Hedabideentzako deialdia • 2025ko martxoaren 11a
“Mar de Sami 2020. Laponia. Finland” dokumentalaren emanaldia
- Zigor Egia alpinista eta Euskal Mendizale Federazioaren presidenteordeak atsegin handiz gonbidatzen gaitu COVIDek sorrarazitako pandemiaren eraginez konfinatu aurretik berak eta beste bi mendizaleek Finlandiako Laponia eskualdeko Inari aintziran egindako ibilaldiari buruzko dokumentala ikustera.
- Martxoaren 11n izango da, asteartearekin, arratsaldeko 7etatik aurrera, Sabino Arana Fundazioan (SAF).

- 2025ko martxoaren 11a, asteartea
- 19:00h -(e)tik 20:30h -(e)tara
- Sabino Arana Fundazioa
Sabino Arana Fundazioaren Euskal Abertzaletasunaren Museoak «Mar de Sami 2020» dokumentalaren emanaldia antolatu du martxoaren 11n, astearetearekin, arratsaldeko 7etatik aurrera, SAFen. Aitor González Iturbek zuzendu du filma eta Zigor Egia, «Rizos» Amat eta Manolo Taibo mendizaleek parte hartu dute bertan. Emanaldiaren ondotik, solasaldia izango da bertaratutakoen eta Zigor Egia dokumentalaren gidoilari eta ekoizlearen artean.
«Mar de Sami 2020» dokumentalean, esandako hiru mendizaleek Finlandiako Inari aintziran (1.000 kilometrotik gorako azalera duen aintzira hori handienetakoa da Finlandian eta seigarren handiena Europan), samien aintziran, eskiak eta pulkak (lera-modukoak) erabiliz egindako zeharkaldia ikus daiteke. Inari aintziraren handitasunari esker, neguan zeharo izozturik dagoela, leku ezin hobea da iraupen-eskian aritzeko eta lakua zeharkatzeko. Aintzira horretako uren gainetik, hainbat tamainatako hiru mila eta hirurehun uharte baino gehiago azaleratzen dira, eta dokumental honetako mendizaleek horietako batzuetan eman zuten gaua, zeruari begira, iparraldeko argi ikusgarriez edo aurora borealez gozatzeko. XXI. mendean, samiena dugu Europan irauten duen herri indigena bakarra (laponiarrak), eta euren ohiturei eusteko borroka garbian daude.
Zigor Egia, «Rizos» Amat eta Manolo Taibo mendizaleak Finlandiako Laponiako abenturatik itzuli ziren 2020ko martxoan, hau da koronabirusak eragindako lehen konfinamenduaren bezperan.
Zigor Egia
Zigor Egia Amurrion (Araba) jaio zen 1975ean, baina lotura handia dauka Arrigorriagarekin (Bizkaia). Mendizale amorratua da txiki-txikitatik. Munduko hainbat mendilerrotako gailur ugari zapaldu ditu: Pirinioak, Europako Mendiak, Alpeak, Dolomitak, Karpatoak, Himalaia, Marokoko Atlasa —bederatzi igoera baino gehiago egin ditu hango mendirik garaienera, Toubkal mendira—. Bestalde, bidaia alternatiboak egin ditu Indiara, Nepalera, Errusiara, Turkiara, Austriara, Alemaniara, Txekiar Errepublikara, Islandiara, Groenlandiara, Estatu Batuetara eta abarretara.
Alpinismoa, eskalada, mendiko eskia, troka-jaitsiera, parapentea, bizikleta eta mendi-ibiliak egiten ditu. Alpinismoaren inguruko hainbat dokumentalen zuzendaria eta/edo ekoizlea da, eta Euskal Mendizale Federazioaren (FVM) presidenteordea.