Prentsa oharra 2018ko irailaren 7a

“Álava Sarea. Emakume ikusezinak, elkartasuna eta espioitza (1936-1947)” izeneko erakusketa ibiltaria ikusgai Donostian, Aiete Kultur Etxean

• Erakusketa hori Luis Álava Sauturen fusilamenduaren 75. urteurrena dela-eta antolatu diren ekitaldietako bat da. Luis Álava Sautu euskal presoen elkartasunerako eta Bigarren Mundu Gerran Aliatuen aldeko espioitza-lanetan jarduten zuen sare klandestino horren buruzagi nagusia izan zen. Sare horretan lau emakume izan ziren protagonista nagusienetakoak.

“Álava Sarea. Emakume ikusezinak, elkartasuna eta espioitza (1936-1947)” izeneko erakusketa ibiltaria ikusgai Donostian, Aiete Kultur Etxean

Irailaren 6tik 26ra, “Álava Sarea. Emakume ikusezinak, elkartasuna eta espioitza (1936-1947)” izeneko erakusketa ibiltaria izango dugu ikusgai Donostiako Aiete Kultur Etxeko erakustaretoan. Euskal Herriko Unibertsitateko Josu Chueca historialari eta irakaslea izango da erakusketaren komisarioa. 

Erakusketa hori Luis Álava Sauturen fusilamenduaren 75. urteurrena dela-eta antolatu diren ekitaldietako bat da. Sare horrek bere buruzagi nagusi izan zenaren deitura hartu zuen izentzat (“Álava Sarea”), eta Gerra Zibilean bertan eta Francoren diktaduraren hastapeneko urteetan, 1936tik 1940ra, elkartasunezko hainbat eta hainbat ekintza burutu zituen presoen, erbesteratuen eta berauen familien alde, Aliatuentzako espioitza-lanak egiteaz aparte. 

Lan hori gauzatze aldera, Álava Sareak ia berrogeita hamar kide izan zituen jardunean, geuk dakigula. Sare horretan, nekazariak, beharginak, Administrazioko enplegatuak, “emakumeak”, apaizak eta Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako gizarte-klase guztietako pertsonak aritu ziren. Horien batez besteko adina 40 urte ingurukoa izan zen, eta Luis Álava izan zen, hain zuzen ere, denotarik zaharrena, 49 urte baitzituen garai hartan. Hala ere, aparteko lau emakume izan ziren Sarea benetan eratu zutenak: Itziar Mugika, Delia Lauroba, Bittori Etxeberria eta Tere Verdes.