Hitzaldia 2022ko ekainaren 15a

«AMAIUR. Gaztelu baltza» izeneko liburuaren aurkezpena

«AMAIUR. Gaztelu baltza» izeneko liburuaren aurkezpena
  • 2022ko ekainaren 15a, asteazkena
  • 19:00h -(e)tik 21:00h -(e)tara
  • Sabino Arana Fundazioa

Nabarralde Fundazioak eta Sabino Arana Fundazioak «AMAIUR. Gaztelu baltza» izeneko liburua aurkeztuko dute datorren asteazkenean, ekainaren 15ean, arratsaldeko 7etatik aurrera, Sabino Arana Fundazioaren egoitzan.

Angel Rekalde Nabarralde Fundazioko zuzendariak eta Amaia Ballesteros irudigile eta komikigileak komiki-formatuan egindako argitalpena da, Amaiurko gazteluaren historia kontatzen duena. Bertan, orain dela 500 urte, Nafarroako Erresumaren independentziaren aldeko azken borroka izan zen.

1522an, Nafarroako konkistaren aurkako eta Gaztelako koroari atxikitzea saihesteko azken erresistentzia-gune bilakatu zen. Berrehun nafar inguruk 10.000 soldaduk baino gehiagok osaturiko Espainiako tropen setioari aurre egin zioten. Hil arteko defentsa etsia izan zen. Gaur egun, Amaiurko gazteluaren memoria erresistentziaren ikurra dugu eta Nafarroa independente eta burujabea izaten jarraitzeko borondatearen isla.

Egileak

Angel Rekalde (Tolosa, 1957) Soziologia eta Politika Zientzietako lizentziaduna, Komunikazio Zientzietako doktorea eta Nabarralde Fundazioko zuzendaria da.

Hainbat liburu argitaratu ditu Txalaparta argitaletxearekin: «Herre­ra, prisión de guerra», «Dorregarai, la casa torre»; «Sombras del alba»; «Mugalaris». «La question basque» (Paris, Edittions l'Harmattan) lana idazten ere parte hartu du. Rui Pereira idazle eta irakaslearekin batera, «O novo jornalismo fardado. El País e o nacionalismo» izeneko lana idatzi du. «11-M. El otro nervio de la guerra» lana koordinatu du. Pamielaren eskutik, «La República del Bidasoa» kaleratu du. Eta Nabarralde Fundazioarekin, berriz, «Elogio de la Toscana».

Amaia Ballesteros (Trapagaran, 1978) irudigilea eta komiki-marrazkilaria da. Hauexek dira Ballesterosek argitaratutako lan batzuk: “Euskaltzaindia, euskararen 100 urteko laguna”, Juan Luis Zabala idazlearekin batera.

Ekonomia solidarioaren inguruan, ondoko lanak irudiztatu ditu: «A las afueras», «El Laberinto» eta «Oletakorta» (REAS Euskadi eta Alboan Fundazioa).

Indarkeria matxistaren prebentzioaren inguruan: «Quién eres tú, busca tu ID», «¿Quedamos esta noche?», «No te enRedes» (Eusko Jaurlaritza).

Saure argitaletxearentzat, «Gernika por la paz y la reconciliación» eta “Cartographica”, itsaslapur eta itsasoko piztiei buruzko komikia, irudiztatu ditu.