Prentsa oharra 2020ko apirilaren 7a

ATEAK ZABALIK, Sabino Arana Fundazioa eta BBKren ekimena COVID-19 dela eta

Ekimen honen helburua da 32 urtetan Sabino Arana Fundazioan metatu eta gorde ditugun baliabide eta jakinbideak linean zabaltzea

ATEAK ZABALIK, Sabino Arana Fundazioa eta BBKren ekimena  COVID-19 dela eta

Koronabirusaren (COVID-19) hedapenak kulturaren esparruarekin lotutako erakundeak (besteak beste, artxiboak, museoak eta fundazioak) ixtera behartu du. Egoera horren aurrean, erakunde horietako askok erabaki dute ateak jendeari zabalik edukitzea modu birtualean.

 

Sabino Arana Fundazioak eta BBK-k joera horren adibide izan nahi dute, erabiltzaileengana linean hurbilduta, guztien ondoan jarraitu ahal izateko. Eta horretarako, teknologia berrien erabilera areagotu eta bultzatuko dugu: SAFen webgunea, sare sozialak, Youtubeko kanala… baita Fundazioak darabiltzan gainerako plataformak ere, 32 urtetan metatu eta gorderik ditugun ezaupide eta jakinbide guztiak zabaldu eta partekatzeko helburuz.

 

Abiaburu horien ildotik, Ateak zabalik deritzon atalaren barruan, hamaika ekimen prestatu ditugu erakundearen plataforma guztietan ekinean egoteko: Euskal Herriari lotutako gertakari esanguratsuak eta horietan parte hartu zituztenen urteurrenak gogoratuko ditugu eta honako hauek guztiak erakutsi edo eskuragarri jarriko ditugu: agiritegiko dokumentu historikoak; museoko argazkiak eta beste funts batzuk; liburutegiko aleak eta hemeroteka; gaur egungo gizarteari interesatzen zaizkion gaiei buruzko hitzaldiak; ikus-entzunezkoak; aldez edo moldez Euskadiko historian eragina izan duten gaiei eta antropologiari buruzko prentsa-artikuluak edo gure historialariei irratian egindako elkarrizketak.

 

Sabino Arana Fundazioan gordetzen den ondarea zabaltzeko eta hedatzeko lan egiten jarraituko dugu, baina, oraingoan, modu zuzenago eta eskuragarriagoan, teknologia berrien erabilera baliatu eta sustaturik.
 
Eta COVID-19 birusaren krisia gainditutakoan, Sabino Arana Fundazioaren eta BBKren lehentasunetako bat izango da lineako erabiltzaileei eustea eta horiek fidelizatzea.