Prentsa oharra 2024ko azaroaren 5a

Adolfo Moraisek «Euskal Biblioteka» konektatu eta irekia bultzatzearen aldeko apustua egin du

  • Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Saileko Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordeak, unibertsitateko irakasleekin eta artxibo historikoetako arduradunekin batera, Euskal Abertzaletasunaren Agiritegiak antolatutako «Artxibo historikoak: prestakuntza eta ikerketa» jardunaldian parte hartu du.
Artxibo historikoak: formakuntza eta ikerketa, mintegia Artxibo historikoak: formakuntza eta ikerketa, mintegia

Adolfo Moraisek, Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Saileko Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordeak, adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzak «Euskal Biblioteka» kontzeptua sustatzeko asmoa dauka eta horren inguruko datu batzuk eman ditu. Euskal Biblioteka delako hori gizarte osora konektatuta eta irekita egongo litzateke, eta, bereziki, goi-mailako hezkuntza arloko erabiltzaileentzat eta Euskadin ikerketa eta berrikuntza garatzen dihardutenentzat.

Adolfo Moraisek eman dio hasiera Sabino Arana Fundazioaren Euskal Abertzaletasunaren Agiritegiak antolatutako «Artxibo historikoak: prestakuntza eta ikerketa» jardunaldiari. Jardunaldi horretan, unibertsitateko hogeita hamar irakasle baino gehiagok, artxiboetako arduradunek, museoetako arduradunek, unibertsitateko ikasleek eta abarrek parte hartu dute. Helburua unibertsitatearen eta artxiboen arteko harremanari bultzada berria ematea izan da, ikasleentzat mesedegarria den informazio-trukea ahalbidetzeko eta lan-merkatura errazago hurbildu ahal izateko.

Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordeak liburutegiek, biltegi digitalek eta artxiboek Euskadin ezagutza sustatzeko eta zientzia eta berrikuntza garatzeko izan behar duten eginkizunari buruz hitz egin du.

Sabino Arana Fundazioaren presidente Mireia Zaratek nabarmendu duenez, jardunaldiaren helburua «unibertsitateko ikasleen prestakuntza teknikoan artxiboek egiten duten ekarpenari ekitea izan da, eta, horrela, haien gaitasunak osatzea, lan-munduari edo ikerketari tresna gehiagoz aurre egin ahal izateko».

Zaratek azpimarratu duenez, mintegiak aukera eman du «etorkizunera begira jartzeko eta euskal administrazioak ez diren beste esperientzia bikain batzuk ezagutzeko, hala nola Extremadurakoa, Caceresko Probintziako Artxibo Historikoaren harresien artean jarduera emankorra eta zabala garatzen duena».

Ildo horretan, Esperanza Díaz zuzendariak azaldu duenez, Extremadurako batzordeak kudeatzen duen Estatuaren titulartasuneko erakundeak «luzaroko esperientzia du irakaskuntzan, joan den mendeko 80ko hamarkadan hasi zen eta gaur egun ere badihardu, enplegu-zerbitzu publikoko erakundeekin egindako hitzarmenen bidez, Caceresko Probintziako Artxibo Historikoan eta Extremadurako Autonomia Erkidegoko Udal Artxiboetan zaindutako dokumentu-funtsak antolatzeari buruzko prestakuntza emateko".

Era berean, Administrazio Publikoaren Eskolak eta beste erakunde publiko batzuek antolatzen dituzten «Artxiboa eta Dokumentazioa, Ondare dokumentalaren eta material berezien prebentziozko kontserbazioa» ikastaroetan eskolak ematen laguntzen dutela adierazi du.

«Gaur egun, Historia eta Ondare Historikoaren Graduko eta Informazio eta Dokumentazio Graduko ikasleek kanpoko praktikak egiteko Extremadurako Unibertsitatearekin egindako hezkuntza-lankidetzako hitzarmenetan oinarritzen da, batez ere, irakaskuntza-lana», azaldu du.

Bestalde, Óscar Álvarez Gila EHUko Ameriketako Historiako irakasle titularrak bere esperientzia azaldu du, bai ikerketaren eta irakaskuntzaren ikuspegitik.

Horrela, Álvarez Gilaren hitzaldiaren lehen zatian, zenbait gogoeta egin ditu, Historia karreraren ikasketa-planek diziplinaren oinarri praktikoei, eta, zehazki, oinarri teorikoari (historiografia) eta praktikoari (iturrien ezagutza, erabilera eta ikerketa) eman dieten garrantzia gero eta txikiagoa delakoan.

Era berean, «ikasleek historiako lehen mailako iturriekiko harremana jorratzeko beharrari eta komenigarritasunari» buruzko argudioak eman ditu, ez soilik ikerketan arituko den gutxiengoarentzat, baita graduatuen orokortasunarentzat ere, «narratiba historikoen erabilera gero eta handiagoa eta sasi-historiaren gorakada indargabetzeko tresna gisa».

Azkenik, Arabako Lurraldeko Historia Artxiboarekin izandako irakaskuntza-lankidetzako bi esperientzia deskribatu ditu.

Jardunaldiaren bigarren zatian, Jesús Zubiagak, Sancho el Sabio Fundazioko zuzendariak, Anabella Barrosok, Bizkaiko Elizaren Historia Artxiboko zuzendariak, eta Eduardo Jauregik, Euskal Abertzaletasunaren Artxiboko koordinatzaileak, nork bere zentroak unibertsitatearekin izandako esperientziak azaldu ditu. Atal horretan, ikasleek eta ikasle ohiek ere parte hartu dute, eta euren esperientzia nahiz hainbat artxibotan egindako lanaz mintzatu dira.