Hedabideentzako deialdia • 2023ko otsailaren 14a
«Urraca, cazador de rojos» dokumentalaren aurkezpena (gaztelaniaz) dokumentalaren zuzendari Pedro de Echaveren eskutik
- Bihar, otsailak 14, asteartearekin, 19:00etan, Sabino Arana Fundazioaren egoitzan. Sarrera librea. Joatekotan, jakinarazi 94 405 64 50 telefonora deituta edo idazkaritza@sabinoarana.eus posta-helbidera idatzita.
- Pedro Urraca Rendueles (1904-1989) espainiar polizia Francisco Francoren diktadurak erbesteko Bigarren Errepublikako agintari nagusiak, bai eta euskal eta katalan agintariak ere, hiltzeko antolatu zuen errepresio-ekintzen burua izan zen.
- Dokumentalaren egileek, besteak beste, Sabino Arana Fundazioaren Euskal Abertzaletasunaren Museoan egin dute kontsulta filmatu aurretik.
- 2023ko otsailaren 14a, asteartea
- 19:00h -(e)tik 21:00h -(e)tara
- Sabino Arana Fundazioa
Sabino Arana Fundazioak «Urraca, cazador de rojos» (Urraca, gorrien ehiztaria) dokumentalaren gaztelaniazko bertsioa aurkeztuko du Bilbon, Fundazioaren egoitzan, bihar, asteartea, otsailak 14, 19:00etan. Jatorrizko edizioa, katalanez, joan den urtearen amaieran aurkeztu zen.
Pedro Urraca Rendueles (1904-1989) espainiar polizia Francisco Francoren diktadurak erbesteko Bigarren Errepublikako agintari nagusiak hiltzeko antolatu zuen errepresio-ekintzen burua izan zen. Besteak beste, Alemaniak Frantzia okupatu eta gero, Agirre Lehendakariak eta beste euskal buruzagi jeltzale batzuek pairatu zuten jazarpenaren erantzulea izan zen, eta, gainera, erbestean ziharduen Eusko Jaurlaritzaren egoitza ostu zuen. Era berean, Lluis Companys Kataluniako Generalitateko presidentearen atxiloketa agindu zuen, Companys Frantziako erbestealdian zegoela, 1940an, eta geroago fusilatu egin zuten.
«Urraca, cazador de rojos» (2022) dokumentalak Pedro Urracaren seme Jean Louis eta biloba Loretoren begirada kritikoz erakusten du pertsona. Bi senide horiek «Pedro Urracaren jarduerak gaitzetsi dituzte jendaurrean eta urteak daramatzate haren itzaletik aldentzen». Horrela, dozena bat lekukotasunek zorrozki dokumentatutako kontakizun historiko baten harian, dokumentalak, gainera, Urracaren ondorengoek jasan behar izan zuten kurutzebidea aztertzen du.
Urraca eta euskal erbesteratuen aurkako jazarpena
1940ko ekaina. Alemaniak Frantzia okupatu zuela-eta, Jose Antonio Agirre Lehendakariak, atxilo har ez zezaten, ezkutatu eta Belgikatik ihes egin behar izan zuen, han familia arrazoiengatik zegoelarik. Eusko Jaurlaritzak Avenue Marceau kalean zeukan erbesteko egoitza, baina alemanek konfiskatu eta agintari frankistei eman zieten. Bitxia bada ere, euskaldunei ostutako bulego horietatik, Pedro Urracak gogotik lan egin zuen une horretatik lehengo bizilagunen atzetik. Agirre Belgikan aurkitzen saiatu zen helburu horri lotuta egindako bidaia batean, eta, geroago, beste euskal erbesteratu baten etxean egindako miaketa batean, Urraca Francisco Javier Landaburu, hau da, erbesteko gobernuaren ordezkaria, atxilotzear egon zen, baina ate baten atzean ezkutatu eta onik atera zen.
Handik hilabete gutxira, 1941eko urtarrilean, Alsina ontzia Marseillan porturatuta zen, Hego Amerikara joateko asmoz, itsasontzian 300 errepublikazale joango zirela, tartean, euskal herritar ugari. Frantziako polizien hedatzen handi batek itsasontziaren irteera atzeratu zuen. Pedro Urraca eta Victor Druillet frantses polizia ontzira igo eta bidaiari askori galdeketa egin eta diruz nahiz bitxiz osaturiko harrapakin handi batez jabetu ziren. Eusko Jaurlaritzaren Parisko ordezkaria, Rafael Pikabea, atxilotu eta portura jaitsi zuten. Geroago, espetxera bidali zuten.
1944ko abuztua. Paris askatuta, Avenue Marceauko eraikina berreskuratu zen. Francisco Javier Landaburu barruan sartu zenean, Urracak eta bere laguntzaileek han utzitako agiri baliotsuak aurkitu zituen. Gau egun, agiri horiek guztiek argiro frogatzen dute Urracak errepublikazaleen aurka egindako errepresioa, bai eta judu iheslariei eragindako estortsioa ere. Aipaturiko dokumentazio hori guztia Sabino Arana Fundazioaren Euskal Abertzaletasunaren Agiritegian gordeta dago gaur egun.
Iturria: «Urraca, cazador de rojos» dokumentalaren dossierra. Dokumentalaren ekoizle Quindrop Produccions Audiovisuals, S.L.rena.
Emanaldiaren ondoko eztabaida-saioan, Pedro de Echavek (dokumentalaren gidoilari eta zuzendarikidea, Felip Solerekin batera) eta Gorka Landaburuk (kazetaria eta Eusko Jaurlaritzak Parisen zeukan ordezkari Francisco Javier Landabururen semea) parte hartuko dute.
«Urraca, cazador de rojos» dokumentala Quindrop Produccions Produccions Audiovisuals ekoiztetxeak eta Sègula Films-ek ekoitzi dute, Televisió de Catalunya, TVE eta IB3rekin elkarlanean.