Hitzaldia • 2021ko ekainaren 4a
Aitor Pescador Medrano historialariak bere azken lana, “Francisco Lorda Yoldi. Iruñeko bizilaguna eta zinegotzia (1877-1939)” aurkeztuko du Bilbon.
• Hiriko hirigintzan eragin handia izan zuen Iruñeko Udaleko lehen euskal zinegotzi abertzaleetako baten bizitza eta ibilbide politikoa jorratzen ditu lanak. • Ekainaren 10ean, ostegunarekin, Sabino Arana Fundazioan, 19:00etan. Fundaziora bertaratu nahi izatera, parte-hartzea baieztatu behar da (94.405.64.50 idazkaritza@sabinoarana.eus).
Aitor Pescador Medrano historialariak “Francisco Lorda Yoldi. Iruñeko bizilaguna eta zinegotzia (1877-1939)” lana aurkeztuko du ekainaren 10ean, ostegunarekin, Sabino Arana Fundazioan, arratsaldeko 7etan.
1917an, Iruñeko Udalean zinegotzi kargua hartu zuen Euzko Alderdi Jeltzaleko lehen kideetako bat izan zen Francisco Lorda Yoldi. Santiago Cunchillos abokatuarekin eta Félix García Larrache farmazialariarekin batera hasi zen eta, laster batean, hirurak erreferentziako politikari bihurtu ziren hirian. Lorda odolberoa eta sutsua zen eta, horregatik, azkar bai azkar erreparatu zioten garaiko hedabideek. Alderdikideak ez bezala, Lorda Iruñeko Institutu Teknikoko idazkaritzako ofiziala zen, eta, beraz, ez zen Iruñeko Udala kontrolatzen zuten botere-taldeetako kide. Lordak landutako gai askori esker (ogiaren prezioa, La Pamplonesari emandako laguntza, etxe merkeak, bigarren zabalgunearen araudia, erruki-etxearekin etxearekin izandako arazoa…) oso lotura berezia ezarri zen gizarte-talde behartsuenetako hautesleekin, eta hala, karguari eutsi zion 1923ko iraileko estatu-kolpea izan zen arte; geroago, 1930eko krisian, berriro jardun zuen zinegotzi.
LORDA funtsa eta udal aktak izan dira politikariaren biografia hau idazteko funtsezko oinarriak. Lehenengoari dagokionez, Lorda familiak gordetako dokumentu ugariei esker, landutako gaiak gaiak eta sasoi hartako pertsona esanguratsuekin (Manuel Aranzadi, Francesc Cambó, Manuel Irujo, Valentin Gayarre, Jesus Guridi, etab.). Udal aktak, berriz, oso baliagarriak izan dira zinegotzi jeltzalearen borroka politikoak ulertzeko. Azkenik, garaiko tokiko egunkari handietan (Diario de Navarra, El Pensamiento Navarro, La Voz de Navarra edo El Pueblo Navarro) egindako kontsultek Lordaren udal-jarduerari buruzko ikuspegi kritikoa ematen lagundu dute.
Francisco Lorda iruinsemea zen. Jarduten hasi zenetik politikan egindako ibilbide aren unerik gorenera arte, 1923an, aldaketa ugari jazo ziren Francisco Lorda jaio zeneko hirian. Lordak Nafarroako hiriburuari egungo eitea eman zioten gai estrategiko askotan parte hartu zuen, eta, horregatik, berebiziko garrantzia dauka urte haietako gertaerak ulertzerakoan. Era berean, Nafarroan finkatutako lehen euskal abertzaletasuna hori ezagutzeko aukera ematen digun pertsona da.
Egilea
Aitor Pescador Medrano (Bilbo, 1970).
Filosofia eta Letretan (Historia) lizentziatu zen Nafarroako Unibertsitatean (1995) eta bekaduna izan zen Nafarroako Artxibo Nagusian (1997). Aditua da Nafarroako Erdi Aroko historian. Hamaika artikulu eta hogei bat liburu argitaratu ditu Nafarroako historiaren hainbat garairi buruz, eta, gainera, hainbat erakunde publikorekin (Nafarroako Gobernua, Iruñeko Udala…) eta pribaturekin (Euskokultur Fundazioa, Euskal Herriko Zuzenbide Historiko eta Autonomikoa Aztertzeko Fundazioa, Nafarroako Unibertsitatea…) lankidetzan aritu da. Argentinako Euskal Diasporako hainbat aldizkari eta kultur etxetako aholkulari eta koordinatzailea da. Nafarroako Foru Komunitatean egindako indusketa arkeologikoen kanpainetan ere parte hartu du.
Gaur egun, Aranzadi Zientzia Elkarteko dokumentalista da, eta erakunde horrek Nafarroan egindako indusketa arkeologikoei buruzko hainbat azterketa historikoren arduraduna da (Amaiurko gaztelua, Larunbeko Doneztebe monasterioa, Irulegiko gaztelua, Lekunberriko gaztelua, jendez hustutako Resako gaztelua…). Horrez gain, 1931-1950 aldian, EAEn eta Nafarroan izandako errepresioak eta giza eskubideen urraketak ikertu eta sailkatzeaz arduratzen den Aranzadi elkartzearen taldean ere parte hartzen du. Azkenik, Nafarroako historiari buruzko ikastaroak eta hitzaldiak ematen ditu hainbat udal eta fundaziotan.