Prentsa oharra 2020ko urtarrilaren 26a

2019ko SABINO ARANA SARIAK, izaera, berrikuntza eta konpromisoaren eredu

2019ko SABINO ARANA SARIAK, izaera, berrikuntza eta konpromisoaren eredu

Euskal abertzaletasunaren sortzailearen jaiotzaren 155. urteurrenarekin (1865eko urtarrilaren 26a) bat eginik , Sabino Arana Sarien XXXI. edizioa eskaini du gaur Sabino Arana Fundazioak. Kultura-ekitaldi hau printzipioen aldarrikapen biribila izan da, eta horri aurtengo saridunen berezko ezaugarriak batu zaizkio: nazio aitortzaren eta identitatearen aldeko borroka, ingurumenarekiko eta elkartasunarekiko errespetua, oinarrizko kirolarekiko eta prestakuntza osoarekiko konpromisoa, euskararen sustapena eta hedapena unibertsitatearen eremuan eta Zuzenbidearen arloan, eta elkartasunaren zein bidezko gizarteratzearen sustapena, genero-identitatearekiko errespetuan oinarrituta.

 

Hain zuzen ere, Iñigo Urkullu, Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, buru izan duen aurtengo ekitaldian, Saski Baskonia saskibaloi-taldea; Ternua Group, kirola eta moda jorratzen dituen euskal enpresa taldea; Naizen, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako adingabe transexualen familien elkartea; Andres Urrutia notario eta euskaltzainburua; eta Gilles Simeoni, Korsikako Kontseilu Exekutiboko presidentea, izan dira saridunak.

 

Ekitaldiaren hasieran, Juan Mari Atutxa Sabino Arana Fundazioaren lehendakariak guztien inguruan berba egin du eta horietako bakoitzaren balioak eta nork bereizgarri dituen printzipioak azpimarratu ditu.

 

Fundazioaren zuzendari Irune Zuluagak lagunduta, Atutxak saridunak hartu ditu banan-banan Arriagako agertokian.

 

Saski Baskonia

 

Josean Kerejeta Saski Baskoniako presidentea harro agertu da klubak bere 60 urteko historian lortu dituen lorpenengatik. Futboleko Lehen Mailan jokatzen duen talde baten (Alavesen) akziodun nagusia da eta, gainera, Saski Baskoniak kirolgune garrantzitsuenetakoa dauka kontinenteko saskibaloi-taldeen artean. Bestalde, 500 zuzeneko lanpostu baino gehiago ditu eta, hortaz, langile gehien dituen enpresetako bat da Araban.

 

Kerejetak esan du Baskoniaren proiektua “nazioartean aitortu eta hainbat unibertsitatetan aztertzen den kirol-arloko kudeaketa-eredua” dela; ildo horretan, Deustuko Unibertsitateak esan du “klubaren balio soziala balio ekonomikoa bera baino handiagoa eta baliotsuagoa dela”.

 

“Horregatik, ez dugu gure taldea ulertzen kirol mailaz bakarrik arduratu eta inguruan duen gizartetik at dagoen klub baten gisan; kezkatu egiten gaituelako, gure gizartearekin konprometiturik gaude. 20.000 umek baino gehiagok parte hartzen dute gure programetan, eta gure gizarteari laguntzeaz harro gaude Baskonia for Life lako gizarte proiektuen bidez”, adierazi du Kerejetak.

 

“Horregatik guztiagatik, klub bat baino zerbait gehiago da Saski Baskonia. Kirolarekiko grina sustatzen duen hiriburu baten ikurra da taldea, bertako biztanleen harrotasuna eta nortasuna batzen ditu, eta Gasteizko eta Arabako gizarte kohesioa zein ekonomia sustatzeko tresna bikaina da”, esan du Baskoniako presidenteak.

 

Ternua Group

 

Ondoren, Juan Luis Lasak, kirola eta moda jorratu eta ingurumenaren nahiz gizartearen aldeko engaiamendua ezaugarri duen Ternua Group euskal enpresa-taldeko presidenteak esan duenez, “Gure balioak, sustraiak eta mundura zabaltzeko gogoa ditugu konpainiaren arrakastaren gakoak”.

 

Balioei dagokienez, Lasak zehaztu duenez, “Ternua Groupen garrantzi handiagoa ematen diogu NOLA edo gauzak egiteko moduari ZERi baino. Moda iraunkor edo jasangarria modan jarri baino askoz lehenago, gure konpainiak, produktuak ekoizterako orduan, gauzak NOLA egin lehenetsita zeukan.

 

Bigarrenik, gure sustraiek nor garen gogorarazten digutela ziurtatu du Lasak: “Sustraiek nortasuna, balioak, eustarria edo munduan egoteko modu jakin bat ematen dizkigute. Azken batean, gauzak egiteko modu jakin bat. Guretzat, hemen egotea, gure jendearekin egon ere, lehentasunezkoa da”, azpimarratu du konpainiako presidenteak.

