Hedabideentzako deialdia • 2024ko uztailaren 3a
Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren historian barrena
- Ur Partzuergoak eta Sabino Arana Fundazioak (SAF) hitzaldi-zikloa antolatu dute, erakundearen bilakaeran berebiziko eragina izan duten mugarri historiko handiak ezagutzeko.
- 2024ko uztailaren 3a, asteazkena
- 19:00h -(e)tik 20:30h -(e)tara
- Sabino Arana Fundazioa
1967ko martxoaren 17an, Bizkaiko hemeretzi udalerrik eta gaur egun desagertuta dagoen Bilbao Handiko Administrazio Korporazioak Partzuergoa eratu zuten oinarrizko sareko ur-hornikuntzako eta saneamenduko zerbitzuak instalatu eta kudeatzeko. Gaur egun, 57 urte geroago, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak milioi bat eta ehun mila biztanleri baino gehiagori ematen die zerbitzua (Bizkaiko biztanleriaren % 96,26), eta inbertsio handia egin du saneamendu-sistema orokorrean. Egun, 97 udalerrik osatzen dute BBUP, Uribe Kosta, Arratia, Durangaldea, Enkarterri, Lea-Artibai eta, berriki, Busturialdea eskualdeak gehituta. Partzuergoaren eragin-eremuan, Bizkaiko Lurralde Historikoko hiri eta industria-eremu handienak daude.
Lau topalditan, Sabino Arana Fundazioaren gogoeta- eta eztabaida-mintzagunearen esparruan, Ur Partzuergoaren jatorria jorratuko dugu eta gure lurraldeko azpiegitura hidraulikoei benetako iraultza ekarri zieten pertsona guztiak aletuko ditugu.
Lehen hitzaldian, Daniel Fernandez Bilbao Bizkaia Partzuergoko Zerbitzu Teknikoen zuzendari ohiak «Partzuergoaren jatorria eta Bizkaiko egoera ekonomikoa 1970-1980 aldian» deritzon gaia aletuko du, uztailaren 3an, asteazkenarekin, 19:00etatik aurrera, Fundazioaren egoitzan.
57 urte bete dituen Partzuergoaren iritziz, funtsezkoa da saio horiek erakundea eratzeko egin ziren lehen ahaleginetatik abiatuta egitea. Orain dela sei bat hamarkada, etxeko ura bi orduz besterik ez zegoen erabilgarri Bizkaiko herri gutxi batzuetan; orduan, Angel Galindez Zelaieta agronomia-ingeniariak eginkizun erabakigarria izan zuen Bilbo eta Bilboaldea urez hornitzeko arazoak konpontzen eta egungo Ur Partzuergoa eratzen. Eratu ondoren, Ur Partzuergoaren 70eko eta 80ko hamarkadetako egoera ekonomikoak eragina izan zuen erakundearen ibileran eta horrek, inolako zalantzarik gabe, hein handi batean baldintzatu zituen arduradunek hartu beharreko erabakiak, lehen hitzaldi horretan azalduko den legez.