Hitzaldia • 2019ko otsailaren 7a
Armada frankistak 1939an Katalunia okupatu ostean gertatu zen errepublikazaleen exodoa jorratuko du hitzaldi-sorta batek
“Goian zerua eta behean lurra. Erbestera bidea. 1939" izenburuaren ildotik, Josu Chueca eta Iñaki Goiogana historialariek gai hori jorratuko dute otsailaren 14an eta 28an, hurrenez hurren, 19:30etan, Sabino Arana Fundazioaren egoitzan.
Armada frankistak Katalunia okupatu eta, horren ondorioz, errepublikazaleen exodoa gertatu zenetik 80 urte bete direla, Sabino Arena Fundazioak hainbat hitzaldi antolatu ditu gai hori jorratzeko, Josu Chueca eta Iñaki Goiogana historialarien eskutik.
Zenbatespen batzuen arabera, 500.000 lagunek irten behar izan zuten Kataluniatik frankisten errepresiotik ihesi, gehien-gehienetan “goian zerua eta behean lurra” zutela, Pirinioetan barrena edo Mediterraneo itsasoa zeharkatuz, oso baldintza larrietan. Erbestealdiko laztasunaz jabe gaitezen, aintzat hartu behar dugu 1939ko negua oso hotza eta hezea izan zela, eta iheslari gehienek oinez ihes egin zutela, hegazkin frankistak atzetik zituztela jo eta su mugaraino iritsi arte.
Frantziako mugaraino iritsi ziren gizon, emakume, neska-mutil eta adineko gehien-gehienek kontzentrazio-eremu batean amaitu zuten; hau da, arantzadun alanbrez hesitutako eta soldadu kolonialek zaindutako eremu batean, iheslariak hartzeko beste azpiegiturarik ez zegoela.
Ehunka mila iheslari horien artean, sei edo zazpi mila euskal herritar zeuden, erbestealdira bigarrenez kondenatuak: horietako batzuek 1936an ihes egin zuten, Gipuzkoa okupatu ostean, eta beste batzuk 1937an, Euskadi autonomiaduna erori eta gero; guzti-guztiak Kataluniara joan ziren.
Milaka euskal herritar horien artean, bazegoen Jose Antonio Agirre lehendakaria. Izan ere, beren-beregi joan zen Paristik Kataluniara, bertan zeuden euskal iheslariak ebakuatzeko lanak zuzentzera.
Josu Chuecak, UPV-EHUko Historiako doktore eta irakasle titularrak, lehen hitzaldia emango du otsailaren 14an, 19:30etan, Sabino Arana Fundazioaren egoitzan. Bertan, errepublikazaleen exodoa aletuko du, oro har. Iñaki Goiogana historialariak bigarren hitzaldia eskainiko du otsailaren 28an, ordu berean, Fundazioaren egoitzan, eta euskal herritarren erbestealdiaz hitz egingo digu.