Prentsa oharra 2017ko otsailaren 10a

"EGUNA" euskara hutsean egindako lehen egunkariari buruzko jardunaldia Bilbon izan da, Euskaltzaindiaren egoitzan

Bilboko alkateak, euskaltzainburuak eta Sabino Arana Fundazioko presidenteak hasiera eman diote “EUSKAL PRENTSAREN HASTAPENA, ORAINA ETA GEROA” jardunaldiari. Bertan, Joseba Agirreazkuenaga, Xabier Altzibar, Luis Alberto Aranberri “Amatiño”, Joan Mari Torrealdai, Idurre Eskizabel, Iñaki Mendizabal, Javier Onaindia, Odile Kruzeta, Juan Carlos Ibarra, Adolfo Arejita eta Urtzi Urrutikoetxea egon dira.

\

Bilboko Posta kalean Eguna euskara hutsean idatzitako lehen egunkariaren sorreraren 80. urteurrena bete da.  Zenbait omenaldi burutzen ari dira. Joan zen astean plaka oroigarri bat jarri zuten egunkaria egon zeneko atarian. Gaur Eguna egunkariaren ibilbide labur baina trinkoari buruzko jardunaldia izan da, besteak beste, gaur eguneko hedabideetarako egindako ekarpena aztertu dute bertan. 

"EUSKAL PRENTSAREN HASTAPENA, ORAINA ETA GEROA” jardunaldia Euskaltzaindairen egoitzan izan da, 09:30etik aurrera.  Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Juan Mari Atutxa Sabino Arana Fundazioko presidenteak hasiera eman diote “EUSKAL PRENTSAREN HASTAPENA, ORAINA ETA GEROA” jardunaldiari.

09:30ean hasi da jardunaldia goizean burutu da eta hiru atal hauek izan ditu: 

“EGUNA 1937”

Deiako kazetaria den JUAN CARLOS IBARRA aritu da moderatzaile. Joseba Agirreazkuenaga EHUko Historia Garaikide saileko katedradunak eta Xabier Altzibar EHUko Euskal Hizkuntza eta Komunikazio saileko irakasleak parte hartu dute.

 “EGUNEROKOAK 1986an”.  

Mahainguruan Euskaltzaindiko ADOLFO AREJITA aritu da moderatzaile. Luis Alberto Aranberri “AMATIÑO” kazetariak eta Joan Mari Torrealdai soziologo eta kazetariak parte hartu dute. 

“HEDABIDEEN ETA EUSKARAREN GAUR EGUNGO ERRONKAK”. 

 Idurre Eskizabel, Iñaki Mendizabal, Javier Onaindia eta Odile Kruzeta kazetariek hitz egin dute egun hedabideetan euskarak duen egoerari buruz. EuskalPenKlubeko Urtzi Urrutikoetxea aritu da moderatzaile. 

EGUNAren historia

1936. urtea amaitzen ari zela eta azken Gerra Zibilean bete-betean sartuta, Bizkaia faxismoaren tropek aurrera egiten zutela setiaturik zegoela, Bilbon euskarazko hutsez egunkari bat argitaratzeko ekimena sortu zen. 

1937ko urtarrilaren 1ean, Bilboko Posta kaleko 17an, sortu zuten Eguna, euskara hutsean idatzitako lehen egunkaria. Gerra Zibilean sortu zuten euskarazko lehen egunkariak ekainean Bilbo 1937ko ekainaren 13ra arte iraun zuen; hau da, tropa frankistek uria hartu zuten arte. 

Kazetariak euskaltzale gazteak ziren. Gehienak 25 urtetik beherakoak.  Gerra-garaia zen, batez ere, 1937ko martxoaren 31tik aurrera, orduantxe hasi baitzuen erasoa Emilio Mola jeneralak. Zabalkunderik handiena 10.000 alekoa izan zen.  

Aurrekaria “Euzkadi” egunkariak izan zuen euskarazko orria izan zen. Horren arduraduna Esteban de Urkiaga “Lauaxeta” izan zen. Orri hau eta Eguna egunkariak abertzaleak ziren. “Euzkadi” egunkariak Sabino Aranaren “JEL” goiburua izan zuen azpi-izenburu. 

Molaren abioiek, Condor legio naziak eta aireko indar italiar faxistak alegia, gerra-frontea apurtuta, Bilbo laster jausiko zen eta amaiera helduko zitzaion Eguna egunkariari. Azken zenbakia 1937ko ekainaren 13koa izan zen. Ekainaren 19an Bilbo jausi zen tropa frankisten eskuetara. Iraupena ez zen sei hilabetekoa izatera heldu. Eguna egunkariak 139 zenbaki kaleratuta, euskara hutsezko egunkari bat egon zitekeela erakutsi zuen.