Prentsa oharra • 2024ko abenduaren 18a
"Oraingo egoeraz jabetu eta euskararen aldeko apustu berria egin beharko genuke"
- Iñaki Iurrebaso UPV/EHUko doktore eta UEMAko ikerlariaren tesia oinarritzat hartuta, jardunaldia antolatu dute Bilbon Sabino Arana Fundazioak eta Euskaltzaindiak. Tesi horretan, hizkuntzaren egoera eta bilakabidea jorratzen ditu egileak, demolinguistikaren ikuspegitik.
- Iñaki Iurrebaso (soziologoa): «Ez gaude indarberritze prozesu argi batean, baina ezin da esan galera prozesu batean gaudenik ere. Hor gaude, ez atzera ez aurrera».
Aurrera ala atzera? GAKO BERRIEN bila leloaren haritik, Sabino Arana Fundazioak eta Euskaltzaindiak topaldia antolatu dute hainbat adituren eskutik, euskararen egoeraren eta bilakabide soziolinguistikoaren inguruko gako berriez eztabaidatzeko.
Iñaki Iurrebaso EHUko Soziologiako doktore eta UEMAko ikerlariaren hitzaldi nagusiarekin abiatu da topaldia. Gako berrien bila (Hizkuntza gutxituen jarraipena, ordezkapena eta indarberritzea neurtzeko demolinguistikazko tresna metodologikoak garatzen) doktoretza-tesian, Iurrebasok euskararen egoera eta bilakaera jorratzen ditu, demolinguistikaren ikuspegitik. Durangoko Azokan aurkeztu zuen soziologoak Euskaltzaindiaren eta Eusko Jaurlaritzaren eskutik plazaratu duen ikerlana.
Tesi hau euskal demolinguistikak duen tresna multzoa zabaltzeko eta hobetzeko sormen-saiakera da. Saiakera horretan, hizkuntza gutxituen inguruan dagoen jakintza soziolinguistikotik abiatuta, nazioarteko jarduera demolinguistikoa inspirazio-iturri hartuta eta irudimenari eraginda, euskararen inguruko hiru eragiketa estatistiko nagusik (Hegoaldeko zentsuak, hizkuntzen erabileraren kaleko neurketak eta inkesta soziolinguistikoak) adierazle berriak sortzeko zer-nolako aukerak eskaintzen dituzten ikertu da. Eta hainbat adierazletan gauzatu dira aukera horiek. Saiakera horren haritik, egilea ahalegindu da -eremu akademikotik haratago- euskararen egoeraren ezagutzarako elementuak eta ikuspegi berriak eskaintzen. Gure hizkuntzak gaur egun duen egoeraren erretratu zorrotza egin du Iurrebasok.
Ondorioak gazi-gozoak dira, Iurrebasok gaurkoan azaldu duenez. «Ditugun datu eta inkesta guztiak ikusita, lehenengo ideia da minorizazio egoera gorrian gaudela, eta minorizazio egoera larri horrek badakar galerarako joera», esan du hitzaldiaren hastapenean Iurrebasok. Bigarren ezaugarri bat ere aipatu du, baikorragoa: «Komunitate gutxitu gehienekiko bereizten gaituen ezaugarri nabarmena da gure komunitateak hizkuntzarekiko atxikimendu handia duela. Datu demolinguistikoek hori berresten dute: hiztunek eroso zaiena baino gehiago erabiltzen dute euskara, hizkuntzarekiko lotura handia dutelako. Gainera, belaunaldi berriei hizkuntza transmititzeko ahalegin handia egiten da gurean, baina hori ere ahultzen ari da azken urteotan. Edozein kasutan, esandakoa: minorizazio egoeran gaude, baina hizkuntzaren aldeko bulkada sendoa daukan herria gara».
Bestelako gai batzuk ere aztertu ditu EHUko soziologoak bere tesian, esaterako, arnasguneen garrantzia: «Hizkuntza baten osasuna zein den begiratzerakoan, garrantzitsua da ikustea zer nolako testuinguru geografiko errealek eragiten duten hizkuntza horren alde. Hau da, zein eremutan den berezkoa hizkuntza horren aldekoa dinamika. Arnasguneak dira horiek. Eta gure errealitatea da horrelako eremuek duten pisua oso txikia dela; Euskal Herriko biztanleriaren % 4 baino ez da bizi horrelako eremuetan, eta azken urteetan ahultzen ari dira arnasguneak. Aurrera begira, eremu horiek indartu beharko lirateke».
Usteak ustel
Orain arte euskal gizartean errotuta zegoen uste bat ere zapuztu du Iurrebasok: «Nazioarteko soziolinguistikan lantzen diren hiru ardatz nagusiak dira gaitasuna, erabilera eta atxikimendua, eta orain arte gurean egon den ikuspegia izan da hizkuntza-gaitasunean indartsu gaudela baina erabileran ahulago, eta sarritan jendearen atxikimendu edo konpromiso faltari egotzi zaio kontu hori. Landutako datuek, ostera, esaten digute oinarrizko argazkia alderantzizkoa dela: motibazioa badagoela baina hizkuntza-gaitasunean ahul gaudela».
Gaur egungo argazkia gazi-gozoa izanik, euskalgintzari bulkada berria eman behar zaiola esan du Iurrebasok: «Ez gaude indarberritze prozesu argi batean, baina ezin da esan galera nabarian gaudenik ere; hor gaude, ez atzera ez aurrera. Halako argazki bat atera zait niri behintzat. Egoera ikusita, uzten baditugu gauzak bere horretan joaten, nahiko argi ikusten da galera prozesu batean eroriko garela berriz. Hortaz, bizi dugun egoeraz jabetu eta euskararen aldeko apustu berri bat egin beharko genuke».
Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Mireia Zarate Sabino Arana Fundazioaren presidenteak jardun dute hasiera-ekitaldian; partaide eta ikusleei ongi etorria eman eta Iurrebasoren tesiaren pisua nabarmendu dute biek. Ondoren, mahai-ingurua eta solasaldia antolatu dira. Mahai-inguruan Miren Azkaratek (euskaltzain osoa), Jokin Azkuek (HABEko zuzendaria) eta Jon Sarasuak (Mondragon Unibertsitateko irakaslea eta euskaltzain urgazlea) parte hartu dute; solasaldian, berriz, Erramun Osak (Euskaltzaindiko idazkariordea), Eneko Bidegainek (Mondragon Unibertsitateko irakaslea eta euskaltzain urgazlea) eta Oskar Zapatak (TAUPAko Nafarroako koordinatzailea).