Prentsa oharra 2018ko urriaren 24a

Afrikaren eta Euskadiren arteko lankidetza-aukerak eta erronkak aztertu dituzte adituek

Jean Lokenga: “Gaur egun, erronka baino aukera gehiago dago Afrikaren eta Euskadiren arteko lankidetza-ekimenak abian jartzeko”. Borja Monreal: “Afrikako kontinenteko ekonomia bizkortasunez bilakatu da azken hamarkadan”. Mamadou Dia: “sarritan entzun ohi dugu Afrikako gazteak etsita daudela, baina hori ez da egia; gazte motibatuak, sutsuak, maratzak dira, eta aldaketa bultzatu nahi dute”.

Afrikaren eta Euskadiren arteko lankidetza-aukerak eta erronkak aztertu dituzte adituek

UNICEF erakundeko Haurrak Babesteko Somaliako buruak, Jean Lokengak, uste osoa dauka “Afrikako herrialdeen eta Euskadiren arteko lankidetza-ekimenek onura esanguratsuak ekarriko zizkietela bi alderdiei”. Lokengaren esanetan, “Afrikako historia berria  start-up, laborategi, enpresen berrikuntza-gunez eta beste ekimen berritzailez josita dago. Horrek argiro erakusten du Afrikako gazteak berrikuntzaren alde egiten ari direla”. Hala eta guztiz ere, UNICEF erakundeko Haurrak Babesteko Somaliako buruak adierazi du Afrikako hezkuntza sistema oraindik ere “oso tradizionala dela eta langabe gazte ugari sortzen dituela”, eta hortaz, goitik behera eraldatu beharko litzatekeela. 

Horretarako, Mondragón Team Academy (MTA) delakoak bultzatzen duen hezkuntza-sistema berritzaileari begiratu dio, “aurrerakoia eta berritzailea” baita. UNICEF erakundeko Haurrak Babesteko Somaliako buruak adierazi duenez, “praktikan oinarritzen den hori bezalako hezkuntza-sistema batek, non ikasleek eginez ikasten duten, errotik aldatuko luke Afrikako hezkuntza-sistema”.

Jean Lokengak Afrikarekiko lankidetzari bultzada. Begiradak eta errronkak Euskadirentzat izeneko mintegian parte hartu du. Sabino Arana Fundazioak antolatu du jardunaldia eta Alboan antolakundeko zuzendariak, María del Mar Magallónek, moderatu du. Bertan, garapenerako nazioarteko lankidetzan eskarmentu handia duten aditu eta profesionalek, lankidetza-agentzia eta antolakundeetako arduradunek, katedradunek eta beste parte hartu dute.

Hitzaldian, Jean Lokengak gogorarazi du “Afrika, hein handi batean, nekazaritzaren menpekoa dela, nahiz eta oso azkar urbanizatu den”; hala eta guztiz ere, nazioarteko eragileek ezer gutxi egin dute “alderdi guztientzat onuragarra izango litzatekeen agroindustrian funtsaturiko lankidetza bultzatzeko”. 

Ildo horretan, Jean Lokengaren ustez, “Euskadin errotu zen kooperatiben mugimenduak eskala handiko agroindustria bultza lezake Afrikan”.

Beste alde batetik, Afrikako auzien eta giza eskubideen inguruko adituak mineralen eta beste natura baliabiden batzuen mendean bizi diren kontinenteko herrialdeak aipatu ditu, horiek guztiek ezin dituztelako behar diren inbertsioak egin eta, hortaz, “aukera galdua da” Afrikarentzat.

Lokengaren iritziz, “dohaintza-egileak eta eskualdeko agintariak elkarlanean ari dira energi berriztagarri garbi eta jasangarriak sustatzeko Afrikan. Hala ere, bideragarritasun-azterketa xehe-xeheak eta kalitate handikoak beharrezkoak dituzten konplexutasun handiko proposamenak prestatzeko gaitasuna, askotan, ez da beharko lukeenaren nahikoa Afrikako eragileen artean. Horixe dugu, beraz, lankidetza-arlo eraginkorra Euskadiko eragile eta energia berriztagarriak bultzatzeko ahalmen handia duten Afrikako herrialdeen artean”.

Hitzaldiaren amaieran, Lokengak adierazi du “Gaur egun, erronka baino aukera gehiago dagoela Afrikaren eta Euskadiren arteko lankidetza-ekimenak abian jartzeko”.

