Hedabideentzako deialdia • 2023ko ekainaren 1a
Sabino Arana Fundazioak euskal abertzaletasunaren sortzailearen heriotzaren 120. urteurrena eta Larrazabalgo Zinaren 130. urteurrena ospatuko ditu
- Luis de Gezala historialariak «Nire izenaren oroitzapena ere nahi ez dudala / Sin pretender ni la memoria de mi nombre» izeneko hitzaldia dela bide, hasiera emango dio urte amaierara arte antolatutako hainbat jardueraren egitarauari. Ekainaren 1ean, ostegunarekin, 19:00etan, SAFen.
- Euskal abertzaletasunaren lehen buruzagi Sabino Arana Goiriren ideia politikoak zabaldu zireneko bizitza, lanak eta testuinguru historikoa aztertuko ditu Gezalak.
Luis de Gezala historialariaren eskutik, Sabino Arana Fundazioak hasiera emango dio erakundeak antolatutako ekitaldien zikloari, Sabino Arana Goiri euskal abertzaletasunaren lehen buruzagiaren heriotzaren 120. urteurrena eta bere ideia politikoak azaldu zitueneko ‘Larrazabalgo Zinaren’ 130. urteurrena ospatzeko.
«Nire izenaren oroitzapena ere nahi ez dudala» esaldiarekin jolasean –bai eta Aranak berak eta sasoi hartako beste euskaldun batzuen esaldiak erabiliz ere− Gezala Aranaren garaiaren buruzagi abertzalearen lanen ikuspegi orokorra eskaintzen saiatuko da, euskal historian hain eztabaidagarria bezain garrantzitsua izan den pertsona entzutetsu honen nondik norakoak hobeto ulertzen laguntzeko.
Luis de Gezalak datorren ostegunean, ekainaren 1ean, 19:00etatik aurrera fundazioaren egoitzan emango duen hitzaldiaz gain, Sabino Arana Fundazioak Hermes pentsamendu eta historia aldizkariaren hurrengo alea eskainiko dio euskal abertzaletasunaren sortzaileari, haren bizitzaren eta lanen inguruko adituen eskutik; era berean, mahai-inguru bat antolatuko du azaroan, Aranaren heriotzaren urteurrenaren bueltan, eta hainbat erreportaje argitaratuko ditu historialari batzuen eskutik.
Luis de Gezala Euskal Herriko Unibertsitateko Historiako doktorea da eta Artxibogintzako masterduna. Uzturre hemerotekako eta Sabino Arana Fundazioaren Abertzaletasunaren Agiritegiko liburutegiaren arduraduna da.