Hitzaldia 2019ko martxoaren 18a

Eugenio Ibarzabalek eta Isabelle Ajuriagerrak ondoko liburua aurkeztuko dute: "Juan Ajuriagerra. El Hermano mayor"

Bihar, martxoak 28, ostegunarekin, 19:30etan, Sabino Arana Fundazioaren egoitzan. Honako liburu honek euskal abertzaletasunaren erreferenteetako baten nortasuna eta izaera aletzen dizkigu. Juan Ajuriagerraren heriotzaren 40. urteurrena joan den abuztuan izan zen.

Eugenio Ibarzabalek eta Isabelle Ajuriagerrak ondoko liburua aurkeztuko dute: \

Eugenio Ibarzabal idazle, kazetari, ekonomialari eta politikariak hitzaldia eman eta «Juan Ajuriagerra. Hermano mayor» izeneko liburua aurkeztuko du bihar, martxoak 28, ostegunarekin, Sabino Arana Fundazioan, arratsaldeko 19:30etik aurrera.

 

Orain dela 40 urte, Ajuriagerra hil baino hiru hilabete lehenago, politikari jeltzaleari egindako elkarrizketetan oinarriturik, Eugenio Ibarzabalek euskal abertzaletasunari lotutako gizon erabakigarrienetako baten biografia idatzi du. Liburuan, Juan Ajuriagerraren bizipen eta egintza asko azaltzen dira: frankisten 1936ko uztailaren 18ko matxinadaren aurrean eta ondoko egunetan zer egin zuen; gerra sasoian, informazio-arduraduna eta agintaria izanik, nola jokatu zuen; Santoñako Itunaren negoziazioetan zer-nolako parte-hartzea izan zuen; espetxealdian zer jokaera izan zuen; Donostian emandako aldi klandestinoan zer egin zuen; Eusko Jaurlaritzako Informazio Zerbitzuarekin zergatik eten zuen; ETAren sorrera; indarkeriaren aurreko jarrera; Trantsizioan izan zuen eginkizuna; eta, azkenik, konstituzioaren eztabaidan zer-nolako jarrera izan zuen.

 

Hitzaldian, Isabelle Ajuriagerra, Juanen iloba eta euskal kultura-eragilea, alboan izango du Eugenio Ibarzabalek. Isabellek Ipar Euskal Herriko Erdi Aroa eta Frantziako Iraultza eta Quebec-en eta Euskal Herriaren arteko harremanak ikertu ditu.


Eugenio Ibarzabal

Donostian jaio zen, 1951ean. Ekonomia Zientziak ikasi zituen Bilbon eta hainbat lanetan aritu da: ekonomialari, kazetari, politikari eta hizlari. Deia egunkarian, erredakzio-burua izan zen; Muga aldizkariaren koordinatzailea; Eusko Jaurlaritzaren Lehendakaritzako idazkaria eta bozeramailea izan zen; ETB2ko El Otro Punto de Vista saioaren zuzendari eta aurkezlea izan zen; eta TVEko Punto y Aparte saioaren editoreen burua. Geroago, 25 urtetan, aholkulari jardun du erakundeak hobetzen, pertsonak garatzen eta lantaldeen jarduna eraginkortzen.

 

Bost elkarrizketa-liburu idatzi ditu, besteak beste, Manuel Irujo, Koldo Mitxelena eta José María Setieni egindako elkarrizketetan oinarritutakoak. Bestalde, pertsonen garapenari lotutako bi liburu idatzi ditu: Volver a empezar eta Vivir. Bi eleberri udatzi ditu: La Trampa eta Cincuenta semanas y media en Brighton, saiakera politiko bat: Un País a espátula eta memoria-liburua ere idatzi du: Días de ilusión y vértigo.


Isabelle Ajuriagerra

Euskal kultura-eragilea. Psikiatria arloan, XX. mendeko psikiatrarik ospetsuenetakoa izan zen Julian Ajuriagerraren alaba da. Arkeologia eta Artearen Historiako lizentzia atera zuen Sorbonako Unibertsitatean 1976an, eta 1979an doktoretza eskuratu zuen. 1980an, berriz, Historiako lizentzia atera zuen eta «Diplôme d’Études Approfondies d´Antiquités Nationales et Protohistoire Européenne» deritzon titulua eskuratu zuen.

 

1995ean, Udako Euskal Unibertsitateko irakaslea izan zen. Ipar Euskal Herriko Erdi Aroa eta Frantziako Iraultza ikertu zituen, bai eta Quebec-ek eta Euskal Herriak izandako harremanak ere. Iparraldeko kultura-erakunde eta -elkarte nagusietako kidea da eta horiekin kolaboratzen du: Baionako Euskal Museoa, Eusko Ikaskuntza, Ikas, Lauburu… Hainbat zientzia-aldizkaritan argitaratu ditu artikuluak, besteak beste, RIEV aldizkarian eta Euskal Museoaren aldizkarian.