Prentsa oharra 2018ko azaroaren 29a

1918-2018: Woodrow Wilson presidentearen adierazpenaren eta Europako nazionalitateen loraldiaren mendeurrena

IEDk eta Sabino Arana Fundazioak antolatutako jardunaldia

1918-2018: Woodrow Wilson presidentearen adierazpenaren eta Europako nazionalitateen loraldiaren mendeurrena

Estatu Batuetako presidente Woodrow Wilsonen 14 ataleko adierazpenaren eta Europako nazionalitateen loraldiaren mendeurrenaren ingurumarian, Europar Demokraten Institutuak (IED) eta Sabino Arana Fundazioak “1918-2018: lurralde eraldaketak eta Europako eraikuntzaren geroa” izeneko mintegia egin dute gaur Bilbon. Jardunaldi horren helburu nagusiak izan dira egungo egoera mahairatzea eta Europa eraikitzen jarraitzeko proiektuaren etorkizuneko aukerak aztertzea.

 

Berrogei bat parte-hartzailek, besteak beste, irakasleek, ordezkari politikoek, erakundeetako ordezkariek, ekonomialariek eta abarrek gai ugari jorratu dituzte, kasurako, Brexit auzia, Eskozia, hungarieraz hitz egiten duen Szekler komunitatearen autodeterminazio-aukerak, SESB izandakoaren desagerpena, burujabetza nazionalak… Horretarako, hiru hizlarik jardun dute mintegian: Attila Dabis, Szekler Nazio Kontseiluaren (SzNC) Kanpo Gaietarako komisarioa; Nicola McEwen, Edinburgoko Unibertsitateko Lurralde Politikako irakaslea eta Centre on Constitutional Change (Konstituzio Aldaketarako Erakundea) erakundeko zuzendarikidea; eta Valentin Popescu kazetaria. Xabier Ezeizabarrenak, Deustuko Unibertsitateko eta UPV/EHUko Administrazio Zuzenbideko irakasleak, jardunaldia koordinatu du eta moderatzaile aritu da bertan.

 

Nicola McEwen andreak emandako hitzaldiaren ildo nagusia Eskoziako independentziaren ekimena izan da, Brexit auziaren testuinguruan. Hala, nazio independentziaren ingurumari baten barruan, sor litezkeen Eskoziako kanpo harremanak eta gobernuen arteko harremanak ikertzen dituen aditu horrek azpimarratu du eskoziarrek zailtasun handiak dituztela “autodeterminazio-ideiak garatzeko elkarren aurka dabiltzan nazionalisten eskakizunen testuinguru batean”. McEwenek nabarmendu duenez, Brexit ekimena, besteak beste, britainiarren “adierazpen nazionalista da”, “eskoziarren asmo nazionalen aurkakoa”.
 
Brexit auziaren esparruan, McEwen irakasleak Eskoziako independentzia-aukerak aztertu ditu. Hau da, Brexitek independentziaren esangurari zelan eragiten dion eta, etorkizunean, Erresuma Batuaren eta Europar Batasunaren arteko harremanak Eskoziako nahiari zelan eragin dakiokeen aztertu du. “Zalantzaz jositako unea da, baina Europak eginkizun esanguratsua izan dezake eta etorkizuneko emaitzak baldintza ditzake”, adierazi du.

 

Borondate falta

 

Valentin Popescu kazetari eta nazioarteko politikako analistak azken 100 urteotan Europan jaso diren gertaera politiko eta militarren laburpena egin du. Azkenik, azpimarratu du “joan den mendean garrantzi handiko ekintza bat gertatu zela, Merkatu Batua sortzea, alegia, eta horrek Europar Batasuna ekarri zuela”. Hala eta guztiz ere, Popescuk uste du kontinentearen batasun soziopolitikoa ez dela gaurdaino erdietsi “borondate faltagatik”.

 

Gainera, Popescuren aburuz “Kontinente Zaharreko nazioen arteko alde ekonomiko ikaragarriak gutxi balira bezala, Europan oraindik ere errotuta dauden kultura-, moral- eta erlijio-irizpideek izugarri zailtzen dute batasuna”.

 

Horregatik, Valentin Popescuren iritziz, “hastapenetako proiektu idealista eta itxaropentsu hura huts egiten ari da gaur egun eta desegiteko zantzu larriak dauzka. Gizarte eta politikaren ikuspegitik, Europa parekide eta solidarioaren ideia esparru tamalgarria da gaur egun; esparru hori zatikatzen ari da iparraldean, Brexiten eraginez; erdialdean, Polonia eta Hungariako autoritarismoz itota dago; eta sekulako kiratsa dario ekialdean, ustelkeria zabal-zabal eta nahierara baitabil Bulgarian eta Errumanian”.

 

“Eta hori guztia gutxi balitz, goseari eta hirugarren munduko gerrei ihesi dabilen jende-oldeak bazter guztietan agerrarazitako eske humanitarioak Europako biztanle gehientsuenen sentimendurik ilunenak azaleratu ditu, errukia eta elkartasun apur bat erakutsi beharrean. Gauza guztien gainetik, halere, esandakoak gertatu dira nazioz gaindiko proiektu horrek sorreratik bertatik izan duen akats nagusiaren eraginez: nazio subiranotasunari kosta ahala kosta eutsi nahi izatea”, adierazi du.

 

Amaitzeko, Popescuk esan du “ibilbide politikoa amaitu delako zantzuak agerikoak direla; badirudi guztia likidazio-aldian dagoela”. Hala ere, kazetaria baikorra da eta tinko eskatu du “Bruselak jendea eta beste ideia batzuk aurki ditzala XX. mendeko egitura politikorik handiena eraikitzen jarraitzeko”.

 

Beste alde batetik, Attila Dabisek, hungarieraz mintzatzen den SzNC komunitatearen giza eskubideak eta autodeterminazio-nahia aldezten dituen  gizarte zibileko mugimenduko kideak, azken 100 urteotan aipatutako komunitateak muga eta sistema politikoen aldaketen aurrean izan dituen erantzunak azaldu ditu. Dabisen esanetan, “SzNC autodeterminazio-nahi maximalistak atzean utzi, eta nazioaren interesak defendatzeko urrats zehatzak egin ditu”.
 
Era berean, azaldu du SzNCren autonomia-estatutuaren zirriborroak ¬–hirutan bidali da Errumaniako Parlamentura– “Sud-Tirol edo Euskal Autonomia Elkartea bezalako eskualde autonomiadunetako estatutuetan duela oinarri”.