Prentsa oharra 2017ko apirilaren 27a

Adituek Bilbon aztertu dute gaur palestinarren eta israeldarren arteko gatazkaren balizko konponbideak

Yaniv Shacham: “Bi estatuen aukera bideragarria eta egingarria da” Bassem Eid: “Palestinar eta israeldarren arteko bake-prozesu emankorra gerta dadin, oso garrantzitsua da Palestinako Agintaritzaren

Adituek Bilbon aztertu dute gaur palestinarren eta israeldarren arteko gatazkaren balizko konponbideak

Berrogeita hamar bat analista politikok, erakundeetako ordezkarik, hezkuntza-arloko ordezkarik, kontsulek eta hainbat antolakundetako kidek parte hartu dute gaur “Israel eta Palestina: beste aukera bat bakea finkatzeko?” izeneko mintegian. Sabino Arana Fundazioak eta Europako Demokraten Institutuak (IED) antolatu dute mintegia, honako helburu hau jorratzeko: bilakaera historikoaren ikuspegitik eta egungo egoeraren argitan, israeldarren eta palestinarren arteko bizikidetza eta auzokidetasun adiskidetsua bultzatzeko aukerak aztertzea.

Yaniv Shacham, bakearen alde jarduten duen Israelgo erakunde zaharrena den Peace Now antolakundeko kanpaina eta hedabide berrien zuzendaria; eta Bassem Eid, giza eskubideen aldeko ekintzaile palestinarra, analista politikoa eta Palestinako barne auzien inguruko berriemailea, hizlari aritu dira xede nagusia Ekialde Ertaineko alde nahasi horretan “bakea finkatzea” dela aldarrikatuta, eta biak bat etorri dira, inolako zalantza barik, “gatazkaren konponketak ekarpen izugarria ekarriko liokeela bakeari Ekialdeko eskualde horretan eta munduan”.

Jorge Dezcallar jaunak, Espainiako enbaxadoreak, moderatzaile jardun du mintegian: Hala, hasteko eta bat, Israel eta Palestinaren arteko gatazkari buruzko testuinguru laburra azaldu eta, konponbideak bilatzeko helburuz, historian zehar egin diren ahalegin esanguratsuenak aipatu ditu.

“Ez da beranduegi bi estatu eratzeko” izenburuko hitzaldian, Yaniv Shachamek Peace Now antolakundearen jardueren nondik norakoak azaldu ditu. Jarduera horien bidez, Peace Now delakoak Israelgo iritzi publikoan eragin nahi du alderdi batzuekin bat egin dezaten, hala nola okupazioa amaitzea, kokaguneen hedapena etetea eta Israel eta Palestinaren arteko gatazka modu baketsuan bideratzea bi estatu eratuta. Yaniv Shacham aditua da Israelgo politikan eta gizartean, eta bereziki, kokaguneen politikak Israelen zein Palestinan ekarritako ondorioetan.

Peace Now antolakundeko kanpainen eta hedabide berrien zuzendariak Zisjordaniako kokaguneen historia laburbildu du, okupazioak iraun duen 50 urtean, eta adierazi du israeldarren kokaguneen hedapenak “ez diola modurik ematen palestinarren lurraldea finkatzeari, Palestinaren garapen politikoa eta ekonomikoa eragozten duela eta Israelen ondoko estatu palestinarraren bideragarritasuna itotzen duela”.

“Kokaguneak eraikitzen jarraituz gero, arean zailagoa izango da bi estatu eratzea”, esan du Shachamek.

Nolanahi ere, bakearen aldeko ekintzaile israeldarrak esan du akordioa oraindik ere egin daitekeela eta bi estatu eratzea “aukera bideragarri eta egingarria dela”.

Beste alde batetik, giza eskubideen aldeko ekintzaile palestinar Bassem Eidek salatu du “sistemaz, gehiegikeria larriak egiten direla eta demokrazia-gabezia handiak daudela Palestinako Agintaritzak (PA) eta Hamasek administratutako lurraldeetan”. Eiden arabera, baldintza horiek “palestinarren eta israeldarren arteko gatazkaren konponbidea urrundu egiten dute”.

Ildo horretan, Palestinako ekintzaileak honakoa adierazi du: “PAk orain dela denbora luzetik urratzen ditu bere eskumeneko biztanleen oinarrizko eskubideak eta askatasun-aukerak”.

“Palestinako ahots isilduak: giza eskubide zanpatuak hedabideen begiradatik at” izenburuko hitzaldian, Eidek honakoa esan du: “eskualde horretan, egonkortasuna ahalbidetu, segurtasuna indartu eta palestinarren nahiz israeldarren arteko bake-prozesu emankorra bideratzeko, biziki garrantzitsua da Palestinako Agintaritzak gaur egun gauzatzen dituen politika kaltegarriak goitik behera aldatzea. Izan ere, PAren politika zapaltzaile horiek, inolako zalantzarik gabe, gogoa berotu diote Palestinako herriaren zati bati Hamas bezalako muturreko taldeekin bat egin dezaten eta horrek hein handi batean zaildu du Israelekiko negoziaketa. PAren jarrera Palestinako herritik zenbat eta urrunago egon, orduan eta ahulagoa izango da bakea lortzeko aukera. Israeldarren eta palestinarren arteko adiskidetzea lortzeko baldintza egokiak ondu nahi badira, segurutik, ziurtatu beharko da herritarren funtsezko eskubideak errespetatzen dituen gobernu zilegi eta demokratikoak administra ditzan palestinarrak”.

Bassam Eiden aburuz, “giza eskubideen aurkako gehiegikerien jarraipen hobea eta Palestinako Agintaritzaren jarduera zapaltzaileek sorrarazitako ondorioen nazioarteko aitorpen sendoagoa abiapuntu egokia izango litzateke premiazko auzi horri ekiteko”.

Era berean, Bassem Eid BDS (Israelen aurkako Boikota, Desinbertsioa eta Zehapenak) mugimenduaren aurka azaldu da. “BDS delakoak eta horren adarrek (ELAI hezkuntza-arloan) giza eskubideen aldeko mugimendutzat aurkezten dute euren burua, baina guztiz tematuta dago Israelen eta judutarren aurka. Mugimendu horren helburu bakarra da judutarrei zilegitasuna kentzea eta Israel hondatzea herrialdeko kultura- ekonomia- eta hezkuntza-loturei eraso eginez”, azaldu du.

Ekintzaile palestinarraren iritziz, Israelen aurkako boikota egiteko kanpaina “baztertzailea da”, eta adierazpen- eta katedra-askatasunari eragiten die, bai eta iritziak, ideiak eta sinesmenak ezagutzera ez emateko eskubideari, hezkuntza-arloko gobernu organoetan ez ezik BDS mugimenduaren jarraibideen arabera kanpainaren helburu eta arrazoien aurkako jarrera erakusten duten judutar eta ez-judutarren taldeetan ere zabaldu baita.