Hitzaldia • 2022ko azaroaren 10a
«Paperezko memoria. Euskal Abertzaletasunaren Agiritegiaren hiru hamarkada» hitzaldia, Eduardo Jauregi eta Luis de Gezala historialarien eskutik
Sabino Arana Fundazioak Euskal Abertzaletasunaren Agiritegiaren XXX. urteurrena ospatzeko antolatu dituen ekitaldien esparruan, datorren ostegunean, azaroak 10 dituela, arratsaldeko 19:00etatik aurrera, hitzaldi bat eskainiko da Fundazioaren egoitzan, honako izenburu honen ildoan: «Paperezko memoria. Euskal Abertzaletasunaren Agiritegiaren hiru hamarkada»
- 2022ko azaroaren 10a, osteguna
- 19:00h -(e)tik 21:00h -(e)tara
- Sabino Arana Fundazioa
Sabino Arana Fundazioaren artxibozainek, Eduardo Jauregik eta Luis de Gezalak, Euskal Abertzaletasunaren Agiritegiari eta haren dokumentu-funtsei buruz hitz egingo dute: historiaz, titulartasunaz, jatorriaz, tamainaz, 1992ko uda hartan, funts guztiak Baionatik Arteara (Arratia) ekartzeko lekualdatzeaz, bai eta norbanakoek urterik urte ematen dituzten dohaintzez ere.
Euskal Abertzaletasunaren Agiritegiak gaur egun duen bolumenaz, funtsen kopuruaz, lan bibliografikoez, ikertzaileen intereseko gaiez, eta azken hogeita hamar urteotan agiritegira jo duten ikertzaileen eta kontsulten kopuruez ere arituko dira historialariak, Euskal Abertzaletasunaren Agiritegiaren egungo ikuspegi orokorra eta, gizarteari gure oroimenaren eta nortasunaren bermatzaile den aldetik, gizarteari eskaintzen dion zerbitzua sakonago aletzeko.
Curriculum laburrak
Luis de Gezala –Historiako doktorea eta Artxibozaintzako masterduna−, hasiera-hasieratik, Liburutegia eta Hemeroteka osatzen duten funtsak kontrolatzeaz, erregistratzeaz eta deskribatzeaz arduratu da. Funts horiei guztiei, hastapenetan, “osagarri” esaten zitzaien, baina duela urte batzuetatik hona berezko nortasuna dute, hartutako tamainagatik, edukiagatik eta garrantziagatik. Jarduera horrekin batera, beste zeregin batzuk gauzatu ditu, hala nola Sabino Arana Fundazioak plazaratzen dituen lanak –Fundazioarenak berarenak edo besterenak− argitaratzeko kontrola kudeatzea, kontsultei erantzutea edo agiritegira datozen ikertzaileei arreta egitea, unibertsitateko ikasleei prestakuntza ematea edo, 2009az geroztik, DEIA egunkariak ordutik bi orrialdetan kaleratzen dituen euskal historiari lotutako kultura-, politika- edo gizarte-gaiei buruzko artikuluen argitalpena koordinatzea, askotan, artikulu horien egile ere izan delarik.
Eduardo Jauregi Historiako lizentziaduna eta Artxibozaintzako masterduna da. Hasiera-hasieratik, agiritegia Arratiako Artean egondako 20 urteetan, funtsen koordinatzailea izan da eta Fundazioarekiko solaskidea Meñaka eraikinean (agiritegiaren egoitzan) behar zen guztiaren gainbegiratzaile gisa. Artxibozain gisa, dokumentu-funtsak antolatu eta deskribatu ditu, eta horrez gain, erakundearen kudeaketari eta administrazioari doazkion zereginak ere gauzatu ditu (urteko aurrekontuak, oroitidazkiak, txostenak, dirulaguntza-eskaerak eta abar prestatzea), materialak bildu ditu eta agiritegian konfiantza erakutsi duten dohaintza-emaileekiko harremanak landu ditu eta, urteetako eskarmentua baliatuz, ikasleen eta bekadunen prestakuntzan ere aritu da, Fundazioaren web-orria sortzen lagundu du, edukiak eguneratzen, bilatzaileen eta datu-base mekanizatuen barne-funtzionamendua hobetzen, eta, azken batean, Fundazioak eta Agiritegiak Interneten eta sarean eskaintzen duten zerbitzua ontzen.