Prentsa oharra 2017ko urriaren 11a

Bilbao 700 Fundazioak eta Sabino Arana Fundazioak jardunaldiak antolatu dituzte euskal kultura-adierazpideen oroimena aldarrikatzeko asmoz

• Zinema, pintura-eskultura, literatura-bertsolaritza, euskara, kultura-mugimendu eta beste arlo batzuetako adituek gure kultura-oroimenari atxikitako eragile eta protagonistez jardungo dute jardunaldiotan. • Urriaren 18 eta 19an, Sabino Arana Fundazioaren egoitzan, ondokoek parte hartuko dutela: Javier Viar, Josu Chueca, Joseba Lopezortega, Mercedes Albaina, Alberto López Etxebarrieta eta Igone Etxebarria.

Bilbao 700 Fundazioak eta Sabino Arana Fundazioak jardunaldiak antolatu dituzte euskal kultura-adierazpideen oroimena aldarrikatzeko asmoz

Bizi garen aroan, oroimena darabilgu aipagai une oro. Eta oroimenaren gaineko kezka hori euskal kulturari egotzita, ohartu gara biziki garrantzitsua dela oroimena berreskuratzea. Izan ere, euskal kulturaren esparruan daukagun lekua, iragana eta etorkizuna lotzen dituen katea bailitzan, katebegia da. Gure kultura behin eta berriro sortu behar da, katebegi bakoitzean sortu ere, iraganetik edan eta etorkizunean islatuta, betiere mundura zabalik. 

Euskal kulturaren arloan jarduten dugun lagunok eta bide batez, kultur kezka dugunok badakigu margolari eta eskultore ugari izan genituena mende horren lehen herenean; susmatzen dugu euskal zinema ere izan zela, badakigu gure idazleak hartu-emanetan izan zirela munduko beste bazter askotako egile ospetsuekin, musikariak eta kultura-mezenasak izan zirela… Zoritxarrez, ez dakigu askoz gehiago, ozta-ozta gorde dugu oroitzan gure kulturaren gaineko txatalen bat. Eta premiazkoa bezain garrantzizkoa da oroimen hori berreskuratzea.

Helburu horrekin bat eginda, Bilbao 700 Fundazioak eta Sabino Arana Fundazioak gaia jorratzeko jardunaldiak antolatzen dihardugu. Mintegia urriaren 18an eta 19an egingo da, goizeko 9:30etatik 13:30era, Sabino Arana Fundazioaren egoitzan.

Jardunaldiotan, kultura-adierazpen anitzetako (zinema, pintura-eskultura, literatura-bertsolaritza, kultura-mugimenduak...) adituek parte hartuko dute eta gure oroimenari lotutako eragile eta protagonistez jardungo dute 

Hala, hilaren 18an, ondokoek parte hartuko dute: Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendari ohia, Javier Viar; Labayru Fundazioko zuzendariordea, Igone Etxebarria; eta Alberto López Echevarrieta kazetaria, zineman aditua.

Hilaren 19an, berriz, ondokoek jardungo dute: EHUko Historia Garaikideko doktore Josu Chueca; Joseba Lopezortega historialaria; eta Goi-mailako Musikako tituludun eta Psikologiako lizentziadun Mercedes Albaina.

Jardunaldiotara etorriko zarela baieztatzeko, ondoko helbide-telefonoen bidez: idazkaritza@sabinoarana.org edo 94.405.64.50.