Hitzaldia • 2022ko maiatzaren 18a
Gregorio Arrieni omenaldia Gure herriaren historiaren ikertzaile eta zabaltzaile nekaezina
- 2022ko maiatzaren 18a, asteazkena
- 19:00h -(e)tik 21:00h -(e)tara
- Sabino Arana Fundazioa
Sabino Arana Fundazioak Gregorio Arrien Berrojaetxebarria historialari, euskararen bultzatzaile eta elizgizon pasiotarrari omenaldia egingo dio maiatzaren 18an, arratsaldeko 7etatik aurrera, Fundazioaren areto nagusian.
EHUko irakasle, Hezkuntzaren historiaren ikertzaile eta unibertsitate horretako Hezkuntza Museoko kide Joxe Garmendiaren eskutik, irakaslea izandako gizon jakin hori gogoraraziko dugu. Arrienek Gerra Zibilean haurren erbesteratze eta ebakuazioei buruzko, Bizkaiko XX. mendeko hezkuntzari buruzko (batik bat, auzo-eskolei buruzko) eta pasiotarren historiari buruzko lan ugari idatzi zituen.
Kortezubin (Bizkaia) jaio zen, 1936ko urriaren 28an, eta 1962an apaiztu zen. Arrienek ondo baino hobeto uztartu zituen ikertzaile- eta irakasle-lanak. Gabiriako (Gipuzkoa) apaiztegian, San Gabriel ikastetxean eta Eubako (Amorebieta-Etxano) Lauaxeta Ikastolan irakasle aritu zen. Sabino Arana Fundazioaren Patronatuko kide ere izan zen.
1985ean, doktoretza atera zuen Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean, ondoko tesia aurkezturik: «Hezkuntza eta Bizkaiko auzo-eskolak (Eskola eta Autonomia, 1898-1975)», eta izenburu hori erabiliz argitaratu zuen 1987an.
Gerra Zibileko haurren erbesteratzea ikertzeari egindako ekarriaz denaz bezainbatean, Joxe Garmendiak 1983. urtean argitaratutako «La generación del exilio. Génesis de las escuelas vascas y las colonias escolares, 1932-1940» (Erbesteratzearen belaunaldia, euskal eskolen eta euskal udalekuen sorrera, 1932-1940) izeneko lana aztertuko du. Bizkaiko hezkuntzaren historiari gagozkiola, Arrienen azken liburua, hil ondoren argitaratutakoa, izango du hizpide. Auzo-eskolei buruzko lana da, Arrienen tesiaren berrargitalpena. Eta pasiotarren historiari dagokionez, “Medio siglo de un centro educativo, pasionistas de Euba, 1956-2006” (Ikastetxe baten mende erdia, Eubako pasiotarrak, 1956-2006) liburua aztertuko du.
Gregorio Arrienek hainbat aintzatespen jaso zituen ikertzaile eta hedatzaile gisa, horien artean, Urrezko Luma (2004), Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailak emanda, euskararen alde egindako lanagatik. Era berean, Eusko Ikaskuntzak eta Amorebieta-Etxanoko Udalak omenaldi bana egin zioten. Arrien Eubako pasiotarren komunitatean hil zen, 2019ko abenduan.
Datorren maiatzaren 18ko ekitaldia antolatuta, Sabino Arana Fundazioak aintzatespen horiekin bat egin eta merezitako omenaldi hau egin nahi dio Arrieni, eta, aldi berean, Sabino Arana Fundazioarekin hainbestetan kolaboratu zuen ikertzaile pasiotar nekaezinaren lan historiografiko handia zabaltzen lagundu.