Lankidetza-eredu berria

Beste alde batetik, Gizarte Berrikuntzako Politiketan aditua den Borja Monrealek adierazi du “Afrikako kontinenteko ekonomia bizkortasunez bilakatu dela azken hamarkadan, hainbat herrialderen lidergoan oinarri harturik, eta herrialde horiek lortu dutela ekonomia hazteko eta gizarte “upgrading” delakoa suspertzeko dinamika onuragarriak abiaraztea”.

Monrealen iritziz “hala eta guztiz ere, bultzada horren aldean, joera demografikoek bestelako Afrika iradokitzen dute hurrengo hamarkadetan: 2030. urtean, muturreko pobreziarik larriena pairatzen duten 30 herrialdetatik 27 Afrikakoak izango dira (ODI 2018); 2050. urtean, berriz, kontinenteko biztanleria bikoiztu egingo da eta mila milioi afrikar 25 urtetik beherakoak izango dira (UNDP 2017)”.

Borja Monrealen aburuz “ingurumari hori ikusita, Afrikarekiko lankidetza-eredu berria landu behar da, emaile-hartzailearen ohiko harremana aldatzeko eta bitarteko eta tresna berriak, teknologikoak nahiz finantza-arlokoak, baliatzeko, azken batean, herrialde bakoitzaren ahalbideak bultzatu eta gizarte-baldintzak hobetzeko egiturazko aldaketa sorrarazteko xedez. Gizarte-berrikuntzaren ikuspegiak herrialde bakoitzeko barruko gaitasunak baliatuz eraikitzeko modua ematen du, eta kanpoko balio erantsia dakar, kontinentean egiturazko aldaketak eragin nahi dituzten prozesuak bultzatze aldera”.

Azkenik, Senegalgo boluntzariotzako lankide, ekintzaile eta Hahatay GKEren sortzaileak, Mamadou Diak, etorkin gisa bizi izandako istorioa kontatu digu; bidaia 2006an hasi zen Senegaletik atera zen norabaitera, patera batean, jaioterrian aurkitzen ez zituzten aukeren bila. Mamadouk eta beste 83 lagunek arriskuan jarri zuten bizia Espainiaraino heltzeko, eta lortu zuen. Hainbat urtetan, etorkin irregular gisa bizi izan zen eta konturatu zen Europa ez zela etorkinek amesten zuten El Dorado. 

Une hartan, konturatu zen Afrikako etorkizuna bertako seme-alaben hezkuntzan datzala; horregatik, jaioterrira itzuli zen, Gandiol herrira, eta Hahatay GKE sortu zuen. Gobernuz kanpoko erakunde horrek lanean dihardu, hezkuntza- eta kultura-guneak eratuz, etorkizuneko aukerak sortzeko, Senegalgo biztanleek, batik bat gazteek, bizia itsasoan jokoan edo galzorian ipini ez dezaten.

Gandiolen, Dëkandoo (auzokideak) programa jarri dute abian, “azken batean, desmitifikatzeko gune bat, elkar ezagutu eta elkarrekin jarduteko harremanak eta aukerak sortu nahi dituen gunea”, azaldu du Mamadouk.

“Urtero-urtero, munduko bazter guztietatik datozen 200 bat lagun gonbidatzen ditugu gure kulturarteko gunean parte hartzera. Pertsona horiek eskolak eraikitzen, kulturguneak eraikitzen, umeentzako guneak eraikitzen… bai eta herritar berriak eraikitzen parte hartzen dute”, esan du. Gainera, Mamadou Dia la biderrez etortzen da Espainiako estatura hitzaldiak eta migrazio nahiz giza eskubideei buruzko tailerrak ematera eta bere proiektua azaltzera.

“Atlantikoa zeharkatzen duten pateren eta mugetan salto egiten duten gazteen irudiak ikusi ostean, sarritan entzun ohi dugu Afrikako gazteak etsita daudela, baina hori ez da egia; gazte motibatuak, sutsuak, maratzak dira, eta aldaketa bultzatu nahi dute. Horixe ulertu nuenean, Afrikako gazteen motibazioa elikatzeko egitasmoak lantzen hasi nintzen, gazte horiek lider bihur daitezen”, azaldu du.

Amaitzeko, “Proiektuetan, gazte horiekin lan egiteak ahalbidetzen digu beraien garapena lantzea, hots, komunitatearen garapena lantzea. Eta ahalduntze horri esker, gazteak agintariekin bildu dira, denon arteko hautematea aldatu da, beldurra uxatu eta herriaren eta agintarien arteko errespetua finkatu da”, esan du Mamadouk.