Prentsa oharra 2019ko ekainaren 20a

Adituek Europan gertaturiko eraldaketak aztertu dituzte, Berlingo harresia erori zenetik 30 urtera

PDE-EDPk antolatu du jardunaldia, Sabino Arana Fundazioaren egoitzan

Adituek Europan gertaturiko eraldaketak aztertu dituzte, Berlingo harresia erori zenetik 30 urtera

Jasmin Mujanovic aholkulari politikoak, Europako hego-ekialdeko gaien analistak eta "The crisis of Democracy in the Balkans" liburuaren egileak, eta Anna Korbut eta Valentín Popescu kazetariek "30 urte Berlingo harresia erori zela" izeneko mintegian parte hartu dute gaur. Europako Alderdi Demokratak (PDE-EDP) antolatu duen jardunaldi hori Sabino Arana Fundazioaren egoitzan egin da, gertakizun historiko hori jazo zenetik, Europan gertatu diren aldaketa politiko, sozial eta ekonomikoetako batzuk aztertzearren.

Jasmin Mujanovicen iritziz, Gerra Hotzak ez zion azkenik eman Mendebaldeko Balkanetako autoritarismoari, ezpada, "eskualde horretako ideologiaren aldaketa". "Balkanetako demokraziaren krisia" izeneko liburuaren egileak azpimarratu duenez, "nazionalisten autoritarismoak marxisten autoritarismoa ordeztu zuen, funtsean, jugoslaviarren nahi demokratikoak indarkeria etniko bilakatuta. Hala, eskualde horretan, "Europako eta nazioarteko politika geldirik egon da, gaitasunik izan ez duelako bertako elite politiko errotua aitortu eta hari aurre egiteko, elite horrek sorrarazi baitu etengabeko egoezina". Ildo horretan, nabarmen du "Mendebaldeko Balkanak oraindik ere 1989. urtearen zain daudela".

 

Beste alde batetik, Anna Korbutek Berlingo harresiaren edo Altzairuzko oihalaren erorketa aztertu du Ukrainaren ikuspegitik. Ukraina oraindik ere ez da Europako estatu kide, baina Europak aintzat hartzen ditu herrialde horren Europari eta nazioarteari buruzko gogoetak.

 

Anna Korbutek Europar Batasunaren eta Ukrainaren arteko egungo lankidetzaren nondik norakoak azaldu ditu. Gaur egun, Ukrainaren eta Europar Batasunaren (EB) arteko harremanek Europak darabilen auzokidetasun-politikari heltzen diote, hau da, EBk herrialde mugakideekiko kanpo politika bideratzeko tresnak ezarritako esparruari. Horren haritik, EBren asmoa da Ukrainarekiko harreman hurbila lantzea apurka-apurka, lankidetzatik haratagokoa, baterakuntza ekonomikoa sustatu eta lankidetza politikoan sakontzeko helburuz. Ildo horretan, "EBren eta Ukrainaren arteko harremanen oinarriak Lankidetza-hitzarmena, Merkataritza askeko hitzarmena eta Elkartzeko hitzarmena" direla adierazi du Korbutek. Beste alde batetik, Errusiari ezarritako zehapenak aipatu ditu, Bigarren Mundu Gerraren osteko ordena urratzeagatik.

Chatham House erakundeko Robert Bosch Fellow Akademiako ikertzaileak argi eta garbi azaldu du "EBko herritar askok XXI. mendeko harresia eta Donald Trump lotzen dituztela, baina beste harresi bat badagoela gure artean, bestea baino askoz ere oharkabekoagoa, altzairuzkoa edo hormigoizkoa ez delako, baina harresi hori sendo eraikitzen ari dela askoren buruan, baita Europako biztanleen buruan ere: eragin-eremuen harresia".

 

Popescu: "Ezer gutxi aldatu da Alemania batuan"


Beste alde batetik, Valentín Popescu kazetari eskarmentudun eta Nazioarteko Politikaren analistak «bertatik bertarako leku gisa» ikusitakoen berri eman du; izan ere, garai hartan, "La Vanguardia" egunkariko berriemailea zen Bonn hirian.

 

Popescuren aburuz, Berlingo harresiaren erorketa eta geroko baterakuntza ez ziren alemaniarren gertakizunak izan, sobietarrenak baizik. "Kremlinen salmenta izan zen, SESB eta estalinismoa porrotetik ateratzeko azken unean", azaldu du.

 

"Ekialdeko Alemaniak Alemania Federalari egindako salmentaz" den bezainbatean, Popescuk azaldu du "egiatan, transakzio berezia izan zela". Popescuk gogorarazi du Gorbatxovek "baldintza ugari ezarri zizkiola Kohl kantzilerrari, guztiak ere herrialdearen jaraunspen komunista betikotzeko eta karrera politika asko gordetzeko". Baterakuntzaren ostean, harresiaren alde bateko eta besteko alemaniarrek igartzen zuten laster berretsi zen; hau da, harresi fisikoa desagertu zen, baina askoren buruan hor zirauen", adierazi du.

 

Ildo horretan, kazetariak azaldu du, hein batean, egoera hura saihestezina zela eta gaur ere badela. "Ekonomiaren eta teknikaren ikuspegitik, Alemaniako Errepublika Demokratikoko lantegien ahalmena Alemania Federaleko industriarena baino askoz ahulagoa zen. Hortaz, Alemania biak batu zirenean, mendebaldeko enpresek ia-ia ekialdeko enpresa guztiak erosi zituzten, eta konfiantzazko arduradunak bidali zituzten hara lantegiak zuzentzera. Gaur egun ere, lehengo Ekialdeko Alemaniako lurraldeko soldatak mendebaldeko Alemaniako lurraldeetan baino % 30 txikiagoak dira. Bestalde, gaineratu du "epe laburrean, enpresen egoera are okerragoa izango dela, Alemaniako bi lurraldeen arteko lansarien arrakalaren eraginez, langile gaituenak mendebaldera joan direlako eta, gainera, lurralde horietako soldatapekoen % 30 inguru laster erretiratuko delako, haiek ordezteko aukera handirik ez dagoela"

 

Popescuren iritziz, gaur egun, gauzak zerbait aldatu dira Alemania batuan, "ezer gutxi aldatu ere". Kazetariaren aburuz, "bi lurraldeetan –ekialdean nahiz mendebaldean– biztanleek oraindik ere pentsatzen dute ‘besteak’, hau da, beste lurraldeko biztanleak ‘besteak’ direla".

 

Aurrekoez gain, Przemyslaw Kazaniecky, PDE alderdiaren Kontseiluko kideak eta Stronnictwo Demokratyczne erakundeko Batzar Nagusiko kideak, Francisco de Borja Lasheras jaunak, ECFR (European Council on Foreign Relations) erakundeko zuzendari ohia Madrilen, eta Europar Batasuneko gaietan adituak diren berrogei ordezkari inguruk parte hartu dute jardunaldian.