Prentsa oharra 2019ko urriaren 28a

Atxa-Caminotarrek agiri-funts baliotsua eman dio dohaintzan Sabino Arana Fundazioari

Demokrazia, kultura, euskaldunon hizkuntza eta euskal nortasunarekiko konpromiso sendoaren emaitza dugu agiri-funts garrantzitsu hori.

Atxa-Caminotarrek agiri-funts baliotsua eman dio dohaintzan Sabino Arana Fundazioari

Alberto Atxa Atxa (1913-2001) gudariaren eta EAJ-PNV alderdiko Gordexolako alkate ohiaren eta Enkarterriko herri horretan jeltzale nabarmena izan den Pepita Camino Arana (1923-2019) emaztearen senideek senar-emazteek bizitza osoan sortu eta zaindutako agiri-funts baliotsua eman diote dohaintzan Sabino Arana Fundazioari. Demokrazia, kultura, euskaldunon hizkuntza eta euskal nortasunarekiko konpromiso sendoaren emaitza dugu agiri-funts garrantzitsu hori.

 

Agiri-sail horretakoak ditugu, besteak beste, argazki-bilduma ugari, Gordexolako abertzaletasunari eta bikotearen jarduera jeltzaleari lotutako agiriak: ikurrinak eta gauzaki pertsonalak. Alberto eta Pepitaren euskal abertzaletasunaren inguruko engaiamenduaren erakusgarri, gogorarazi behar dugu demokrazia etorri zenean, Atxa-Caminotarrek Gordexolako euren etxearen beheko solairua laga zutela bertan batzokia jartzeko.

 

Orain jasota funtsa Alberto Atxak 1996-1997 urteetan dohaintza emandakoaren osagarria da. Orduko hartan, 1940 eta  1990 urteen arteko gutun, ziurtagiri, espediente, argazki eta beste daude, besteak beste, frankismoaren sasoian jasandako jazarpenaren frogak eta epaiak -kartzela-zigorra eta heriotza-zigorra ezartzekoak-.

 

Alberto Atxa Atxa Gordexolako alkate izan zen 1986-1991 aldian. Alkate izan aurretik, lehen alkateorde izan zen Francoren diktaduraren osteko lehen hauteskundeetan, 1979. urtean. Alberto militante abertzale sutsua izan zen Errepublikaren sasoian. Gerra hasi zenean, “Lenago il” batailoiko gudaria izan zen. Bizkaia matxinatuen esku erori eta gero, Gordexolan atxilotu zuten, 1938ko apirilaren 2an. Gerra-kontseilu batek epaitu zuen eta heriotza-zigorra ezarri zioten. Alabaina, Álava sareak Atxa ezkutatu eta, geroago, espedientea faltsuturik, ez zuten azkenean Burgosko espetxean exekutatu. Geroago, heriotza-zigorraren ordez, 30 urteko kartzela-zigorra ezarri zioten eta, azkenik, 20 urteko eta egun bateko kartzela-zigorra. Baldintzapeko askatasuna lortu zuen 1944. urtean, sei urte preso eman ondotik. 1957. urtean, berriz, behin betiko askatasun-agiria eman zioten. Kartzelatik kanpo egon arren, jazarpena jasan behar izan zuen bere herrian bertan eta Gordexolatik alde egin zuen Donostiara. Dena dela, baldintzek hobera egin zutenean, Gordexolara itzuli zen. Militante abertzale sutsua izan zen diktadurak iraun zuen aldian eta ez zuen sekula hutsik egin, Pepita emaztearekin batera, abertzaleen legez kanpoko deialdietan, hala nola Aberri egunetan, eta erresistentziaren aldeko lan izugarria egin zuen. 1979an, Bizkaiko Batzar Nagusietako ahalordedun eta Gordexolako zinegotzi hautatu zuten. Udalerriko plaza batean, Albertoren oroitzapenezko estatua bat dago.

 

Albertoren emaztea, Pepita, Galdamesko batzokiaren dantza-taldeko hilandera izan zen gerra hasi aurretik. Orain dela gutxi hil den arte, Gordexolako EAJ-PNV alderdiaren batzarrak senar-emazteen etxabean egiten ziren, eta bertako uri batzarrak omenaldia egin zion hamarkada askotako militantziagatik, baita eskerrak eman ere batzokian bertan egindako milaka tortillengatik. 

 

Alberto eta Pepita Gordexolari hertsiki loturik bizi izan ziren beti, une oro euren idealen eta Euskadiren askatasunaren aldeko borrokan.