Prentsa oharra • 2023ko abenduaren 21a
‘Aroa’ eta ‘Euskararen Gogoetagunea’: euskara indarberritzeko arnas luzeko egitasmoak
Miren Dobaran Hizkuntza Politikarako sailburuordeak eta Iñaki Martinez de Luna AROA egitasmoaren zuzendariak Eusko Jaurlaritzak bideratutako proiektuaren nondik norakoak azaldu dituzte Sabino Arana Fundazioaren egoitzan. Ondoren, Jon Sarasua Euskararen Gogoetagunea egitasmoaren zuzendariak Euskaltzaindiak 2022an abian jarri zuen proiektuaren helburuak eta orain arte eginiko lanak agertu ditu.
BILBO (2023-12-21). Hizkuntza-politika berritzen izenburuaren ildoan, Sabino Arana Fundazioak eta Euskaltzaindiak bi egitasmo esanguratsu aurkeztu dituzte gaur Bilbon. Batetik, AROA euskara indarberritzeko eta euskaldunok ahalduntzeko marko estrategikoa, eta, bestetik, Euskararen Gogoetagunea. Jardunaldiaren sarreran hitz egin dute Mireia Zarate Sabino Arana Fundazioaren presidenteak, Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak. Mireia Zaratek ongietorria egin die parte-hartzaileei, Andres Urrutiak aurkeztu diren bi proiektuen garrantzia azpimarratu du, eta Bingen Zupiriak nabarmendu du azken urteotan euskararen lurralde guztietako erakundeen artean izan den elkarlana, Euskaltzaindiari aipu berezia eginez, Akademiaren “estatusari eta erakunde honekiko lankidetzari duen balio guztia ematen ahalegindu baikara”.
Bide batez, Jaurlaritzak azken urteotan euskararen sustapenean eginiko ahalegin garrantzitsuenak aletu ditu sailburuak bere mintzaldian: “Indarrean ditugu eta garatzen ari gara euskararen normalizaziorako estrategikoak izan daitezkeen zenbait arlo”. Horien artean, gutxi batzuk nabarmendu ditu, tartean, euskara eta kirola lantzeko plana, Gaitu (digitalizazioa, hizkuntza teknologia edo adimen artifiziala lantzeko bide-orria), helduen alfabetatzean eginiko ahaleginak, euskaltegien baliabideak modernizatzeko eta irakasleen lan-baldintzak hobetzeko ahalegina, Euskaraldia (Topagunearekin batera), edo euskarazko hedabideei funtzionamenduan eta finantziazioan laguntzeko baliabideak bideratu izana.
Hamabigarren legegintzaldia amaitu aurretik, Eusko Jaurlaritzak onartuko dituen hiru proposamen nagusi ere aipatu ditu Zupiriak. Lehena, euskal sektore publikoan euskararen erabilera normalizatzeko Dekretua (1997tik indarrean egon dena ordezkatuko duena). Bigarrena, jardunaldian aurkeztu den AROA marko estrategikoa. Eta horiekin batera “gaur Eusko Legebiltzarrak onartuko duen Euskal Hezkuntzaren Legea”, 1993an onartu ziren lege eta plangintzak ordezkatzera datorrena. “Euskal hezkuntza osotasunean hartuko du lehenengoz, eta arlo guztietan nabarituko da bere eragina, baita hizkuntza arloan ere”, esan du sailburuak. Finean, lege berria “sistema arautzera” datorrela nabarmendu du. Azkenik, 1982an onartu zen Euskararen Legea izan du gogoan Zupiriak, “lege horretan oinarritu baitira bereziki euskal hezkuntzan eta euskal administrazioetan euskararen irakaskuntza eta erabilera sustatzeko behar ziren legezko zutabe eta tresnak”.
AROA eta Euskararen Gogoetagunea
Miren Dobaran Hizkuntza Politikarako sailburuordeak eta Iñaki Martinez de Luna euskaltzain urgazle eta AROAren zuzendariak azaldu dituzte marko estrategikoaren nondik norakoak. AROA uztailean aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzak estreinakoz, Gasteizen, eta hamarkada baterako euskararen marko estrategikoa izango denaren zantzuak eman zituzten agerpenean. Jaurlaritzaren Euskararen Aholku Batzordearen eskutik dator AROA, eta Euskara Sustatzeko Ekintza Planaren (ESEP) ondorengo egitasmoa litzateke. Euskararen Gogoetagunea, berriz, 2022ko azaroan aurkeztu zuen Euskaltzaindiak, eta euskararen etorkizun-ikuspegia landu eta arnas luzeko estrategiak eta adostasunak marrazteko xedea du.
