Prentsa oharra 2025ko martxoaren 19a

Amale Arzelus, euskaraz eta euskararen alde bizi izan zen emakume ekin eta saiatua

Sabino Arana Fundazioak Gipuzkoako Foru Aldundiak «Arzelus Arrieta’tar Amale. Nere Oroimenak» liburua argitaratu dute. Jonan Zinkunegik, Amaleren semeak, idatzi du liburua, amaren beraren idazlanak erabilita eta bere ekarpenak gehituta.

Sabino Arana Fundazioaren Euskal Abertzaletasunaren Museoak, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan, Arzelus Arrieta’tar Amale. Nere Oroimenak liburua argitaratu du. Egileak, Jon Andoni Jonan Zinkunegi Arzelusek, Amaleren semeak, amak idatzita utzi zituen Nere oroimenak eta Nere ekintzak testuak bildu eta erabili ditu lanean, eta bere ekarpenak gehitu dizkio.

Liburuak bi bertsio ditu: jatorrizkoa, euskarazkoa, eta jatorrizkoaren itzulpena ez den gaztelaniazkoa.

Donostiako Aiete Jauregian egin den aurkezpenean, Sabino Arana Fundazioaren presidente Mireia Zaratek eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideen eta Kultura Demokratikoaren zuzendari Ion Gambrak memoria historikoa gordetzearen garrantzia azpimarratu dute. Jarraian, Gotzon Lobera legelari eta euskaltzain urgazlea, argitalpenaren editorea, eta Jonan Zinkunegi, lanaren egilea, mintzatu dira.

Amaren testuak oinarri hartuta, Arzelus familiak parte-hartze garrantzitsua izan zuen Euskadiko historiaren zati garrantzitsu bat kontatzen du Jonan Zinkunegik liburuan. Amaleren aita, Ander Arzelus Toledo Luzear, EAJ-PNV alderdiaren Euzkadi Buru Batzarreko kidea izan zen, eta kultur jarduera ugariren sustatzaile jardun zuen, tartean, antzerki eta irratiarena, beti euskaraz. Liburuan, Luzear-ren lanak xeheago ageri dira, eta arlo politikoaz denaz bezainbatean, gerra aurretik EAJn izan zuen jokabidea azaltzen da, geroago pairatutako errepresioa eta egindako lan nekaezina, eta azkenik, diktadura betean, bere lagun Joseba Rezolarekin izan zituen pasadizo batzuk ere. Horrez gain, 1937ko martxoan Luzear-rek EAJren Gipuzkoako Idazkaritzaren izenean idatzi zuen eskuizkribu bat eta espetxean komuneko papera erabiliz egin zituen idazki batzuen argazkiak ikus daitezke.

Amale giro politiko eta kultural euskaltzalearen inguruan bizi izan zen etxean gazte-gaztetatik. Liburuak Amaleren bizitza pribatuaren eta publikoaren hainbat alderdi azaltzen ditu. Familiari gagozkiola, gerora senarra izan zen Andonirekin izan zituen ezkongai-harreman eta bizipenak jorratzen dira, bai eta senar-emazteen gertaerak ere; bederatzi seme-alaba izan zituzten, 1949tik 1964ra; horiek hamaika biloba ekarri zituzten mundura eta azkenek bederatzi birbiloba eman zizkioten familiari.

Arlo publikoari doakionez, lanak nabarmentzen du irratian euskaraz aritu zen lehen emakume esataria izan zela (kapitulu horretan esaten denez, Amaleren aitak, Luzear-rek, euskaraz egindako lehen irratsaioan parte hartu zuen).

Antzerkiaren munduan, liburuak dio Poxpolinak taldean parte hartu zuela hasiera-hasieratik eta urte askotan aritu zela antzezten. Elbira Zipitriarekin eta beste andereño batzuekin euskaraz eta euskarazko irakasle gisa egindako lanari buruzko aipamenak aurkituko ditu irakurleak lanean, ekintzailetza politikoari buruzkoak edo katixima-irakasle gisa egindako lanaren ingurukoak ere. Amaitzeko, Amale Arzelusi bizitzako azken urteetan egin zizkioten omenaldietako batzuk gogorarazten ditu liburuak.

Amale Arzelus, alaba, emaztea, ama, antzerkizalea, euskaraz jardun zuen euskarazko irakaslea, esataria, aktorea... eta Ander Arzelus Toledo Luzear aitaren jarraitzaile sutsua. Arzelus Arrieta’tar Amale. Nere oroimenak liburua euskal aberriaren eraikuntzan buru-belarri aritu zen emakume ekin eta saiatu horren gorespena da.