Hedabideentzako deialdia • 2024ko abenduaren 19a
Engracio Aranzadi "Kizkitza" gogoan
- 2023an, Kizkitza-ren jaiotzaren 150. urteurrena bete zen. Patxi Agirre historialariak Sabino Arana Goiriren alboan eginiko ekinbide politikoari buruzko hainbat alderdi jorratuko ditu. Aranzadi Aranaren lagun mina eta laguntzailea izan zen.
- 2024ko abenduaren 19a, osteguna
- 19:00h -(e)tik 20:30h -(e)tara
- Sabino Arana Fundazioa
2023an, 150 urte bete ziren Engrazio Aranzadi Kizkitza jaio zela. Aranzadi Euzko Alderdi Jeltzalearen Gipuzkoako sortzaileetako bat izan zen, hainbat urtetan Euzkadi egunkariaren zuzendaria, eta, XX. mendearen hasieratik Gerra Zibilera arte, euskal abertzaletasunaren ideologorik nabarmenetakoa.
Patxi Agirre Arrizabalaga Historiako doktoreak (UPV/EHU) Aranzadiren ekinbide politikoaren zenbait alderdi jorratuko ditu eta donostiarraren ideologia politikoari darizkion abiaburu batzuk azalduko ditu datorren ostegunean, abenduak 19 dituela, 19:00etatik aurrera, Sabino Arana Fundazioan.
«La siembra de una patria» (Aberri baten Ereintza) dugu hitzaldiaren izenburua, Engrazio Aranzadik 1935ean idatzitako azken lanean, ‘ereintza’ aipatzen baitu. Aranzadi Sabino Aranaren garaikidea izan zen, bizkaitarraren lagun mina eta lankide estua, eta euskal abertzaletasunaren erakusle nagusia izan zen sortzailea hil zenetik joan den mendeko hogeita hamarreko hamarkadara arte.
Ideologoa, idazlea, kazetaria eta EAJ-PNV alderdiaren Gipuzkoako arduraduna (1904-1908) izan zela, Kizkitza-k euskal abertzaletasun indartzeari lehentasuna eman zion, irmotasun ideologikoa eta malgutasun pragmatikoa batzen zituen proposamen politiko batetik abiatuta; horrela, euskal abertzaletasunaren ezaugarrietako bat sendotu zuen: progresibitatea.
Aipatzekoa da, 2023an, Engrazioren biloba Joxe Mari Arrazolak dohaintzan eman ziola Sabino Arana Fundazioari aitonaren artxiboaren zati handi bat. Txosten, gutun eta liburuxka ugarik osatzen dute Sabino Arana Fundazioak gorderik daukan Aranzadiren dokumentazioa. Dokumentazio berriak Engrazio Aranzadiri eta bizi zeneko garaiari buruzko datu asko ematen ditu.
Patxi Agirre Arrizabalaga
Patxi Agirre Arrizabalaga (Villabona, Gipuzkoa, 1966) Historiako lizentziaduna (UNED), Nazioarteko ingurumariko Espainiako Historia Garaikideko masterduna (UNED) eta Historia Garaikideko doktorea (EHU-UPV) da, «El hecho religioso en la vida política de Manuel Irujo» tesia defendatu zuelarik. Bikain cum laude kalifikazioa aitortu zioten tesiagatik.