“AROA gobernantza berriaren bidetik garatu da, eta bi urte inguru hartu duen prozesuan hainbat eragilek hartu dute parte, hala nola herri ekimenekoek, erakunde publikoetakoek eta gaiaren inguruko adituek”, adierazi du Dobaranek sarrera gisa. AROA Euskararen Aholku Batzordearen eskutik jaio zela gogoratu du sailburuordeak, eta esan du partaidetzan oinarrituta dagoela: “Partaidetza askotarikoa izan da, jarrera proaktiboa ikusi dugu eta ekarpen mamitsuak eta berritzaileak egin dira”. Euskara Sustatzeko Ekintza Planaren (ESEP) Batzorde-atalak adostu duen dokumentua urtarrilaren 8an aurkeztuko dela aurreratu du Dobaranek, eta aitortu du, baita, esfortzu berezia egin beharko dela ondoren dokumentua zabaltzeko eta ezagutarazteko: “Ezin da izan bakarrik erakundeen artean adostutako dokumentu bat, ahalegin berezia egin behar dugu gizarteari azaltzeko, mankomunitate eta udaletxe guztietara hurbilduz, marko berria azaldu eta berau ezartzerakoan etorriko diren arazoak eta eragozpenak elkarrekin gainditzeko”. Helburu nagusia euskararentzat “esparru eta espazio berriak” irabaztea baita, “gizartearen beraren mandatua betetzeko”.
Ekimenaren helburuak azaldu ditu ondoren Iñaki Martinez de Luna euskaltzain urgazleak: “AROA marko estrategikoaren bitartez hainbat dinamika areagotu nahi da, adibidez, ikasteko aukera gehiago eta errazagoak bultzatu; eguneroko harremanetan ekosistema euskaldunagoa sortu, bereziki gazteentzat; ingurune digitalean eta teknologia berrietan euskarak leku eta aukera handiagoak izan; lan mundua erabiltzeko aukerak ugaritu; eta kontsumoan eskaintza gehiago eduki eta kontsumitzaileak aktibatu”.
Honela, AROAk zazpi ardatz estrategiko eta hamalau erronka jasotzen ditu, eta horiek garatzeko 31 lan-ildo eta 85 ekimen ezarri dira. Hauek dira ezarritako ardatz estrategikoak, hemendik 2034ra arte lortu nahi den ikuspegia garatzeko baliatuko direnak: Gobernantza; Jarrerak/Motibazioak; Ezagutza/Gaitasuna; Erabilera/Elkarreragina; Berrikuntza; Ikerketa/Sistematizazioa; Komunikazioa/Hedapena. “Ardatz estrategiko horietatik abiatuz, erakunde bakoitzak landuko du zein lan ildo zehatz jorratuko duen”, azpimarratu du Martinez de Lunak.
Jon Sarasua euskaltzain urgazlearen txanda izan da gero. Hasmentan, Sarasuak Euskararen Gogoetagunearen ardatzak eta gogo-nahiak azaldu ditu: “XXI. mendeak galdegai berriak ekarri dizkio euskararen bideari, eta une honetan norabide-krisi baten zantzuak bizi ditu. Abagune honetan, euskararen inguruko iritzi argitaratuak dibergentzia handi samarra agertzen du egoerari buruzko balorazioan, analisi eta planteamenduetan. Egoera honen erdian, elementu baten falta sumatzen da: bisio edo etorkizun-ikuspegia, eta horretara norabidetutako arnas luzeko estrategia nagusien marrazkia. Neurri batean, horretara dator egitasmo hau, arnas luzeko estrategiak marraztera, etorkizun-ikuspegiarekin”.
Honela, etorkizuneko asmoen berri eman du irakasle eta ikerlariak: “Hizkuntza komunitatearen diagnostikorik finenak eta pentsabiderik onenak arrago batera bildu nahi izan ditu guneak, ikuspegi desberdinak elkarrizketan jartzeko moduko sinesgarritasunez”. Diagnosien garaian dago Euskararen Gogoetagunea, eta, ondoren, “erakunde publiko, gizarte-erakunde eta gainerako eragileei dagokie haiek politikak erabakitzea”, nabarmendu du Sarasuak, emaitzak “beraien eskura, gizartearen eskura” jarriko direla aginduz.
Praktikotasun horri eutsiz, Euskararen Gogoetaguneak eman ditu lehen emaitzak. Proiektua aurkeztu zenetik bi ponentzia orokor aztertu dira: Jon Sarasuak berak landutako Euskararen biziberritze prozesuaren etorkizun ikuspegia eta Euskararen egoeraren diagnostikoaren sintesia, Olatz Altunak eta Jon Aizpuruak paratuta. Aurten, berriz, hiru ponentzia sektorial aurkeztu eta aztertu dira Euskaltzaindiaren Gasteizko ordezkaritzan. Hain zuzen, hedabideei, administrazioari eta helduen euskalduntzeari dagozkienak.
Mahai-inguru batek eman dio azkena jardunaldiari. Solasaldian parte hartu dute Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak, Iñaki Martinez de Luna aroa egitasmoaren zuzendariak, Irati Iciar Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak, Iñaki Arruti Lasarte Oriako Euskara zerbitzuburuak eta Gonzalo Larruzea Didaktika eta Eskola Antolakuntzako doktoreak. Gotzon Hermosilla Berria egunkariko kazetariak gidatu du mahai-ingurua.