Hedabideentzako deialdia • 2023ko abenduaren 18a
SAFek eta Euskaltzaindiak gogoeta egingo dute euskarak justiziaren administrazioan duen egoeraz eta euskara indarberritzeko marko estrategikoaz
Horretarako, bi jardunaldi antolatu dituzte datorren astean
- 2023ko abenduaren 18a, astelehena
- 09:30h -(e)tik 13:15h -(e)tara
- Sabino Arana Fundazioa
- Abenduaren 18an (astelehena), Hizkuntza-zuzenbidearen bilakaera aztertuko da Sabino Arana Fundazioaren egoitzan (Moraza plaza, z/g – Bilbo).
Parte-hartzaileak: Aitor Esteban (Espainiako Kongresuko diputatua), Jaime Tapia (magistratua), Andres Urrutia (euskaltzainburua), Gotzon Lobera (legelaria eta euskaltzain urgazlea), eta Joseba Lozano (Eusko Jaurlaritza).
- Abenduaren 21ean (osteguna), AROA eta Euskararen Gogoetagunea egitasmoak aurkeztuko dira SAFen egoitzan.
Parte-hartzaileak: Miren Dobaran (Hizkuntza Politikarako sailburuordea), Iñaki Martinez de Luna (aroa egitasmoaren zuzendaria), Jon Sarasua (Euskararen Gogoetagunea egitasmoaren zuzendaria).
Mahai-ingurua: Idurre Eskisabel (Kontseilua), Iñaki Martinez de Luna (aroa), Iñaki Arruti (Lasarte-Oriako Euskara zerbitzuburua), Irati Iciar (Topagunea) eta Gonzalo Larruzea (Didaktika eta Eskola Antolakuntzako doktorea).
- Jardunaldietara joateko izen-ematea, hemen (SAF): 94 4056450 / idazkaritza@sabinoarana.eus
BILBO (2023-12-12). Sabino Arana Fundazioak eta Euskaltzaindiak jardunaldi bi antolatu dituzte datorren astean. Bata astelehenean izango da, abenduak 18 dituela; eta bestea ostegunean, hain zuzen, abenduaren 21ean. Biak ala biak Sabino Arana Fundazioaren egoitzan (Moraza plaza, z/g – Bilbo).
Asteleheneko jardunaldian, 09:30etatik aurrera, hizkuntza-zuzenbidearen bilakaera aztertuko da batik bat, hots, euskararen ikuspegitik hizkuntza-zuzenbideak duen egoeraz eta garrantziaz jardungo dute hizlariek. Aitor Esteban Kongresuko diputatuak Espainiako Erresumako hizkuntza-erregelamendua aztertuko du, betiere Kongresuari eta Senatuari doakienez. Ostean, Jaime Tapia magistratuak Euskara eta Justizia EAEn. Gogoeta deritzon berbaldia emango du. Bestetik, Andres Urrutia euskaltzainburuak Euskararen Akademiak bideratu duen Hizkuntza-zuzenbidea proiektuaren sorrera azalduko du. Hizkuntza-eskubideen kontzeptuari buruz arituko da Gotzon Lobera legelari eta euskaltzain urgazlea, eta, azkenik, ELEBIDEk eginiko ibilbidea eta etorkizuneko erronkak agertuko ditu Joseba Lozanok. Lozano Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendaria da.
Ostegunean bestelako kontuez hitz egingo da Sabino Arana Fundazioaren egoitzan, goizeko 9:30etatik aurrera. Hain zuzen, AROA euskara indarberritzeko eta euskaldunok ahalduntzeko marko estrategikoa eta Euskararen Gogoetagunea egitasmoa aurkeztuko dira. aroa uztailean aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzak estreinakoz, Gasteizen, eta hamarkada baterako euskararen marko estrategikoa izango denaren zantzuak eman zituzten agerpenean. Jaurlaritzaren Euskararen Aholku Batzordearen eskutik dator Aroa, eta Euskara Sustatzeko Ekintza Planaren (ESEP) ondorengo egitasmoa litzateke. Euskararen Gogoetagunea, berriz, 2022ko azaroan aurkeztu zuen Euskaltzaindiak, eta euskararen etorkizun-ikuspegia landu eta arnas luzeko estrategiak eta adostasunak marrazteko xedea du.
Miren Dobaran Hizkuntza Politikarako sailburuordeak eta Iñaki Martinez de Luna euskaltzain urgazle eta Aroaren zuzendariak azalduko dituzte marko estrategikoaren nondik-norakoak, eta Jon Sarasua euskaltzain urgazleak aletuko ditu Euskararen Gogoetagunearen ardatzak eta orain arte aurkeztutako ponentziak. Jardunaldia mahai-inguru batek itxiko du, eta bertan parte hartuko dute Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak, Iñaki Martinez de Lunak, Irati Iciar Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak eta Gonzalo Larruzea Didaktika eta Eskola Antolakuntzako doktoreak. Gotzon Hermosilla Berria egunkariko kazetariak gidatuko du solasaldia.