Hedabideentzako deialdia • 2023ko abenduaren 21a
AROA eta Euskararen Gogoetagunea proiektuaren aurkezpena
Abenduaren 21ean (osteguna)
SAF, 09:30etatk a 13:15etara
Ostegunean bestelako kontuez hitz egingo da Sabino Arana Fundazioaren egoitzan, goizeko 9:30etatik aurrera. Hain zuzen, AROA euskara indarberritzeko eta euskaldunok ahalduntzeko marko estrategikoa eta Euskararen Gogoetagunea egitasmoa aurkeztuko dira. Aroa uztailean aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzak estreinakoz, Gasteizen, eta hamarkada baterako euskararen marko estrategikoa izango denaren zantzuak eman zituzten agerpenean. Jaurlaritzaren Euskararen Aholku Batzordearen eskutik dator Aroa, eta Euskara Sustatzeko Ekintza Planaren (ESEP) ondorengo egitasmoa litzateke. Euskararen Gogoetagunea, berriz, 2022ko azaroan aurkeztu zuen Euskaltzaindiak, eta euskararen etorkizun-ikuspegia landu eta arnas luzeko estrategiak eta adostasunak marrazteko xedea du.
Miren Dobaran Hizkuntza Politikarako sailburuordeak eta Iñaki Martinez de Luna euskaltzain urgazle eta Aroaren zuzendariak azalduko dituzte marko estrategikoaren nondik-norakoak, eta Jon Sarasua euskaltzain urgazleak aletuko ditu Euskararen Gogoetagunearen ardatzak eta orain arte aurkeztutako ponentziak. Jardunaldia mahai-inguru batek itxiko du, eta bertan parte hartuko dute Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak, Iñaki Martinez de Lunak, Irati Iciar Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak eta Gonzalo Larruzea Didaktika eta Eskola Antolakuntzako doktoreak. Gotzon Hermosilla Berria egunkariko kazetariak gidatuko du solasaldia.