Hedabideentzako deialdia • 2015ko azaroaren 6a
Sabino Aranaren jaiotzaren 150. urteurrenari eta Euzko Alderdi Jeltzalearen sorreraren 120. urteurrenari eskainitako HERMES aldizkariaren 50. zenbakia aurkeztuko du Andoni Ortuzarrek
Azaroaren 9a, astelehenarekin, 11:30etan, Sabino Arana Fundazioaren egoitzan
2015ean, Sabino Aranaren jaiotzaren 150. urteurrena eta Euzko Alderdi Jeltzalearen sorreraren 120. urteurrena ospatuko ditugu. Hori dela eta, Sabino Arana Fundazioak HERMES pentsamendu eta historia aldizkariaren 50. zenbakia arestian aipatutako bi gertakizunei eskaini die eta zenbaki berezi hori aurkeztuko du Bilboko egoitzan (Mandobide 6), azaroaren 9an, astelehenarekin, goizeko 11:30etan.
Aurkezpen-ekitaldian, EAJ-PNV alderdiaren EBBko lehendakari Andoni Ortuzarrek, Sabino Arana Fundazioko lehendakari Juan Mª Atutxak eta Hermes aldizkariaren zuzendari José Antonio Rodríguez Ranzek parte hartuko dute.
50. zenbakian, euskal hizkuntza eta kulturaren arloko hogei adituk, katedradunek eta ikertzailek iritzia eman dute Sabino Aranak euskarari egindako ekarriaren gainean.
Ale monografiko horretan, ondokoek parte hartu dute: Andrés Urrutia, Mikel Zalbide, Joseba Agirreazkuenaga, Igone Etxebarria, Xabier Kintana, Josune Ariztondo, Miren Azkarate, Patxi Baztarrika, Lorea Bilbao, Aizpea Goenaga, Xabier Irujo, Odile Kruzeta, Rosa Miren Pagola, Txomin Peillen, Pello Salaburu, Blanca Urgell eta Erramun Osa.
Martín Garitanok egindako elkarrizketan, berriz, EAJ-PNV alderdiaren EBBko lehendakari Andoni Ortuzarrek alderdiaren 120 urteko historiaz jardun du.
Azkenik, Ibon Goiri López de Arkaute irudigilearen parte-hartzeak ere Sabino Arana izan du oinarri.