Hitzaldia • 2023ko azaroaren 9a
Zumardikoak Elkartea eta Sabino Arana Fundazioa Juan Ajuriagerraren oroimenez arituko dira Hondarribian politikari abertzalearen jaiotzaren 120. urteurrenaren kariz
- Eugenio Ibarzabal ekonomialari, kazetari eta idazleak hitzaldia emango du azaroaren 9an, ostegunarekin, 19:00etatik aurrera, Hondarribiko Karlos V.a paradorean. Bertan, une garrantzitsuetan erabaki politikoak hartzeko zailtasunaz hausnartuko du.
- 2023ko azaroaren 9a, osteguna
- 19:00h -(e)tik 20:30h -(e)tara
- Hondarribiko Karlos V.a paradoreko Salón de Tapices aretoan
Juan Ajuriagerraren jaiotzaren 120. urteurrena oroitzeko antolatu diren ekitaldien barruan, Zumardikoak Elkarteak eta Sabino Arana Fundazioak hitzaldia antolatu dute Eugenio Ibarzabal idazle, kazetari, ekonomialari eta politikariaren eskutik. Hitzaldia azaroaren 9an izango da, ostegunarekin, Hondarribiko Karlos V.a paradorean Salón de Tapices aretoan, arratsaldeko 7etatik aurrera.
«Ajuriaguerrari buruzko galderak» izenburupean, une garrantzitsuetan erabaki politikoak hartzeko orduan sortzen diren zailtasunei buruzko hausnarketa pizten saiatuko da Ibarzabal.
Euskal abertzaletasunaren historiari gagozkiola, Ajuriagerra XX. mendeko pertsona garrantzitsuenetako bat izan zen. Izan ere, alderdi jeltzalearen zuzendaritzako kideekin batera, Ajuriagerrari egokitu zitzaion EAJ-PNV alderdiaren eta Herri honen bilakaeran eragin handia izan zuten erabakiak hartzea, gerra piztu zenetik diktadura amaitu ondorenera arte.
«Ajuriagerraren inguruko galderak» izenburuaren harian, Ibarzabalek gogoeta piztu nahi du garrantzi handiko uneetan erabaki politikoak hartzeko agertzen diren zailtasunen inguruan.
Aurten, 2023an, Ajuriagerraren jaiotzaren 120. urteurrena eta haren heriotzaren 45. urteurrena (1903-1978) beteko dira. Zendu baino hiru hilabete lehenago, elkarrizketa egin zion Ibarzabalek, eta bilera haren zein geroago artxiboetan egindako ikerketen emaitzaz, «Juan Ajuriagerra. El Hermano Mayor», liburua argitaratu zuen 2019an.
Azaroaren 9an, Hondarribian izango den hitzaldian, Eugenio Ibarzabalek Ajuriagerraren bizitzako hainbat gertakari aukeratuko ditu, «entzuleei galderak proposatzeko eta politikariak hartu behar izan zuen erantzukizuna hobeto ulertzen laguntzeko, alde onei eta txarrei begiratzeko, haren lekuan jartzen saiatuta eta guk geuk zer egingo genuen pentsarazi nahian, igarotako denborak ematen digun ikusmoldetik abiatuta», adierazi du.
Ibarzabalen esanetan, «hitzaldiak hausnarketa politikoari buruzko ariketa izan nahi du, bai eta bizitza publikoko une jakin batzuetan, kasu honetan, Juan Ajuriagerrari buruzkoak, erabaki garrantzitsuak hartzeak dakarren zailtasunari buruzkoa ere».
Eugenio Ibarzabal
Donostian jaio zen, 1951. urtean. Ekonomia Zientziak ikasi zituen Bilbon eta ekonomista, kazetari, politikari, aholkulari eta hizlari jardun du.
Deia egunkarian, erredakzio-buru izan zen, Muga aldizkariko koordinatzailea, Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzako idazkari nagusia eta bozeramailea, ETB2ko El Otro Punto de Vista saileko zuzendari eta aurkezlea eta TVEko Punto y Aparte editoreburua izan zen. Geroago, 25 urtetan, aholkulari aritu da erakundeen eta pertsonen garapena hobetzen eta lantaldeen jarduna errazten.
Juan Ajuriagerraren biografiaz gain, hainbat elkarrizketa-liburu idatzi ditu, besteak beste, Manuel Irujo, Koldo Mitxelena eta Jose Maria Setienekinekikoak, baita garapen pertsonalari buruzkoak ere: Volver a empezar y Vivir. Besteak beste, La Trampa eta Cincuenta semanas y media en Brighton eleberriak idatzi ditu, bai eta gogoeta politikoa pizteko liburu bat ere: Un País a espátula. Bere memoria politikoak argitaratuta ditu: Días de ilusión y vértigo. 2021ean, Los Sota: Esplendor y venganza argitaratu zuen.