Prentsa oharra 2019ko martxoaren 27a

Bilboko Udalak eta Sabino Arana Fundazioak hitzaldi-zikloa antolatu dute Casilda Iturrizar (1818-1900) oroitu eta haren legatua ezagutzeko

• Casilda Iturrizar, Epaltzaren alarguna, Bizkaiko hiriburuko ongile eta mezenas handia izan zen XIX. mendearen amaieran. • Gaur egun ere Casilda Iturrizar andrearen aztarna bilbotar eta bizkaitar askorentzat bizi-bizirik dagoen arren, orain dela gutxira arte ez da gertatu Casilda Iturrizarren bizitza eta haren testuinguru historikoa jorratu duen monografiarik. • Eduardo J. Alonso Olea eta Anton Pérez historialariek hitzaldi bana eskainiko dute ikerlanen berri emateko: apirilaren 3an eta 10ean, hurrenez hurren, arratsaldeko 19:30ean, Burtsa eraikinean (Pilota kalea 10, Bilbo).

Bilboko Udalak eta Sabino Arana Fundazioak  hitzaldi-zikloa antolatu dute Casilda Iturrizar (1818-1900) oroitu eta haren legatua ezagutzeko

2018. urtean, bigarren mendeurrena izan zen Casilda Iturrizar Urquijo (1818-1900) andrea jaio zenetik eta urtemuga horren ildotik, Eduardo J. Alonso Olea eta Anton Pérez Enbeita historialariek bi ikerlan gauzatu zituzten, Bizkaiko hiriburuan XIX. mendearen amaieran izan zen ongile eta mezenas handienetako baten bizitza eta egintzak sakonago ezagutzeko. Izan ere, ordura arte ez da Epaltzaren alargunaren bizitza eta haren testuinguru historikoa jorratu duen ikerketarik egin.

 

Ingurumari horretan, Bilboko Udalak eta Sabino Arana Fundazioak hitzaldi-zikloa antolatu dute ikerlan horien emaitzak ezagutzera emateko. Hitzaldi horiek Burtsako eraikinean (Yohn jauregia) egingo dira, Bilbo Pilota kaleko 10.ean, arratsaldeko 19:30etik aurrera.

 

Lehen hitzaldia, Casilda Iturrizar Urquijo: aparteko emakume baten biografia izenekoa, UPV/EHUko Historia Garaikideko irakasle titular den Eduardo J. Alonso Oleak emango du, martxoaren 3an. Alonso Oleak Casilda Iturrizar andrearen bizitzaz eta sasoi hartako Bilboz eta Bizkaiaz mintzatuko zaigu, hainbat esparru jorratuta: politika, erakundeak, ekonomia… Alonso Oleak bereziki aztertuko du garai hartako gizartearen pentsamoldea, behartsuenen aldeko laguntza eman ohi zuena. Ingurumari hartan, Casilda Iturrizar adibiderik nabarmen eta esanguratsuenetakoa izan zen.

 

Eduardo J. Alonso Oleak Bilbao 700 Fundazioari esker argitaratutako liburu bat kaleratu du, orain arte egindako ikerlanetan oinarriturik, honako izenburu honekin: Casilda Iturrizar Urquijo. Epaltzaren alarguna (1919-1900). Bertan, Casilda Iturrizar andrearen biografiaren hainbat alderdi landu ditu, besteak beste, haren jatorri apala, José Tomás Epaltza merkatari ospetsuarekiko ezkontza eta, senarra hil ostean, behartsuenen alde egindako ondasunen kudeaketa.

 

Alonso irakaslearekin batera, Rosa Miren Pagola filologoa eta Eusko Ikaskuntzako presidenteordea (Bizkaiko ordezkari legez) arituko da aurkezle eta moderatzaile geroko galderen txandan.

 

Apirilaren 10ean, Anton Pérez historialariak honako hitzaldia eskainiko digu: Bizkaiko gizarte-ongintza XIX. mendearen amaieran. Casilda Iturrizarren kasua. Antón Pérez Enbeitak ikerlan bat burutu du Casilda Iturrizar andreak sustatutako ongintza- eta laguntza-jarduerei buruz, zehatzago esanda, azken 116 urteotan eman diren Epaltzaren alargunaren bekei buruz. Hizlariak XIX. mendeko ongintzaren egoera azalduko digu eta jarduera filantropikoengatik ezagunak diren beste emakume dirudun eta esanguratsu batzuk gogoraraziko dizkigu.

 

Hitzaldi horretan, Joseba Agirreazkuenaga UPV/EHUko Historia Garaikideko katedraduna arituko da aurkezle eta moderatzaile.

    
Eduardo J. Alonso Olea


Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle titularra Historia Garaikideko sailean. UPV/EHUko Geografia eta Historiako lizentziaduna (1988) eta doktorea (1993) da. Funtsean, Euskal Herriko ekonomia, zerga eta politika arloen inguruan ikertu du.

 

Anton Pérez Enbeita

 
Historialaria. Anton Pérez Enbeita (Bilbo, 1991). UPV/EHUko Historia lizentziaduna da eta Historia Garaikideko masterduna. UPV/EHUko Historia Garaikideko doktoregaia da  eta “Biography and Parliament” izeneko ikerketa-taldean parte hartzen du, Bilboko Udalaren bidez, frankisten tokiko boterea ikertzen duen tesia garatzeko helburuz. Bilbaopedia osatzen lagundu du (Bilbo eta Gerra Zibila atalean), bai eta Memoriaren ibilbideak izeneko lan mardula bururatzen, hirigune eta biztanleguneetako bonbardaketen atalean, eta GOGORA Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak prestaturiko bonbardaketen mapa digitala lantzen.