Hedabideentzako deialdia • 2017ko maiatzaren 23a
Sabino Arana Fundazioak eta Euskaltzaindiak Euskal Autonomia Erkidegoko, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko hizkuntza-politikako arduradun nagusiak batuko dituzte orain arte inoiz egin ez den jarduna
Jarduanaldia, ekainaren 14an izango da, Sabino Arana Fundazioaren egoitzan.
Euskal Autonomia Erkidegoan Gobernu berria eratu ondoren, Eusko Jaurlaritzak legealdi berrian hizkuntza politikaren eremuan garatu nahi dituen lan-ildoak zehaztu ditu. Era berean, Nafarroako Gobernuak Euskararen I. Plan Estrategikoa onartu berri du. Ipar Euskal Herrian, berriz, Euskal Elkargoa erakundea sortu berri da. Erakunde horrek, besteak beste, eskumenak izango ditu hizkuntza-politikaren eremuan. Horiek horrela, Sabino Arana Fundazioak eta Euskaltzaindiak herri-erakundeek dituzten asmoak eta ildoak ezagutzera emateko, bai eta herri-erakundeek hizkuntza politikaren arloan dituzten lankidetza aukerez jarduteko ere, mintegi bat antolatu dute Bilbon, 2017ko ekainaren 14an.
Mintegia goizeko 9:45ean hasi eta 13:30ean amaituko da.
Mintegian ondokoek parte hartuko dute, besteak beste: Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak; Miren Dobaran, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak; Estibalitz Alkorta, Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendariak; Mikel Arregi, Nafarroako Gobernuko Euskarabidea Euskararen Nafar Institutuaren zuzendari nagusiak; Beñat Arrabit, Ipar Euskal Herriko Euskal Elkargoko hizkuntza politikaren arduraduna; Mathieu Bergé, Ipar Euskal Herriko EEP Euskararen Erakunde Publikoko lehendakariak; Jasone Mendizabal, Euskaltzaleen Topaguneko zuzendaria; Josune Zabala, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendaria; Andres Iñigo, euskaltzaina eta Nafarroako ordezkaria Euskaltzaindian; Jean-Baptiste Battittu Coyos, euskaltzaina eta Jagon saileko arduraduna; Gotzon Lobera, itzultzailea eta Uztarri Fundazioko presidentea; eta Itsaso Güemes, Onda Vasca irratiko kazetaria. Erramun Osa Euskaltzaindiko idazkariordeak mintegia koordinatuko du.