Prentsa oharra • 2024ko urtarrilaren 16a
Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioaren emakumezkoen taldea, Antton Valverde, Armando Llanos, Euskal Artzainak Ameriketan (EAA) elkartea eta Javier Clemente, 2023ko Sabino Arana Sariak
- Sabino Arana Fundazioak kultura-ekitaldi honen XXXV. edizioa egingo du urtarrilaren 28an, igandearekin, 12:00etan, Bilboko Arriaga antzokian.
- Edizio honetako bost sariez gain, beste 192 pertsonak, elkartek eta erakundek jaso dute saria aurreko 34 edizioetan.
- Ekitaldia streaming bidez ere eskainiko da, Sabino Arana Fundazioaren webgunetik (www.sabinoarana.eus).
- 2024ko urtarrilaren 28a, igandea
- 12:00 -(e)tatik
- Teatro Arriaga
Ekitaldia streaming bidez ere eskainiko da
Sabino Arana Fundazioaren presidenteak, Mireia Zaratek, eta erakundearen idazkariak, Ignacio Etxeberriak, 2023ko Sabino Arana Sarien izenak jakitera eman dituzte gaur eguerdian. Sari horren bidez, gizartearen alde egindako lanagatik edo hobetze-nahiak gidatutako bizitza meritudunagatik barmendu diren pertsonak edo erakundeak aintzatesten dira.
Sari-banaketako ekitaldia datorren urtarrilaren 28an izango da, igandearekin, Bilboko Arriaga antzokian, 12:00etatik aurrera. Sarien XXXV. Edizioak ondokoen lana eta merezimenduak aitortuko ditu: Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioa (emakumezkoen taldea), Antton Valverde musikari donostiarra, Armando Llanos ikertzaile eta arkeologo gasteiztarra, Euskal Artzainak Ameriketan (EAA) elkartea eta Javier Clemente futbol entrenatzailea.
Sariak banatzen hasi zirenetik, 1989. urtetik, bost sari hauez gain, beste 192 sari eman dira. Sabino Arana Fundazioaren sariak urtero ematen dira, urtarrilean, euskal abertzaletasunaren sortzailearen jaiotzaren urteurrenaren kariz.
- edizio honetan, Sabino Arana Fundazioak Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioa UCI Continental-en lana eskertu eta aintzatetsi nahi du, «hainbat balio bultzatzeagatik, hala nola laguntasuna, inklusioa, berdintasuna eta talde-lana», guzti-guztiak ezinbestekoak bizitzan helburu handiak erdietsi nahi badira.
Mireia Zaratek azpimarratu duenez, «emakumeez eta profesionalez osaturiko talde honek eredugarria izan nahi du nazioartean, emakumearen irudia indartuz, harrobiko txirrindulari gazteei aukera emanez eta mundu mailan euskal emakumezkoen txirrindularitzaren aldarria eginez. Eta ildo horretan ari dira lanean, munduko emakumezkoen txirrindularitzako elitean egoteko, tropeleko talde handien artean nabarmenduta».
Sabino Arana Fundazioak egitasmo bateratzaile hau aintzatetsi eta saritu nahi du. Izan ere, emakumeak eta gizonak neurri berean kontuan hartzen dituzten balio inklusiboak funtsezkoak dira talde honetan, eta taldeko emakumezko kirolariak eredu eta eragile dira gizarteko gainerakoentzat.
Euskal musikagintzari lotutako ibilbide luzea daukan Antton Valverde musikariak ere saria jasoko du.
«Sabino Arana Fundazioak euskal kulturak azken hamarkadetan ekarri digun musika erreferente garrantzitsuenetako bat aintzatetsi eta txalotu nahi du: Antton Valverde Lamsfus. 50 urtetik gorako ibilbide artistikoa duela, Anttonen lana funtsezkoa izan da euskal musika berritzeko orduan. Bakarka edo Xabier Leterekin batera, Valverderen musika bide ezin egokiagoa izan da Euskal Pizkundeko eta XX. mendeko olerkarien lanak zabaltzeko eta ezagutzera emateko, hala nola Esteban Urkiaga Lauaxeta-renak, Jose Mª Agirre Lizardi-renak eta Bitoriano Gandiagarenak, besteak beste, bai eta bertsolari handien bertsoak ere, hala nola Jose Manuel Lujanbio Txirrita-renak. Beraz, ez da gehiegizkoa esatea euskaldun askok eta askok euskal kulturako erreferente horien olerkiak Antton Valverderen lanari esker ezagutu ditugula esatea», adierazi du Zaratek.
