Prentsa oharra 2020ko urriaren 27a

Abesbatzen mundua gizarte-, kultura- eta egitura-aldaketetara egokitu behar da

• Euskal abesbatzen mugimenduko ordezkariek memoriaren garrantzia nabarmendu dute XXI. mendean erronka berriak lortzeko.

Abesbatzen mundua gizarte-, kultura- eta egitura-aldaketetara egokitu behar da

Bilbao 700 Fundazioak eta Sabino Arana Fundazioak euskal kulturaren memoriaren arloan urtero-urtero antolatzen dituzten jardunaldien esparruan, abesbatzen mugimendua aztertu da oraingoan; “inolako zalantzarik gabe, mugarri loriatsuz betetako historia duen adierazpen artistikoa da koralena, eta haren alderdi on guztiak hartu behar ditugu horren etorkizun distiratsua sortzeko aurrerantzean” adierazi du Mireia Zarate Sabino Arana Fundazioaren presidenteak jardunaldiaren hasiera-ekitaldian. Harekin batera, Ana Madariaga, Bilbao Musikako zuzendari-kudeatzailea izan da.

 

«Euskal Abesbatzen Mugimendua: memoria eta erronkak» izenburuaren ildoan, Bilboko Koral Elkartearen kudeatzaile Iñigo Alberdik gidatutako mintegi honetan, ondokoek parte hartu dute hizlari gisa: Pello Leiñena, ERESBIL –Musikaren Euskal Artxiboa− erakundearen zuzendaria; Ana Berrizbeitia, UPV-EHUko Abesbatzaren presidentea; Valentín Atxotegi, Leioako Musika Eskolako zuzendari ohia; eta David Azurza, musikagilea eta Euskal Herriko Abesbatzen Konfederazioaren koordinatzailea. Era berean, euskal abesbatzen mugimenduko eta kulturaren esparruko hogei bat ordezkarik ere parte hartu dute ekitaldian.

 

“Garai batean esaten zen hiru euskaldunek batera orfeoia osatzen zutela. Taldean abestea euskaldunoi barrutik atera izan zaigun kontua izan da beti, berezko egintza. Eta hori ez da erabat desagertu gaur egun. Koru edo abesbatz handiak izaten jarraitzen dugu. Donostiako Orfeoia, Iruñekoa, Tolosakoa eta Bilboko Koral Elkartearena adibide argiak ditugu. Alabaina, gauzak izugarri aldatu dira. Elizak hustu dira eta elizkizunen batera joaten garenean, askotan, ez ditugu abestiak ezagutzen, ez da lehen moduan tabernetan ibiltzen… musikaren arrimuan gaude une oro eta leku guztietan, baina, gehienetan, ez da gure musika… Kantatu, San Mamesen ere ez dugu kantatzen dagoeneko” adierazi du Zaratek.

 

Hori dela eta, Sabino Arana Fundazioaren presidentearen aburuz, “geure burua berrasmatu eta oroimenari lotu behar gatzaizkio, iragan koralista loriatsua baitugu, eta horren alderdi on guztiak geureganatu behar ditugu horren etorkizun distiratsua izateko, Voltairek esandako esaldiak indarrean jarrai dezan: “euskaldunena Pirinioetako bi aldeetan abesten eta dantzatzen duen herria da”.

Beste alde batetik, Ana Madariagak azpimarratu duenez, “gizartearen aurrerabidea, garapena eta eraldaketa ezin dira ulertu ikuspegi kulturalik gabe. Eta zentzu horretan, koral bat komunitate baten aberastasun kulturalaren adierazle nagusietako bat da”.

 

“Kalitatezko kulturaren eta tokiko kultura-eragileen aldeko apustua egiten duen herrialdea gara”, adierazi du Madariagak. “Abesbatzak, beste musika-eragile batzuk bezalatsu, gure herrialdeko funtsezko aktiboak dira eta, hartara, horien alde egin behar da”, azpimarratu du Bilbao Musikako zuzendari-kudeatzaileak.

 

Ondoko hitzaldian, Pello Leiñena Eresbileko zuzendariak azaldu duenez, euskal abesbatzen esparruan, federazioaren jarduera erregimen frankistaren ostean normalizatu zen. “1979an, Bizkaiko Koralen Federazioak aurkeztutako lehen estatutuen ondotik, beste lurralde batzuetako erakundeak normalizatzeko jarduerak etorri ziren”, gogorarazi du Leiñenak. Lehenago, 1969. urtean, Abesbatzen lehen lehiaketa egin zen Tolosan, Kataluniako Federazioa eta A Coeur Joie elkartea eredutzat hartuta. Ekimen hura euskal abesbatzen federazio garapenaren oinarriak finkatzeko topagunea izan zen.

 

Leiñenak beste mugarri batzuk ere azpimarratu ditu, hala nola Euskal Herriko Federazioa eratzeko Batzarra (1983ko urtarrilaren 15a), “inflexio-puntua izan baitzen hainbat jarduera garatzeko, hala nola abesbatzen zuzendaritza-ikastaroak, abesbatzen topaldiak, Kantuz aldizkariaren argitalpena eta gure konpositoreek abesbatzen lan berrien argitalpena.

 

Bestalde, David Azurza Euskal Herriko Abesbatzen Konfederazioaren koordinatzaileak azaldu duenez, abesbatzen mundua egungo gizarte-, kultura- eta egitura-aldaketetara egokitzen ari da. “Paradigmaren aldaketa handia dago gaur egun abesbatzen jardunbidean, helburuetan eta ikuspegian, eta molde berriak ia-ia ez dauka zerikusirik XIX. eta XX. mendeetako abesbatzen izaerarekin eta lan egiteko moduarekin”, azpimarratu du.

 

Ana Berrizbeitia EHUko abesbatzaren presidente eta Elizbarrutiko Teologia Institutuko irakasleak “hondoratuko ez bagara, indarrak batu behar ditugula” azpimarratu du.

 

Azkenik, Valentín Atxotegi Leioako Musika Eskolako zuzendari ohi eta Leioako Kantika Koralaren kudeatzaileak Leioako abesbatzaren egungo proiektua eta etorkizuneko aukerak aztertu ditu.