Hedabideentzako deialdia • 2024ko maiatzaren 10a
Laguntza humanitarioaren arloko profesionalek egungo krisiak jorratu eta erronka humanitarioei nola heldu aztertuko dute SAFen
Topaldia Sabino Arana Fundazioan izango da, maiatzaren 10ean, ostiralarekin, 9:15etatik 12:30etara.
Jardunaldian, ondokoek parte hartuko dute: Nazio Batuen agentzietako ordezkariek (UNRWA, ACNUR, UNICEF, CERF eta abar); zeregin humanitarioetan aritzen diren GKEetako kideek (Mugarik Gabeko Medikuak, Gosearen aurkako Ekintza, Oxfam, Save the Children); agentzia espezializatuek eta bestek.
- 2024ko maiatzaren 10a, ostirala
- 09:15h -(e)tik 12:30h -(e)tara
- Sabino Arana Fundazioa
«Nola jardun lankidetzan krisian dagoen mundu batean? Jasangarritasuna, bideragarritasuna eta gobernantza globala sustatzeko gakoak» izenburuaren ildoan, Sabino Arana Fundazioak (SAF) gogoeta egiteko eta eztabaida lantzeko jardunaldia antolatu du Nazio Batuen agentzietako ordezkarien, arlo humanitarioan jarduten duten GKEen, unibertsitateko irakasleen eta abarren eskutik. Topaldia ostiralean izango da, maiatzaren 10ean, 9:15etatik 12:30etara, Fundazioaren egoitzan.
Mundu osoko 22 pertsonatik batek laguntza humanitarioa behar du. Nazio Batuen arabera, historia modernoko elikadura-krisi global larriena pairatzen ari gara. Pandemiaren ondorioak, Ukrainiako eta Sudango gerraren ondorioak, israeldarren eta palestinarren arteko gatazka, larrialdi klimatikoa (urtean, 20 milioi pertsonatik gorak irten behar izaten du bizi den etxetik horren zioz), inflazioa, krisi energetikoa eta gatazken gorakada ditugu egoeraren arrazoi nagusiak.
Gai horiek guztiak aztertzeko, ondoko hizlariak izango dira jardunaldian: David Noguera, laguntza humanitarioan diharduen langilea eta Mugarik Gabeko Medikuak erakundeko presidente ohia; Joana Abrisketa, Ekintza Humanitarioko Nazioarteko Masterraren zuzendaria (Pedro Arrupe Giza Eskubideen Institutua - Deustuko Unibertsitatea); eta Manuel Sánchez-Montero, Acción contra el Hambre Fundazioaren Eragin eta Harreman Instituzionalen zuzendaria.
Horrela, David Noguerak krisi humanitario handienen egungo egoeraz hitz egingo digu eta gogoeta egingo du sektoreak aurre egin behar dien erronkez. Joana Abrisketak Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioa izango du mintzagai. Eta Manuel Sánchez-Monterok «Politikaren eginkizuna erronka humanitarioei ekiteko» izango du berbagai.
Hizlariekin batera, garapenerako nazioarteko lankidetzan esperientzia duten 50 profesional inguruk, lankidetzako agentzia eta erakundeetako arduradunek, katedradunek eta abarrek hartuko dute parte topaldian.