 

Azkenik, mundura zabaltzeko  lorkizunez ere hitz egin digu Lasak: “gauza berrietan murgiltzen, desberdinaz txunditzen eta besteena miresten dugu, hona itzuli eta hemen jarraitu ahal izateko”.

 

Naizen

 

Ondoren, Ian, Naroa eta Izarrek, gurasoekin eta adingabe transexualen familien Naizen elkarteko Bea Sever bozeramailearekin batera, saria jaso dute sexu-aniztasun inklusiboa lantzen eta adingabe transexualen errealitatea ikusgarri egiteko konpromisoa duten haur, gazte eta haien familia guztien izenean.

 

Hitzaldiaren hasieran, Severrek gogorarazi du Naizen elkartea orain dela urtebete sortu zela, nahiz eta “familien bidaia lehenago hasi zen, ‘Chrysallis Euskal Herria’ moduan, duela ia 5 urte”. Oztopo asko gainditu ostean, elkarteak “150 familia inguru batzen ditu gaur egun”, nabarmendu du bozeramaileak.

 

“Ez dago munduan seme-alaben zoriontasunaren aldeko borrokan dihardutenen kemena geldi dezakeenik”, azpimarratu du Severrek. “Zoritxarrez, Ekai bidean geratu zitzaigun, baina gizartearen zati handi bati esker, erakunde, hedabide eta guzti, gure ahotsa bazter guztietara barreiatzeko eta gure seme-alaben errealitatea ezagutarazteko aukera izan dugu”.

 

Hala eta guztiz ere, Bea Severren iritziz, “oraindik ere ezjakintasuna da gure etsai nagusia. Ezjakintasuna da bullying kasuen atzean dagoena edo familia batzuek seme-alabei entzun barik jarraitzearen arrazoi nagusia”. Horra Naizen elkartea egiten ari den lan handia: hitzaldiak eta materialak eskaini, legeak erakundeekin negoziatu eta abar.

 

Andres Urrutia

 

Hasteko, Andres Urrutia euskaltzainburu eta notarioak “itzal handiko foruzale” Adrián Celaya oroitu du: “maisu handia izan zen niretzat, herri honen alde gizarte zibiletik bertatik lan egiten irakatsi ziguna”. “Aurrerantzean etengo ez den kate baten kate-begiak gara; kate hori etorkizunera begira dago, egunez egun kate-maila berriak jarrita, eta euskara berebiziko osagaia izango da herri (kate) honen egituraketan”, adierazi du.

 

Ildo horretan, “Atzokoan finkatuz, gaur biharkoa bultzatu” Fundazioaren leloarekin bat eginez, Urrutiak esan duenez, “aurretikoengandik jasotakoa eguneratu behar dugu, eta hurrengo belaunaldiei erakutsi”.

 

Halaber, erakundeei dei egin die  “egunean egon daitezen, tinko, ahots propioa dutela, eta herritarren beharrei erantzuten jakin dezaten”.

 

Azkenik, Andres Urrutiak izeko bat (amaren ahizpa) ekarri du gogora, Lucrecia Badiola, hain zuzen ere, Gernikako maistra hark berebiziko eragina izan baitzuen oso txikitatik euskaltzainburuaren ibilbide intelektualean; 1937an, diktadura frankistak espedientatu eta erbesteratu zuen euskara erabiltzeagatik. “Izekok erakutsi zizkidan herri honen kulturaren balioa eta muina”, adierazi du.

 

Gilles Simeoni

 

Korsikako Batzorde Exekutiboko presidente eta Femu a Corsica (Korsika Egiten) alderdiko kide  den Gilles Simeonik euskaldunen eta korsikarren borrorroken arteko parekotasun sendoak azpimarratu ditu, esanez batak zein besteak helburutzat dutela gizarte justuago eta elkartasunezkoago bat bilatzen dihardutela. Nahi hauen erakusle jarri ditu Sabino Arana Fundazioak ematen dituen sariak, zeintzuk Simeonek esan duen legez, dibertsitatea, elkartasuna eta antzeko baloreak saritzen dituzten.

 

Ekitaldiaren amaiera bereziki hunkigarria izan da, Urkullu lehendakaria eta Andoni Ortuzar sarituak agurtzera agertokira igo direla. EAJ-PNV alderdiaren EBBko buruak Juan Mª Atutxaz berba egin du, Atutxaren azken ekitaldia izan baita gaurkoa Fundazioaren lehendakari gisa. Izan ere, Atutxak urtarrilaren 31n utziko du kargua, Fundazioan 14 urte eta hiru hilabete eman ostean eta alderdiari nahiz herrialdeari 40 urte inguruko arduraldia eskainita. Ortuzarrek eskerrak eman dizkio Atutxari urte hauetan guztietan egindako lanagatik eta bere esku-hartze eskuzabalagatik eta zorte handia opa dio hemendik aurrerako aldi berrian.