Prentsa oharra 2019ko ekainaren 12a

“Alderdi populistek migratzaileei buruz zabaldutako aurreiritziak eraisten hasi behar gara”

• Mbuyi Kabunda, Afrikanisten Espainiako Elkarteko presidentea; Estrasburgoko Giza Eskubideen Nazioarteko Institutuko eta Madrilgo Unibertsitate Autonomoko Nazioarteko Harremanen eta Afrikako Ikasketen irakaslea

“Alderdi populistek migratzaileei buruz zabaldutako aurreiritziak eraisten hasi behar gara”

Estrasburgoko Giza Eskubideen Nazioarteko Institutuko eta Madrilgo Unibertsitate Autonomoko Nazioarteko Harremanen eta Afrikako Ikasketen irakasle Mbuyi Kabundaren iritziz, “alderdi populistek eta hedabideek zabaldutako hiru mito edo aurreiritzi puztuak eraisten hasi behar gara: migratzaileen inbasioa (edo oldea) dagoela; migratzaileak pobreak direla; eta migratzaileak herrialde pobreetatik datozela”.

 

Sabino Arana Fundazioak antolatu duen “Afrika: garabidean dagoen kontinente baten erronkak. Gazteak, emakumeak, hirigintza eta migrazioak” izeneko mintegian parte hartu du gaur Kabundak. Irakasleaz gain, garapenerako nazioarteko lankidetzako adituek, lankidetza-arloko agentzia eta antolakundeetako arduradunek, katedradunek eta abarrek parte hartu dute jardunaldian.

 

Mbuyi Kabundak, Afrikanisten Espainiako Elkarteko presidenteak eta Afrikako herrialdeen arteko harremanetan nahiz Afrika barruko nahiz kanpoko migrazioetan adituak, adierazi du “Afrikako migrazioak ez dakarkiola inolako mehatxurik Europako herrialdeetako kultura-identitateari”. Kabundaren aburuz, “Afrikako etorkinen etorrera aukera bikaina da harrera-gizarteentzat, kulturarteko mestizaiez aberastu daitezen”.

 

Era berean, migrazioek herrialdeak inbaditzeko mehatxua dakartelako iritzi orokorraren aurka, Kabunda irakasleak esan du Afrikako migrazioa, batik bat, kontinentearen barrukoa edo horizontala dela, ez horrenbeste kontinentetik kanpokoa. “Jatorrizko herrialdetik irteten diren hamar lagunetarik zortzi ondoko herrialdeetan geratzen dira eta bik Europara joateko ateetara jotzen dute: Mauritania, Maroko eta Tunisia, eta horiek mafien amarru edo iruzurren biktima izan ohi dira”, azpimarratu du.

 

Kabundaren ustez, migratzaileak ez dira pobreenak, ezpada “zorte handikoenak”, ezta herrialde pobreetatik datozela. “Herrialde pobreenak ez dira migratzaile gehien sortzen dituztenak, tarteko diru-sarrerak dituzten herrialdeak baizik, hau da, trantsizio ekonomiko eta demografikoan daudenak”, adierazi du.

 

Jende ugarik onartu ohi duen beste baieztapenetako bat hau dugu: Afrikako etorkinek bertokoei lana kentzen dietela. “Hori ez da guztiz egia. Etorkinak, oro har, jatorrizkoek nahi ez dituzten lanpostuetan aritzen dira. Egia esatera, Europako herrialde askok migratzaileak behar dituzte, horiei esker demografiaren hazkundea ez delako negatiboa”, adierazi du.

 

Era berean, azpimarratu nahi izan du etorkin gehienak ez direla alfabetatugabeak edo ikasketarik gabekoak; Kabundak dioenez, “gehien-gehienek maila ertaineko edo goi-mailako ikasketak dituzte” eta “immigrazioa bilakaera gero eta feminizatuago dagoela (% 47). Ildo horretan, “jakintsuen ihesa” ere aipatu du, harrerako herrialdeek balia dezaketena.

 

Kabundaren iritziz, konponbidea ez datza mugen itxieran edo migratzaileei emandako polizia- edo administrazio-tratuan, ezpada “migrazioen kudeaketa eraginkorrean, migratzaileen itzulera errazteko edo, kasu batzuetan, harrera-herrialdeetan luzaroan geratzeko, baterako garapena sustatuz”.

 

Kabunda irakasleak esan du “migratzaileak munduko biztanleriaren ehuneko hiru baino ez dela, hau da, 240 milioi lagun ingurua”. Mbuyi Kabundaren aburuz, Afrikari gagozkiola, garapenaren porrota edo azpigarapenaren iraupena dugu afrikarren migrazioen arrazoi behinenetakoak. “Europak eta Afrikak izan duten garapena, oso desberdina, Afrikako immigrazioaren arrazoi nagusia dugu, arrazoi ekonomiko, politiko eta kulturalak direla tarteko”, adierazi du. “Afrikan dauden 400 milioi biztanle pobreek, hau da, Saharaz azpiko Afrikako biztanleen erdiak, Europarako bidea hartu nahi izango dute, ekonomiaren eta gizartearen ikuspegitik, joan den mendeko 80ko eta 90eko hamarkadak galdu dituztelako eta, gainera, etorkizun hoberik antzematen ez dutelako oraingo hamarkadan edo datozenetan”, azaldu du. Bestela esanda, afrikarrak Europarantz datoz politikaren eta kulturaren liberalismoak erakarrita eta bizi-maila handiagoa dagoelako bertan. Egoera horren benetako azalpen ekonomikoa dugu, funtsean, Afrikaren eta Europaren artean edo hegoaldearen eta iparraldearen artean dagoen desoreka ekonomikoa, gero eta.

 

Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusiak, Jonan Fernándezek, eta Sabino Arana Fundazioko lehendakariak, Juan Mª Atutxak, eman diote hasiera jardunaldiari.

 

Mbuyi Kabundaren hitzaldi nagusiaren ondotik, komunikazio bana plazaratuko dute CEAR-Euskadiko zuzendari Patricia Bárcenak eta Xabier Aierdi soziologoak. Eusko Jaurlaritzako Garapenerako Euskal Lankidetza Agentziako zuzendariak, Paul Ortegak, moderatzaile jardun du osteko eztabaida-saioan.