Prentsa oharra 2019ko ekainaren 14a

30 urte Berlingo harresia erori zela

Europako Alderdi Demokratak (PDE-EDP) antolatutako mintegia. Ekainaren 20an, ostegunarekin, SAFen egoitzan, 9:30-13:30.

30 urte Berlingo harresia erori zela

Berlingo harresia erori zenetik 30. urteurrena izango dela eta, Europako Alderdi Demokratak (PDE-EDP) mintegi bat antolatzen dihardu gertakizun historiko horren aurreko jazoeretako batzuk aztertzeko.

 

Ekainaren 20an egingo den jardunaldi horren lehen atalean, jazoera historiko hark nazioartean izan zuen oihartzuna aztertu eta ebaluatuko dugu, bai eta Europako Ekialdeko eta Hego-ekialdeko herrialde ugarik izan zituzten erabateko aldaketak, EBra eta OTAN erakundera batu ostean. Izan ere, Alemaniaren baterakuntzak eta Europako ekialdeko iraultza politikoek bizkortu egin zuten Europar Batasunaren eraketa. Gaur egun, 30 urte geroago, badirudi Europarekiko interesa apaldu egin dela, Brexit delakoak eta beste erronka batzuek higatutako batasuna ikusirik. Nolanahi ere de, Europak eskaintzen dituen aukerek hauspoa ematen diete aldaketa politikoari eta EBko kide ez diren Europako herrialde batzuetako erregimen politikoaren eraldaketari, hala nola Ukrainari. Hala, jardunaldiaren lehen zatian, etorkizunera begiratu nahi dugu eta, orobat, datozen urteotako Europaren eitearen edo eiteen traza hartu. 

 

Mintegiaren bigarren atalean, berriz, antzinako Jugoslavian 1989. urtetik aurrera gertatu zirenak eta horien ondorioak jorratuko ditugu. Beste alde batetik, Balkanetako oraingo egoera aztertuko dugu.

 

ECFR (European Council on Foreign Relations) erakundeko Madrilgo bulegoko zuzendari ohi Francisco de Borja Lasheras jaunak aurkeztu eta moderatuko du mintegia. Hizlari gisa, ondokoek parte hartuko dute: Jasmin Mujanovic, aholkulari politikoa, Europako hego-ekialdeko gaien analista eta The crisis of Democracy in the Balkans liburuaren egilea; Anna Korbut kazetaria, Chatham House erakundeko Robert Bosch Fellowships akademiako kidea; eta Valentín Popescu kazetaria.          

 

 

JASMIN MUJANOVIC

 

Politologoa eta Europako hego-ekialdeko eta nazioarteko gaien analista eta Torontoko York University-ko doktorea. Politika-arloko analista, aholkulari, ikertzaile eta idazle jardun du lanean, Ipar Amerikan nahiz Europan.

 

Mujanovic-en ikerketa akademikoek, oro har, Europako hego-ekialdeko politika jorratzen dute, eta, bereziki, Mendebaldeko Balkanetako herrialdeek darabilten politikari begiratzen diote, Europar Batasuneko kide ez direlarik. Eskuarki hartuta, Mujanovic-en lan-ildoak ondokoak direla esan dezakegu: nazioarteko harremanak, munduko ekonomia politikoa eta teoria politikoa. Demokratizazio-gertaerak ere gogoko ditu, bai eta herrialdeen garapena (estatuak sortzeko ahalegin ustelak ere aintzat hartuta) eta gatazken ondoko aldi baketsuen ikerketa ere, bereziki, Europako hego-ekialdeko eta ekialdeko herrialdeetan jazorikoak.

 

2018. urtean, aurreneko liburua argitaratu zuen: “Hunger and fury: the crisis of democracy in the Balkans” (“Gosea eta amorrua: demokraziaren krisia Balkanetan”).

 

ANNA KORBUT

 

Academy Robert Bosch Fellow, Russia and Eurasia Programme.

 

Korbut-en ikerketa-ildo nagusia Ukrainako hedabideen egungo egoera da.

 

2010-2018 aldian, kazetari lan egin zuen Ukrainan, nazioarteko gai eta herrialdearen kanpoko politikaren berriemaile. Hori baino lehen, kapitalen merkatuetan eta USAIDek babestutako finantza-erreformako proiektuetan lan egin zuen.

 

2017an, James Denton Transatlantic Fellowship deritzon elkartean parte hartu zuen Washingtonen. Atzerriko hizkuntzen gradua atera zuen Kyiv National Linguistic University-n.

 

VALENTIN POPESCU

 

Bucaresten jaiotako kazetaria. Zuzenbidea ikasi zuen Bartzelonan eta Kazetaritza Bartzelonan eta Madrilen.

 

El Correo Catalán egunkarian, EFE agentzian eta TVEn (azken biak Madrilen) erredaktore izan zen, La Vanguardia egunkarian lan egin zuen (25 urte eman zituen berriemaile Alemania eta Ingalaterratik), erredakzio-buru jardun zuen Sábado Gráfico astekarian eta erredaktore Actualidad albistarian (horietan bietan, Madrilen), Jinete albistariaren zuzendaria izan zen (Bartzelonan), Antena 3 irratiko kolaboratzailea da (Madrilen), eta nazioarteko politikako analista Radio Euskadin eta Deia egunkarian, bai eta Bartzelonako La Vanguardia egunkarian. Kolaboratzailea da Bartzelonako bi fundaziotan, irakasle aritu zen Bartzelonako Kazetaritza Eskolan (dagoeneko desagertuta) eta freelancer dihardu argitalpen askotan, estatuko irrati ugaritan eta nazioarteko irrati batzuetan.