Hedabideentzako deialdia • 2023ko urriaren 6a
Europako Alderdi Demokrataren (PDE) ekimenez, etorkizuneko erronka energetiko eta teknologiko berriak aztertzeko topaldia egingo da Sabino Arana Fundazioan
- Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen sailburuak; Sandro Gozi PDEko idazkari nagusiak eta Mireia Zarate Sabino Arana Fundazioaren presidenteak emango diote hasiera jardunaldiari, eta Europako adituek ere parte hartuko dute bertan. Urriaren 6an izango da, ostiralarekin, 9:00etatik aurrera.
- Topaldia streaming bidez ere ikusi ahalko da www.sabinoarana.eus helbidetik eta EDPren www.democrats.eu nahiz EAJ-PNV alderdiaren www.eaj-pnv.eus webguneetatik ere bai.
- 2023ko urriaren 6a, ostirala
- 09:00h -(e)tik 13:00h -(e)tara
- Sabino Arana Fundazioa
«Lehiakortasuna eta iraunkortasuna etorkizuneko erronka teknologiko eta energetikoen muinean» izenburuaren ildoan, Europako Alderdi Demokratak (PDE-EDP) mintegia antolatu du urriaren 6an, ostiralarekin, 9:00etatik 13:00etara, Sabino Arana Fundazioaren egoitzan.
Europak egun daukan kanpoaldearekiko mendekotasun energetikoa, bizi gareneko aroan jazotzen ari diren gertakizun geopolitiko iskanbilatsuek areagotuta, ezin ukatuzko klima-aldaketa eta horren ondorioak funtsezko gai bihurtu dira gure ekonomiak jasangarriak, bideragarriak eta lehiakorrak izan daitezen.
Inguruabar horiei aurre egiteko, Europar Batasunak trantsizio energetikoaren tresnaz hornitu du bere burua. Tresna horrek, funtsean, erregai fosiletan oinarritutako sistema energetikoaren ordez, isurpen txikiko edo isurketarik gabeko beste sistema bat ezarriko du, iturri berriztagarrietan oinarritutakoa.
Trantsizio energetikoak beharrezkoak dituen eraldaketak eta berrikuntzak funtsezkoak dira gure hazkunde ekonomikoaren oinarriak berriz jorratzeko, gure industria-sektoreen etorkizun lehiakorra bideratzeko eta gure gizarte-ongizatearen eredua babesteko.
PDE-EDPk babestu eta lagundutako mintegi horretan, aldaketa historikoak ekarriko dituen aldi berri horri doazkion erronkak eta konponbideak aztertuko ditugu, gaiaren inguruko aditu esanguratsuen eskutik, ikuspegi globaletik, Europaren ikuspegitik eta gure Herriaren ikusmoldetik.
Horrela, Arantxa Tapiak, Sandro Gozik eta Mireia Zaratek jardunaldiari hasiera eman ostean, Orkestra-Lehiakortasunaren Euskal Institutuko presidenteak, Iván Martének, gaurko analisi geopolitikoa egingo du, trantsizio energetikoa bertan txertaturik.
Geroago, jardunaldiaren lehen atalean, trantsizio berdearen eta bilakaera teknologikoaren Europako ereduak aztertuko dira. Horretarako, Christopher Grudler Europako Parlamentuko Industria, Ikerketa eta Energia Batzordeko kideak azalduko digu Frantziak bere berrindustrializazioan energia nuklearraren alde egindako apustua; eta Christof van Agt Ross International Energy Forum-eko (IEF) zuzendariak Europako ekonomiaren bizitasun eta jasangarritasunari lotutako arau-esparrua azalduko du, haren alde onak eta txarrak azterturik. Lehen atalean, Europako Parlamentuko kide Izaskun Bilbaok aurkezle eta moderatzaile jardungo du.
Bigarren atalean, berriz, Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiak aurkeztuta eta moderatuta, «Euskadiren trantsizio energetikoa lankidetza publiko-pribatuko eredu lehiakor eta jasangarri baterantz» izeneko gaia jorratuko da. Hizlariak honako hauek izango dira: Jesús Valero, TECNALIAko zuzendari nagusia; Aitor Arzuaga, ALBAko (Repsol-Petronor Taldea) zuzendari nagusia; Xabier Viteri, Iberdrolako Berriztagarrien Negozioen zuzendaria; eta José Ignacio Hormaeche, Energiaren Euskal Klusterreko zuzendari nagusia.
Jardunaldiarekin bat egitea izango da streaming bidez www.sabinoarana.eus helbidetik eta PDE-EDPren (www.democrats.eu) nahiz EAJ-PNV (www.eaj-pnv.eus) webguneetatik.