Prentsa oharra 2019ko urtarrilaren 18a

“Berriro inoiz ez! Gerrako irudiak (1936-1939)” erakusketa ibiltaria ikusgai otsailaren 10era arte Bergarako Aroztegi aretoan

22 horma-irudik eta hainbat objektuz (gudarien gauzakiak, presoen zerrendak, gutunak, isunak…) hornitutako beirazko 6 arasek osatzen dute Sabino Arana Fundazioak antolatutako erakusketa hau. Erakusketaren helburu nagusia Oroimen Historikoaren berreskuratzen laguntzea.

“Berriro inoiz ez! Gerrako irudiak (1936-1939)” erakusketa ibiltaria ikusgai otsailaren 10era arte Bergarako Aroztegi aretoan

“Berriro inoiz ez! Gerrako irudiak (1936-1939)” izeneko erakusketak helburu nagusia dauka gerrek herriei dakarkieten sufrimendua eta bizirik atera direnek pairatu beharreko atsekabea gogoraraztea. Era berean, garai hartan, Euskadiko egoera zeinen latza izan zen erakusten digute; azkenik, “etorkizunean, gure aurretikoek bizi izandako sufrikarioaren egiazkotasuna zalantzan jartzeko tentaziorik izan ez dezan” ere balio du erakusketak. Hala, Berriro inoiz ez! Gerrako irudiak (1936-1939) erakusketaren bidez, oroimen historikoari balioa eman nahi diogu, orain dela 80 urte jazo ziren gertakizun totalitarioak berriro INOIZ EZ gerta ez daitezen. 

 

Guztira, 22 horma-irudik eta beirazko 6 arasek osatzen dute erakusketa. Lehenengoetan, 200 irudi eta 100 aipamen baino gehiago ageri dira eta bigarrenak hainbat gauzakiz hornituta daude, hala nola, gudarien objektuak, presoen zerrendak, gutunak, isunak… Pertsona esanguratsuak jaso dira erakusketan, besteak beste, Jose Antonio Agirre lehendakaria, Mola jeneral frankista, EAJko agintari Manuel Irujo, Francisco Franco, Antonio Izu (karlista), Manuel Azaña, Bernardo Estornés (Nafarroako idazle eta gudaria), Pasionaria, Euzkadi irratia, Radio Requeté, bonbardaketetan jasotako lekukotasun ezezagunak, borrokalarienak eta atzerriko egunkarietako kazetariek egindakoak. Azkenetan, Claude G. Bowers, Max Massot edo George L. Steer kazetarienak jaso dira erakusketan.

 

Erakusketak oroimen historikoa berreskuratzeko ahaleginari ematen dion garrantzia dela eta, Bergaran jarriko denak leku egin die udalerriko pertsona esanguratsu batzuei lotutako agiri batzuk erakusteko, besteak beste, Bergaran jaiotako iheslarien fitxak, Jose Mª Antzola Egidazuk egindako gudarien argazkiak, Bergarako eskolei buruzko datuak…

 

Erakusketa Aroztegi aretoan ikusgai egongo da urtarrilaren 18tik otsailaren 10era, asteartetik ostiralera, 18etatik 20:30era; larunbatetan, 12etatik 14etara eta 18etatik 20:30era; eta igandeetan, 12etatik 14etara.

 

Erakusketaz gain, bi hitzaldi eskainiko dira: bata, urtarrilaren 22an, asteartearekin, Sabino Arana Fundazioko historialari Iñaki Goioganaren eskutik; bestea, otsailaren 5ean izango da, asteartearekin, Aranzadi Zientzia Elkarteko kide Lourdes Herrasti antropologoaren eskutik. Bi hitzaldiak 19etan izango dira, Aroztegi aretoan.