EAA, Estatu Batuetara emigratu zuten artzainekin bat eginik
Sabino Arana Fundazioak Euskal Artzainak Ameriketan (EAA) elkartea aintzat hartu eta sarituko du urtarrilaren 28an. Irabaz-asmorik gabeko elkarte hori lanean ari da 2006. urtetik, Euskal Herritik Estatu Batuetara artzaintzan jarduteko emigratu zuten pertsonen bizitza eta ondarea euskal herritarrei ezagutarazteko helburuz.
«Haiek idatzi zutelako, eta haien ondorengoek ere idazten jarraitzen dutelako, nekez eta ahaleginez, gure herriaren historiaren zati garrantzitsu bat, Ameriketan euskal kulturaren eta hizkuntzaren igorle bihurtu zirelarik», azaldu du SAFen presidenteak.
Era berean, Mireia Zaratek esan du «Euskal Artzainak Ameriketan elkarteak lan bikaina egiten duela Euskal Herritik joandako artzainen bizitzak, istorioak, argazkiak, dokumentazioa, idatziak eta ikus-entzunezkoak biltzen. Azken batean, etorkin joandako artzain haien ondorengoetako batek, Robert Laxaltek, ‘sweet promised land’ izendatu zuen lurralde hartan utzitako euskal aztarna».
Armando Llanos Ortiz de Landaluze ikertzaile eta arkeologo arabarrak ere saria jasoko du datorren urtarrilaren 28an, Sabino Arana Fundazioaren presidentearen eskutik.
Zazpi bat hamarkadatan, ekin eta ekin, historiaurre hurbilaren eta protohistoriaren munduari buruzko ikerketa arkeologikoak egin ditu. Zehazki, landa-ikerketei doakienez, Euskal Herri osoa zeharkatu du, eta aztarnategi ugari aurkitu ditu, bereziki herrixkak.
«Sari hau baliaturik, Sabino Arana Fundazioak aintzatetsi nahi du arkeologiaren eremuan Armando Llanos Ortiz de Landaluze ikertzaile arabarrak egindako lan emankor eta merezimendu handikoa. Armandok gauzatutako landa-lanek eta laborategiko lanek, eta 70 urtez baino denbora luzeagoz gauzatutako azterketa doi-doiek, Kristoren aurreko azken milurtekoan, batez ere, Brontze Aroan eta Burdin Aroan, egungo Arabako lurraldean bizi izan ziren lagunen bizitza eta antolaketa-alderdiak ezagutzeko modua eman digute. Arabako Arkeologia Institutuaren sortzaile eta Joxe Miel Barandiaranen ikasleak euskal kulturarekin engaiatutako lan hori guztia egin du bere lanbide-jardueratik at, hau da, diseinu grafikoan egindako lanez kanpo», nabarmendu du Zaratek.
Entrenatzaile nekaezina: Javier Clemente
Euskal futbolean, entrenatzaileren batek historia egin badu, Javier Clementek egin du. Athletic Cluben azken titulu ofizialen 40. urteurrenean (1983-1984 denboraldiko Liga; 1984ko Errege Kopa eta 1984ko Superkopa) Sabino Arana Fundazioak Javier Clemente Lázaroren ibilbide profesionala gogoratu eta aintzatetsi nahi du. Javier Clementek talde mitiko hura gidatu zuen, eta horri esker, gabarrak Bilboko itsasadarra zeharkatu zuen azken aldiz, oraingoz. Clementek lagundu zuen 80ko hamarkadaren hasieran euskal futbolak izan zuen loriaren arrakasta handitzen hamarkada horretan, Ligako lau titulu eskuratu zirela, bi Errealak eta beste bi Athleticek. Harrobia zer den eta euskal futbolari zer ekartzen dion ondo baino hobeto ezagutzen duen entrenatzailea dugu Clemente», adierazi du Fundazioaren presidenteak.
«Javi Clemente maisua da futbol-kontuetan eta entrenatzaile nekaezin eta ekina bere kirol-ibilbide luze eta arrakastatsu guztian; azken batean, behetik abiatuta, beheko kategorietatik hasita, arrakasta pertsonal eta profesional handiak lor daitezkeelako adibide garbia dugu Javi», azpimarratu du Zaratek.
Sabino Arana Fundazioaren idazkariak, Ignacio Etxeberriak, sarituak aukeratzeko egin den bozketaren prozedura azaldu du. Edizio honetakoa irailaren 6an hasi zen, lehen itzulian, eta Patronatuak azkena eman zion azaroaren 22an egindako bilkuran. Batzar horretan, sarituen behin betiko zerrenda berretsi zen.