Hitzaldia • 2022ko ekainaren 2a
Liburu eta diskoaren aurkezpena: "Orixe´ren oparia: Gregorianoa euskaraz"
- 2022ko ekainaren 2a, osteguna
- 19:00h -(e)tik 21:00h -(e)tara
- Sabino Arana Fundazioa
Parte-hartzaileak: Jokin Otamendi (zuzendaria), Juan Jose Iturrioz eta Joxe Manuel Balerdi (bozeramaileak) eta Luis Aranalde (Orixeren iloba).
Donosti Ereski Gregoriar Schola elkarteak Nikolas Ormaetxea Orixe-k euskaratutako kantu gregorianoak biltzen dituen liburua eta CDa aurkeztuko ditu Sabino Arana Fundazioan, ekainaren 2an, ostegunarekin, 19:00etatik aurrera.
Euskal Pizkundeari atxikitako egileek jorratu zuten bideari loturik, Orixe bera euskal kultura tradiziotik atera eta kultura maila jaso eta jantzia ematen ahalegindu zen mugimendu horretako kide dugu. Euskal Pizkundea Gerra Zibilaren aurreko urteetan garatu zen eta, esan bezala, aro euskaltzale emankorra izan zen. Hala, olerkigintzan, esaterako, Lizardik eta Lauaxetak garai hartan puri-purian zeuden literatura-joera eta moldeei jarraiki landu zituzten euren olerkiak.
Bestalde, euskara idatzizko tradizio urriko hizkuntza izanik, gerraurreko kultura-mugimendu berritzailea Europako pentsamenduaren baitako lan klasikoak itzultzen ahalegindu zen. Gerra Zibila amaitu ostean, erbesterako bidea hartu behar izan zuten beste idazle batzuk ere lotu zitzaizkion Mendebaldeko kulturaren mugarri nagusiak euskaratzeko ahalegin horri, hala nola Jokin Zaitegi, Andima Ibinagabeitia edo Vicente Amezaga, Shakespeare edo Sofokles-en lanak euskaratuta.
Jakintza klasikoa euskaratzeko ildo horren barruan, bere ikuspegi espiritualarekin bat, meza-liburua euskaratu zuen latinetik Nikolas Ormaetxeak, Jesus Maria Leizaolak, Iñaki Azpiazuk eta beste pertsona ezagun batzuek eskatuta. Eta Urte guztiko Meza Bezperak meza-liburuaren osagarri gisa, kantu gregorianoaren letra ere euskaratu zuen.
Kantu gregorianoa kantu laua da, otoitz errezitatua edo kantatua, giza ahotsa beste musika-tresnarik ez darabilena, eta testua musikaren gainetik lehenesten duena, letra ez baita musikaren osagarri hutsa, atal garrantzitsuena baizik. Orixe-k ederto batean ezagutzen zuen kantu gregorianoaren berezitasun hori, eta, horregatik, ez zen latinezko testua euskaratzera mugatu. Euskal hizkuntza ezin hobeto ezagutu eta euskaraz bikain aritzen zenez, eta espiritualtasun zein mistikarekiko sentikortasun berezia zeukanez, Ormaetxeak latinezko testuak ez zituen prosan itzuli, bertsotan baizik, latinaren silabei eta etenaldiei jarraituz. Horrela, bada, Orixe-rena ez da testuaren itzulpen hutsa, ezpada, latinezko testuaren interpretazio ederra, jatorrizkoaren muinari eutsita, eta, aldi berean, euskarazko poesia bilakatuta. Orixe-k frogatu zuenez, eta halaxe diote Donosti Ereski taldeko kideek, gregorianoa gure hizkuntzan ere abestu daiteke.
Donosti Ereski abesbatza gregorianistaren disko eta liburuaren aurkezpena egiazko omenaldia dugu Nikolas Ormaetxeak egindako literatura-lan itzela aitortzeko, Orixe-ren heriotzaren 60. urteurrenean, bai eta abesbatzaren 50. urtemuga ospatzeko ekitaldia ere. Esan beharra dago bi urteurren horiek iaz bete zirela, baina pandemiak eragindako gorabeherek gaur arte atzeratu dituzte ospakizunok.