Hitzaldia 2018ko otsailaren 12a

Roman Berriozabalek Arabako EAJ-PNV alderdiaren historian sakondu du, Gerra Zibilaren garaian (liburuaren aurkezpen bideoa)

• Ikerlanari esker, Arabako abertzaleek gerrak iraun bitartean pairatutako gorabeheren berri ematen dituen liburua argitaratu da. • Argitalpen berria ezagutzera emateko asmoz, Roman Berriozabalek hitzaldia emango du Gasteizen, otsailaren 22an, Vital Fundazioaren Luis de Ajuria aretoan (Alava jenerala 7), 19:30ean.

Roman Berriozabalek Arabako EAJ-PNV alderdiaren historian sakondu du, Gerra Zibilaren garaian (liburuaren aurkezpen bideoa)

«Arabako EAJ-PNV alderdiaren historia Gerra Zibilean. Uztailaren 18tik Azazetako mendateko erailketetara» dugu Roman Berriozabal ikertzaile eta euskal abertzaletasunari buruzko argitalpen batzuen egilearen azken liburuaren izenburua.

Argitalpen berria ezagutzera emateko asmoz, Roman Berriozabalek hitzaldia emango du Gasteizen, otsailaren 22an, Vital Fundazioaren Luis de Ajuria aretoan (Alava jenerala 7), 19:30ean.

Sabino Arana Fundazioak argitaratutako lan honek EAJ-PNV alderdiaren historia jorratzen du, hain zuzen ere, alderdi politiko horren Arabako antolakuntzak garai latz batean nozitu zuena, 1936ko matxinada militarra eta horren ondoko gerra erdiragarri eta zapalkuntza ankerrak iraun bitartean.

1936ko uda eta 1937ko udaberria artean, Arabako abertzaleek pairatu zituzten gorabeheren berri emateko, Roman Berriozabal buru-belarri murgildu da hainbat iturritan, besteak beste, agiritegiko dokumentuetan eta prentsako albisteetan, eta bildutako lekukotasunei esker, gertakari horiei buruz gaur arte idatzi den lanik osatuena dugu aurki aurkeztuko den liburu hau.

Berriozabalen lanak, gainera, sakontasunez eta zorroztasunez ikertu ditu gizon ondratu baten bizitzaren azken hilabeteak. Izan ere, José Luis Abaitua Pérez, militante abertzalea izateagatik atxilotu eta kartzelaratu zuten, eta gezurretan askatu ostean, basakeriaz erail zuten Azazetako mendatean 1937ko apirilaren 1ean, harekin gatibu egondako beste hamabost lagunekin batera, hainbat ideologiatakoak, besteak beste, PSOE, Partido Republicano Radical Socialista (PRRS), Unión Republicana (UR), CNT, UGT eta PCE alderdietakoak. Hildakoen artean, Izquierda Republicana (IR) alderdiko Gasteizko alkate Teodoro González de Zarate zegoen.

Lanak 230 orrialde dauzka guztira eta, haietan, 80 irudi jakingarri agertzen dira, besteak beste, Abaituaren atxilotzeari eta askatzeari buruzko gobernu-xedapenak. Lanaren gorputzari eranskin zabal eta behar-beharrezkoa atxiki zaio. Bertan, Abaituaren 61 lagun, hurbileko adiskide eta ezagunen alderdi biografiko ugari jasotzen dira. Horiek guztiek, bizia galdu ez arren, errepresio bortitza pairatu zuten.

Sabino Arana Fundazioko lehendakariak, Juan Mª Atutxak, ondokoa adierazi du liburu berria dela eta: “gorroto-hondarrak harrotu eta antzinako ezinikusiak biztu barik, honako lan hau argitaratu eta horren zabalkundea eginda, Sabino Arana Fundazioak ekarria egin nahi du, oro har, euskal memoria historikoa berreskuratzen eta, bereziki, Arabakoa gure egunotara ekartzen, oraingo honetan, Azazetako mendatean gertatu ziren hilketak gogoraraziz”.

Roman Berriozabal Azpitarte

Irakasletzako diplomaduna (EHU/UPV) eta Euskal Filologiako lizentziaduna (Deustuko Unibertsitatea) da. Bestalde, Eusko Jaurlaritzako karrerako funtzionarioa da 1982. urtetik. Ikertzailea da eta San Balendin Berrio-Otxoaren eta euskal abertzaletasunaren gaineko lan batzuk argitaratu ditu.

Liburuaren aurkezpena ikusi (bideo)