Prentsa oharra 2013ko azaroaren 13a

Bizkaiko Foru Aldundiak Sabino Arana Fundazioaren “Euskal Kulturgintza XXI. mendean” jardunaldian parte hartu du

Miren Josune Ariztondo Kultura diputatuak euskarak gizartean duen presentziaren orainaz eta geroaz jardun du Juan Ramón Madariaga nontzebarri.com gunearen koordinatzailearekin eta Nerea Mujika Gerediaga elkarteko kidearekin batera

Sabino Arana Fundazioak, Bizkaiko Foru Aldundiarekin elkarlanean, "Euskararen desafioak" izeneko lan-jardunaldia antolatu du, euskararen eta euskal kulturaren arloko aditu eta profesionalen parte hartzearekin. Labayru Institutuko Igone Etxeberria izan da moderatzaile lanetan, eta honako alderdi hauek aztertu dituzte: euskarak gizartean duen egoera, teknologia berrien eragina eta hizkuntzaren oraingo eta etorkizuneko helbururik gaitzenak. 

Sabino Arana Fundazioaren presidente Juan Mª Atutxak aurkeztu du jardunaldia, eta hantxe izan da parte hartzen Miren Josune Ariztondo Kulturako foru diputatua. Euskararen egungo egoera aztertu eta etorkizunerako helbururik gaitzenak azaldu ditu: alegia, gizarteko zenbait arlotara zabaldu eta hantxe ezartzea. Miren Josune Ariztondok bere parte hartzean adierazi duenez, Bizkaiko Foru Aldundiak euskararen sustapenaren alde lan egiten du, bai eta zeharbidez gizarteko esparru guztietan ezar dadin ere. Bost premisatatik abiatuta: kultura eta kirola, gizarte kohesioaren traktore gisa; gazteria eta mundu birtuala, Azkue Fundazioa bezalako erakundeekin. Euskara sormen eta ekoizpen motore gisa, eta, horrekin guztiarekin batera, herritarren funtsezko eskubidea eta botere publikoek eskubide hori bermatzeko duten eginbeharra. 

Kontuan harturik gaur egun dagoen hizkuntzaren ezaguera eta erabilera, Kulturako foru diputatuak adierazi du honako helburu hauek lortzeko lan egiten duela Foru Aldundiak: memoria historikoa lantzea, abangoardia babestuz eta kultur-merkatuaren eta botere publikoaren arteko harremanak zainduz. Euskara erabil dadila sustatzea kultura-sormenean, kirolean, gazteen artean eta beste zenbait esparrutan, hala nola aisialdian, halakoetan euskararen ezarpena ez baita gizartean duen ezagueraren parekoa. Gizarte elebidun bat sustatzeko politikok garatu ahal izateko, funtsezkoak dira erakunde publikoen eta sozialen arteko elkarrizketa eta elkarlana.

Juan Ramón Madariagak, nontzeberri.com web orriaren arduradunak, orri horren esperientzia azaldu du. Bera da web orriaren koordinatzailea, eta sortu zutenetik hona eginiko garapen-lana jarri du adibidetzat. Madariagak adierazi duenez, sortu zutenetik bertatik, web orriaren helburua euskara sustatzea izan da: munduko beste edozein hizkuntzaren maila berean jartzea, teknologia berriak erabiliz.

Nere Mujikak, Gerediaga elkarteko kidea, elkarte horrek Durangoko Azokatik abiatuta euskarazko ekoizpena sustatzen eta bultzatzen eginiko lana azaldu du.