa euskal herritarren egunerokoan -Bilboz eta Bizkaiaz gain, gainerako lurraldeetan ere bai-. Loraldia batez ere jazo zen XX. mendearen lehen herenean, Errepublika garaiaren aurretik, Errepublikako urteetan, eta, zelan ez, gerra sasoian.
Horren guztiaren gainean jarduteko, Koldo San Sebastian kazetaria, eta, Josu Chueca Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea gonbidatu ditugu. Biak ala biak adituak dira euskal historia garaikidean eta hainbat lan ondu dituzte esandako gaiaren inguruan. Koldo San Sebastian Euzkadi eta prentsa abertzaleaz arituko da, eta, Josu Chueca, berriz, ezkerreko kazetez.
Erakusketa: Hitzaldiez gain, eta Euskadiko Artxibo Historikoak gordetzen dituen funtsak ezagutzera emateko asmoz, Euzkadiko Jaurlaritzak prentsaren gainean tramitaturiko hainbat espediente eta agiri jarriko dira erakusgai. Besteak beste, zentsuratik igarotako artikuluak; eskuineko prentsa konfiskatua gainerako alderdien eta sindikatuen artean banatzeko tramitaturiko espedienteak; garaiko egunkari eta aldizkariak; Euzkadi'ko Agintaritzaren Egunerokoaren azken alea, Bilbo erori ondoren Turtziozen argitaratu zena; eta abar.